Donostia Kultura
Donostiako Udala

30 film luze, 23 film labur, 4 erakusketa eta hainbat jarduera Donostiako 16. Giza Eskubideen Zinemaldian

L'Atelier

2018.04.12

Petra Volpe suitzarrak zuzendutako El orden divino (Die göttliche Ordnung, 2017) filmak emango dio hasiera Donostiako Udalaren Giza Eskubideen Sailak eta Donostia Kulturak antolatutako Donostiako Giza Eskubideen 16. Zinemaldiari datorren apirilaren 20an, Victoria Eugenia Antzokian.

Zinemaldia apirilaren 27an amaituko da Laurent Cantet frantziarraren El taller de escritura (L'Atelier, 2017) filmarekin. Amaiera-ekitaldian, zinemagileak Zinemaldiaren sari berezia jasoko du bere ibilbideagatik.

Zinemaldiak Gipuzkoako Foru Aldundiaren (Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiaren bitartez) eta Eusko Jaurlaritzaren (Bake eta Bizikidetza arloaren bitartez) babesa dauka. Gainera, Euskadiko GGKEen Koordinakundea, CEAR, Unicef, Gehitu, Amnesty International, Acnur, SOS Arrazakeria edo FiSahara bezalako entitateen eta gobernuz kanpoko erakundeen laguntza dauka.

Giza Eskubideen Zinemaldiak hamasei urte bete ditu. Aurten, 31 nazionalitateko 53 film proiektatuko dira guztira (30 film luze eta 23 film labur), eta 4 erakusketa daude programatuta. Halaber, errealitate birtuala eta giza eskubideak konbinatzen dituzten ikus-entzunezko pieza batzuen erakusketa bat, emakumeen salerosketari buruzko hitzaldi bat (dokumentalen zuzendari Mabel Lozanoren eskutik) eta SOS Arrazakeriaren "NoraEZean: Artea, babesleku eta zubi" erakusketaren inguruko hainbat jarduera egingo dira.

Programazio hori, beti bezala, protagonisten, zinemagileen eta landutako gizarte-gaietan adituak diren pertsonen mahai-inguruekin eta ikastetxeentzako goizeko saioekin osatuko da.

Zinemaldia hiriko auzoetara iritsiko da aurten ere, eta doako proiekzioak egingo dira kultur etxeetan. Aurten, gainera, Tabakalerako eskaintza zabaldu egingo da zinema eta argazkigintzako tailer batekin (UBIK liburutegian) eta bi zinema-saiorekin. UPV-EHUren unibertsitate-campusean ere erakusketa bat egingo da.

Eta, hori guztia, xede berarekin: gizateriaren erronka, lorpen eta gabezia handiei buruzko ikuspegi kritiko, askotariko, solidario eta erreibindikatzaile bat eskaini eta sortzea.

Zinemaldiaren helburua honako hau da: giza eskubideen defentsaren eta urraketaren hainbat alderdiren inguruko gogoeta, sentsibilizazioa eta eztabaida bultzatzea, eta justiziarekin eta gizarte-berdintasunarekin konprometitutako herritar aktiboak sustatzen laguntzea.

Bada 22 euroko abonu bat Victoria Eugeniako saio guztiak ikusteko. Abonuak apirilaren 13tik, ostirala, izango dira salgai, Victoria Eugeniako leihatiletan soilik.

Saio bakoitzerako sarrerak egunean bertan jarriko dira salgai, 4,50 euroren truke. Victoria Eugeniako leihatiletan ez ezik Internet bidez ere erosi ahal izango dira saioetarako sarrerak.

Informazio gehiago: Giza Eskubideen 16. Zinemaldia