Zinea eta giza eskubideen iv. Topaketak.

BULLYING

Ikasgelako “hamalau” direla uste dutenen beldurrarazteko eta jazartzeko saioak, tamalez, arruntak izan ohi dira historian zehar.

Psikologiak eta pedagogiak gero eta kezka handiago agertzen dute, bullying delakoa, hots, eskola barneko indarkeria, handitzen den heinean. Hitz hau ingelesezko bully hitzetik eratorria da gurera, “abusatzailea” edo “harroputza” esan nahi baitu. Dan Olweus psikologo suediarra izan zen gaia ikertzen lehena, 1973an, Bergen-go Unibertsitatean.

9 eta 18 urte arteko ikasleek berek aitortzen dutenez, %3,5a erasotzaile dira, eta % 6,5a, eskolako beste ikaskideen biktima. Europan gaur egun nozitzen den eskola barneko indarkeria maila aztertzen duen Tackling Violence in School: The European Approach argitalpenean bildutako datuek behintzat hala adierazten dute.

Bullying esatean ez da ulertu behar bi lagunen arteko borrokarik. Halakoetan nolabaiteko “indar oreka” ematen da, bullying kasuetan inondik inora gertatzen ez dena, talde bat izaten baita ikaskide bat kikilarazten duena, maiztxo gainerako ikaskideak axolagabe direla, edo diruditela. “Talde behatzailea” erasoen lekuko izaten da, deus egiterik edo salatzerik galarazten dion beldurrak hartuta batzuetan. Hortaz, taldekide horiek konplize eta bigarren mailako biktima bihurtzen dira era berean; izan ere, abusatzailearentzat garrantzi handia du inguruan “publikoa edukitzea”.

Erasotzailearen nolakoa aztertzerakoan, aurkitzen da “ospea” bilatzen duen ikasle mota bat, besteak baino gehiago izatearren beldurra eragiten duena, besteak umiliatuz “haizatu” egiten dena. Sarritan, halakoaren baitan bestelako arazoak agertzen dira, hala nola familiakoak, harremanetakoak edo ikasketakoak. Nahikoa arreta ez zaiela eskaintzen sentitzen ahal dute eta, beraz, indarkeria eta mendekotasuna erabiltzen ahal dituzte deigarri suertatu nahian.

Muturreko kasuetan eraso fisikoak ere (bultzatzea, jotzea, lapurtzea edo egin nahi ez den zerbait egitera behartzea) gertatzen diren arren, maiz ahozko erasoen bidez kikilarazten da (ezaugarri fisiko bati lotutako ezizen iraingarriak, edo isekak zuzenean). Bullying-ean, gehienetan agertzen dena indarkeria psikologikoa da, biktimaren oreka eta egonkortasun psikikoa apurtzea bilatzen duen taldeko jazarpenaren bidez.

Desberdintasun fisikoa, edonolako gutxiengo baten kide izatea… zernahi izan daiteke kikilarazteko aitzakia. Nahita bilatutako isiltasuna edo ezaxola ere kaltegarriak dira: ikaskide bati hitza ukatzea edota hari buruzko gezurrak zabaltzea baliatzen ahal dira biktima bakartzeko edo sozialki arbuiatzeko. Askotan, egoeratik ateratzeko indargabetzen dion auto-estimu eskasa eragiten zaio; muturreko kasuetan bere buruaz beste egitera eramaten ahal da. Haatik, nerabezaroan jarrera suizidek ez dute beti bilatzen heriotza. Autolesioak arreta bereganatzea edo ingurukoei errudun sentiaraztea izan dezake xede.

Jokinen kasuak bullyinga gaurkotasun informatiboen agendan ezarri zuen. 2004ko irailaren 21ean, DBH laugarren mailako 14 urteko ikasle Jokin Zeberio hondarribiarrak bere burua bota zuen herriko harresietatik, lehenago bere lagun izandakoen eraso psikiko eta bai fisikoak ere pairatu ondoren, omen. Institutuak Jokinen gelako zortzi ikasle egotzi zituen, erasotzaileen taldeko kideak zirelakoan.
 
Eskola barneko indarkeria ez da ikasleetara mugatzen. Irakasleek ere pairatzen dituzte umilazioak eta jazarpenak. Ikasleek orain ordenagailuak edota telefono mugikorrak eskuragarri dituztenez, ciberbullyinga sortu da: teknologia berriek bestelako dimentsioa eta oihartzuna eman dizkiote eskola barneko indarkeriari.

Gaptel Telekomunikazioen Azterketa eta Prospektiba Taldeak dioenez, Estatuko telefono mugikorren erdiak gazte eta nerabeen eskuetan daude. Gailu horien erdiek bideoak eta argazkiak egiteko balio duten kamerak dituzte; bluetooth teknologia ere badute; beraz, irrati-frekuentzia sistema baten bidez, haririk gabe berehala elkartruka ditzakete soinuak eta irudiak.

Jipoiak filmatzea eta ikasleen artean zabaltzea “moda” oso eskuragarri eta arriskutsua da. Britainia Handiko gazte batzuk eman zioten lehen aldiz “erabilera berria” mugikorrari. Metro eta autobusetako bidaiariei ematen zizkieten zaplaztekoak grabatzen hasi ziren. Kolpetik kolpera, jipoietaraino iritsi (muturreko kasu batean, 37 urteko gizon baten hilketa, eta aurreko jipoia bereziki, telefono mugikor batez grabatu zuten), eta “moda” mugaz muga zabaldu da.Grabaziook ez dute errespetatzen, ez elkarbizitza, ez jazarpena pairatutakoek intimitate, norberaren irudi eta duintasun pertsonalerako duten eskubidea ere.

Giza Eskubideen Aldarrikapena
http://www.unhchr.ch/udhr/lang/bsq.htm

Euskadiko GGKEen Koordinakundea
http://www.ongdeuskadi.org/principal_e.asp

Ikastetxeetan berdinen arteko tratu txarrak gertatzen direnean jarduteko gida
http://www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net/r43-573/eu/contenidos/informacion/dia6_erasoak_agresiones/eu_erasoak/adjuntos/tratu_txarrak_e.pdf

Guía de actuación en los centros educativos ante el maltrato entre iguales
http://www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net/r43-573/es/contenidos/informacion/dia6_erasoak_agresiones/es_erasoak/adjuntos/tratu_txarrak_c.pdf

Ayuda mediante ikasle.net-en bidezko laguntza
http://www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net/r43-573/eu/contenidos/informacion/dif11/eu_5613/dif11_e.html

Descripción del bullying – Fuensanta Cerezo
http://www.acosomoral.org/pdf/fuen.pdf

Un caso de bullying, ¿cómo abordarlo? – Marina Parés Soliva
http://www.acosomoral.org/pdf/cive06.pdf

La violencia de los jóvenes y adolescentes – Begoña Pumar
http://www.axular.net/modulos/usuariosFtp/conexion/archi578A1802200594550.pdf