Donostia Kultura
Donostiako Udala

Ur-eskubideari buruzko “Saharaz Blai” bideo-lehiaketa urtarrilaren 31 arte

Saharaz Blai

2018.01.18

Gazteei zuzenduta, saria Saharako errefuxiatuen kanpamentuetan aste beteko egonaldia izango da. Saharaz Blai bideo-lehiaketa Arabako SEADen Lagunen Elkarteak antolatu du eta Euskal Herriko zein errefuxiatu sahararren kanpamentuetako 16-25 urte bitarteko gazteei zuzentzen zaie. Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiaren laguntza dauka. Gazteek bizitzarako ezinbesteko ondasun urria den uraren gainean hausnartzea da lehiaketaren helburua.

Ura nork eta nola kudeatzen duen, gure etxeetara zein baldintzatan iristen den, ibai eta itsasoko isuri kutsatzaileekin zer geratzen den, edota, beste gai askoren artean, klima-aldaketari nola eragiten dion. Zeri buruz hausnartu badute parte-hartzaileek. 

Ura edukitzea giza eskubide bat da, baina kutsaduragatik, gerrengatik, klima-aldaketagatik edo lurraldearen okupazioagatik, Mendebaldeko Saharako kasuan bezala, mehatxatuta dagoela ezin ahaztu.

Bideoek gehienez 150 segundo iraun behar dute (bi minutu eta erdi), eta urtarrilaren 31 baino lehen aurkeztu beharko dira ondoko webean: www.saharazblai.org

Sari gisa, irabazleek Tindufeko saharar errefuxiatuen kanpamentuetan aste bete pasako dute Saharako Abidin Kaid Saleh Zinema Eskolako ikasleekin batera.   

Eta Saharako kanpamentuetan ura nola kudeatzen den azalduko duen film labur bat sortuko dute han saritzen dituzten saharar gazteekin batera. Lana apiriliean Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian eta maiatzean FiSahara Zinemaldian eskainiko da. 

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak finantzatuta dago proiektua.