Zinea eta giza eskubideen iv. Topaketak.

BURUKO GAIXOTASUNAK ETA GIZARTERATZEA

Mendeetan zehar, ezjakintasunak ez ezik arrazoiaz eta konbentzioez kanpoko diskurtsoek beti eragiten duten beldurrak markatua izan da buruko gaixotasunen pertzepzioa. Gauza aztoragarriek maiz lilura sorrarazten dutenez, buruko gaixotasunak eromenaren eta jenialtasunaren edo eromenaren eta sormenaren artean kokatu izan dira; haatik, ezin saihets daiteke gaixotasunok eta pairatzen dituzten pertsonak ia beti ezkutatuak, gaitzetsiak eta, areago, zigortuak izan direla harik eta psikologiak eta psikiatriak, zientzia medikuen baitan, buruko gaixotasunaren kontzeptua landu duten arte.

Gaur, diagnostiko klinikoa eta farmakologia aurreratzen diren arren, nahiz eta neurozientziak psikologiaren eta psikiatriaren lorpenekin bat egin, buruko gaixotasunek jarraitzen dute izaten osasun publikoan arreta gutxien jasotzen duen arazoa. Eta, hain zuzen ere bere tratamenduagatik beragatik eta pairatzen dituztenen eta haien ingurukoen bizitzan dituen ondorio integralengatik, ez ote luke jaso behar arazo honexek baliabide gehien, apika?

XX. mendean, bigarren erdialdean batez ere, buruko gaixotasunen onarpen sozialean aurrerapauso handiak eman badira ere, esan beharra dago oraindik asko falta dela osasun mentalaren arazoak haien gainean ezarritako destaina eta iritzi ezkorretatik aska daitezen eta, beraz, ikusi nahi ez denaren alde ilunetik atera daitezen.   

Axolagabekeria eta errezeloa nagusi izanagatik ere, ez dago datuak aldatzerik: Osasunaren Mundu Erakundeak dioenez, 400 milioi lagun baino gehiago dira mundu osoan buruko gaixotasun batek edo nahasmendu neurologiko batek jota daudenak.   Eskizofrenia, psikosia, trastorno bipolarra edo depresio mota askotariko edozein dira jende asko eta askoren bizitzaren bidaide. Halako egoerei gaixoek bakarrik aurre egiterik ez dutenez, gainezka egiten diete eta familiartearentzat ere azaro larri bihurtzen dira.

Izan ere, buruko gaixotasunak gainditzeko, lehen lehenik gainditu beharrekoa oraindik dagoen jarrera da, erruaren eta bazterketaren artekoa, jarrera honek estigmatizatu egiten dituelako. Horren ordez, osasun arazo askotariko beste bat bezala tratatu behar dira, bere berezitasunak dituela ere.

Tratamendu egokiaz gain, sendagileen, jendartearen eta erakundeen babesa lortu beharra dago, buruko gaixotasunek jotako pertsonek integratzeko aukera eta behar bezalako bizimodua eraman dezaten, beste edozein gaitzek jotako beste nornahik egiten duen eran.