#VictoriaEugenia Antzokiaren mendebetea ospatzera goaz

#victoriaeugenia 100 urte

Asteazkena, 2012(e)ko ekaina(r)en 13-(e)an

Donostiako Victoria Eugenia Antzokiak mendeurrena beteko du heldu den uztailaren 20an. Ehun urte ez dira egunero betetzen eta hori ospatu beharra dago. Data esanguratsu hori gerturatzen ari da, eta egun berezi horretarako prestatu dugun egitarauaren berri ematera gatoz. Urte osoan zehar egin dizkiogu keinuak antzokiari, keinu txikiak eta sinbolikoak, baina orain, urtebetzearen egunean, omenaldi berezia egin nahi diogu, eta ekitaldi potoloagoa prestatu dugu. Hiru ekintzetan programatu dugu egitaraua.

Kutxaren Boulevardeko aretoan ikusgai egongo den erakusketa prestatu dugu. Uztailaren 13tik 31ra egongo da zabalik eta bertan antzokiaren ibilbidea jasotzen duten argazkiak, dokumentuak eta bideoak egongo dira. Uztailaren 13an zabalduko da erakusketa eta denak zaudete gonbidatuta bertara gerturatzeko.

Egun handia, baina, uztailaren 20koa izango da, ostiralarekin, gauerdi horretan antzokiak ateak parez pare zabalduko baititu. Heineken Jazzaldian murgilduta egongo gara eta gau magikoa izango da. Gaujazzak aukera emango digu eraikin eder honen bazter eta txoko ezberdinetatik jazzaz gozatzeko, baina aurretik denok elkarrekin topa egingo dugu antzokia zoriontzeko. Gaueko 11:30ak aldera elkartuko gara hemen.

Eta Aste Nagusian ere sorpresak izango ditugu. Abuztuaren 18an, larunbatarekin, ikuskizun piromusikal ederraz gozatu ahal izango dugu Victoria Eugenia Antzokitik. Eta Aste Nagusiaren marko horretan beste ekitaldi bat; abuztuaren 15ean Itzurun konpartsak koreografia berezi bat eskainiko digu erraldoiekin batera Victoria Eugeniako sarrera nagusian, arratsaldeko 18:45ean.

Informazio gehiago: Victoria Eugeniaren mendeurrena prentsa-oharrean (pdf lotura).

Oharra: Mikel Ortegarena da argazkia.

2024 © copyright
  • San Sebastián Donostia 2016
  • Donostiako Udala. Ayuntamiento de San Sebastián
  • donostiakultura.com. San Sebastián: ciudad de la cultura
  • AIETE: Bakearen eta Giza Eskubideen Etxea