Donostia Kultura
Donostiako Udala

Laurent Cantet-ek jasoko du Giza Eskubideen 16. Zinemaldiaren Saria

Laurent Cantet

2018.04.27

Laurent Cantet zinegileak jasoko du Donostiako Giza Eskubideen 16. Zinemaldiaren Saria. Sariaren entrega ostiralean, apirilak 27, 20:00etan Victoria Eugenia Antzokian ospatuko den bukaera emanaldian izango da. Gero bere film berriak, L'Atelier (2017), proiektatuko da.

Saria Aitor Mendizabal artista euskaldunaren biktima guztien oroimenezko Oroimena – Memoria izeneko monolitoaren erreplika da.

Laurent Cantet (Melle, 1961) Frantziako azken bi hamarkadetako zinemagilerik garrantzitsuenetako bat da. Haren filmak munduko zinemaldirik ospetsuenetan proiektatu dira, eta askok saria lortu dute. Guztiek Europako egungo obrarik interesgarri eta koherenteetako bat osatzen dute.

Canteten zinema ausarta eta konprometitua da, eta egungo mundua jaso du bere irudietan beti. Canteten filmografian, bakardadea, inkomunikazioa, migrazioak, Europako egungo egoera politikoa, lan-munduko desparekotasunak, terrorismoa eta kultura-aniztasuna lantzen dira hasiera-hasieratik. Horren lekuko ditugu honako hauek: Les Sanguinaires (1997), Ressources humaines (1999) eta L'Emploi du temps (2001) film bortitza.

Vers le sud (2005) filmean XX. mendeko turismora hurbildu ondoren, bere arrakastarik handienetako bat lortu zuen Entre les murs (2008) filmarekin. Filmak Frantziako auzune marjinal batean kokatutako institutu kulturaniztun baten deskribapena egiten du. Nerabe banda bati buruzko Foxfire (2012) filmarekin, 50eko hamarkadako Ameriketako Estatu Batuetara hurbildu zen, eta 7 días en La Habana (2012) film kolektiboan, berriz, Kubara. Ondoren, Retour à Ithaque (2014) filmean, denboraren igarotzeari eta idatzitako bizitzari buruzko gogoeta egin zuen, Leonardo Padurarekin batera.

Azkenik, L'Atelier (2017) filmean (azkena orain arte), gazteen eta hezkuntzaren mundura itzuli da.