Larunbata, 2015(e)ko apirila(r)en 18-(e)an
Oroilorea 1.500.000 lagun inguru hil ziren genozidio armeniarraren mendeurrenaren sinboloa da. Mendeurren hori aurtengo apirilaren 24an oroituko da. Hori dela eta, Giza Eskubideen XIII. Zinemaldiaren barruan, Fatih Akin zinema-zuzendari turkiar alemaniarraren The Cut filma eskainiko da apirilaren 19an, igandea, 19:30ean, Victoria Eugenia Antzokian.
Filma amaitu ondoren mahai-ingurua egongo da. Bertan, José Antonio Gurriarán kazetari eta idazle galiziarrak, Loussik Roumian Espainiako Kontseilu Nazional Armeniarraren kide fundatzaileak eta Ararat Ghukasyan historiagilea eta Ararat elkarte armeniarreko lehendakariak hartuko dute parte.
Aztertu beharreko gaiaren inguruan adituak diren hiru pertsona hauek 1915-1918 urteen artean gertatu zen eta 1923. urtera arte iraun zuen genozidioa aitor dadin aldarrikatzen dute. Garai hartan, Gazte Turkiarrek zuzendutako Otomandar Inperioak, nazioarteko komunitatea Lehen Mundu Gerrari begira zegoela aprobetxatuz, kristau gutxiengo armeniarra kanporatzeko politika sistematikoa gauzatu zuen. Gizonak armada otomandarraren alde borrokatzera edo lan behartuko batailoietan lan egitera behartu zituzten, ondoren exekutatzeko. Gainerakoak –emakumeak, haurrak, gazteak eta adinekoak– kanporatu egin zituzten eta basamortuan barrena "heriotzaren martxak" egitera zigortu zituzten. Gehienak egarriz, gosez, nekatuta, gaixorik edo jasaten zituzten gehiegikeria fisikoen ondorioz hil egiten ziren.