Donostia Kultura
Donostiako Udala

Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian (2016) ekoiztutako hiru film labur proiektatuko dira Buenos Airesen

2017.05.26

Joan den Donostiako Giza Eskubideen 14. Zinemaldian, DSS2016EUk eta Zinemaldiak berak antolatuta egin zen Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiko Nazioarteko Gazte Topaketan parte hartu zuten 30 gazteen lanak maiatzaren 31tik ekainaren 7ra izango den Buenos Airesko Giza Eskubideen 17. Zinemaldiko Eskola Sailean proiektatuko dira.

Giza Eskubideen Zinemaldiko Nazioarteko Gazte Topaketan, 30 gaztek, Euskal Herrikoek, Europako beste herrialde batzuetakoek (Italia, Herbehereak, Alemania, Danimarka eta Polonia) eta Mendebaldeko Saharakoek bost film labur ekoiztu zituzten giza eskubideei lotutako gaiei buruzkoak, SOS Arrazakeriarekin eta Zazpi t'erdi ikus-entzunezko ekoizpen-etxearekin lankidetzan. Film laburrak zinemaldiaren azkeneko egunean estreinatu ziren Antzoki Zaharrean.

Hauek dira Buenos Airesen proiektatuko diren flim laburrak:

Reflections (2016)

Emakumezko etxe-zerbitzarien errealitatea latza da; emakume batzuk, ordea, hasiak dira biltzen beren eskubideen alde borrokatzeko.

Roger (2016)

Kongoko gizon bat da protagonista, duela 3 urte Espainiara migratu zuena errefuxiatu gisa, baina bizitza ez da erraza erbestean.

Tarana (2016)

Lan interesgarria, gure gizartean dauden aurreiritziak ikertzen dituena. Azerbaijaneko emakume baten argazki bat zenbait pertsonari erakusten zaie eta erantzunak behatzen dira. Nor uste duzu dela argazkian ageri den emakumea?

Film laburrak DSS2016EUren Youtube kanalean ikus daitezke: Reflections / Roger / Tarana