Donostia Kultura
Donostiako Udala

Haur eta gazteek giza eskubideen inguruan eztabaida dezaten Giza Eskubideen 16. Zinemaldiak hiru film eskainiko ditu

Handia

2018.03.01

Hezkuntza zentroei zuzendutako goizeko saioetan, Paddington 2, Paperezko hegazkinak eta Handia pelikulak proiektatuko dira. Izen emate epea zabalik da.

Paddington 2, Paperezko hegazkinak eta Handia izango dira ikusgai. Desberdintasunaren aldeko aitorpena egiten duen azken horrek, 10 sari jaso ditu aurtengo Goya saritan.

Pelikula hauek eskaintzearen helburua da Donostiako ikasleek eskolan giza eskubideen inguruan eztabaida eta sakon dezaten. Horregatik, aurreko urtean bezala, hiru pelikula hauek Ikertzek prestatutako gida didaktiko batekin osatuko dira. Era honetan, 16. edizio honetarako hautatutako pelikuletan aipatzen diren gaiak zinemara joan aurretik eta ondotik, gelan, landuko dituzte.

Iaz, 4.000 ikasle baino gehiagok parte hartu zuten.

Euskaraz izango dira emanaldi guztiak eta aipatutako gida didaktikoei esker, haurrek desberdintasunaren alde, on izatearen indarra edota ametsak betetzeak balio duenaren inguruan kontzientziatu eta sentsibilizatu ahal izango dira.

Victoria Eugenia Antzokian goizeko 10:00etan izango dira saioak, eta ikasleek euro bana ordaindu beharko dute saiora joateko.

Proiekzio egutegia honako hau da:

Paddington 2 (104 min)

Noiz: Apirilak 16, 17 eta 24

Adina: 6 eta 8 urte artean

Brown familiarekin bizi da Paddington, Londoneko Windsor Gardens-en. Bizilagunen artean ezaguna da eta alaitasuna nonahi zabaltzen du. Ehun urte beteko dituen izeba Lucirentzat opari aproposa bilatzen ari denean, liburu berezi bat aurkituko du denda batean. Hura erosi aurretik, liburua lapurtuko dute eta Paddingtonek eta Browndarrek lapurra nor den ageria utziko dute.

Paperezko hegazkinak (96 min)

Noiz: Apirilak 19 eta 26

Adina: 9 eta 12 urte artean

Dylanen istorio hunkigarria kontatzen du filmak. Hamaika urteko mutila Australian bizi da, aitarekin. Aitak, alargundu zenetik, ezin du semearekin garai bateko erlazioa berreskuratu, emaztearen galera gainditzerik ez baitu. Dylan, berriz, hegan egiten duten objektuetan, bere pasioan, murgiltzen da. Orduak pasatzen ditu paperezko hegazkinak hegan egiten; bere ametsa, egunen batean, egi bihurtuko delakoan: Japoniako Paperezko Hegazkinen Munduko Txapelketan parte hartzea.

Handia (114 min.)

* 10 Goya sari

Noiz: Apirilak 20

Adina: 13 urtetik aurrera

Lehen Karlistaldian borrokatu ostean, Martin etxera itzuliko da. Harrituta, Joakin anaia ohi baino askoz handiagoa dela aurkituko du. Lurreko gizon handiena ikusteko edonork ordaindu nahi izango duelakoan, Europan zehar bidaia luze bati ekingo diote bi anaiek. Bidean, anbizioak, diruak eta ospeak betirako aldatuko dute familiaren patua. Benetako gertakarietan oinarritutako istorio bat.

Izenemateko orria