Zinea eta giza eskubideen iv. Topaketak.

ESTATU TERRORISMOA

“Terrorismo” esamoldea frantsesezko terrorisme (“terrorepea”) hitzetik dator; hain zuzen, Frantziar Iraultza garaian sortu zen, gaur Estatu Terrorismoa deritzogunaren aurrekin gisako egoera batetik. Robespierrek zuzendutako gobernu iraultzaile jakobinoan (1793-1794an), prozesuek behar zuketen mendreeneko bermerik gabe kartzelaratu eta exekutatzen ahal zen oposiziorik txikiena egiten zuen nornahi; hortaz, terminoa Gobernuaren aurkako propaganda modura zabaltzen hasi zen.

Oro har, terrorearen bidez menderatzea da terrorismoa: “Politika helburu bat lortzeko izua sistematikoki erabiltzea" (Hauta Lanerako Hiztegiaren definizioz). Eragilea zein den, terrorismo mota desberdinak bereizten dira: populazio zibil zehatz bati beldurra eragiteko asmoz baliabide ez-legitimoak darabiltzana Estatu bateko gobernua baldin bada, orduan Estatu terrorismoa da. Gobernu askok sistematikoki jo izan dute halakoetara, “Estatu arrazoi” delakoaren izenean jo ere, gizartea meneko izatearren eta beraz helburu estrategikoak (sozialak, politikoak, militarrak etab.) erdiestearren.

Berez, Estatu Terrorismoa ez da identifikatzen erraza, garai historikoen eta zona geografikoen arabera adierazpen ezberdinak izaten ditu eta. Erregimen despotikoen ondoren, historia garaikidean, XX. mendean erabilitako sistemak izan dira forma garatuenak. Adibidez, III. Reich-eko Alemania faxistak 10 milioi lagun hil zituen: haietako 6 milioi Holokaustoan eraildako judutarrak izan ziren. Halaber, demokrazia formalen magalean ere, hainbat erregimen militar edo militartutakok terrorearen praktika hedatu zuten.

Diktadura Militarrak gogor kolpatutako herrialdea izan da Argentina. Mobilizazio sozialen karietara, 1976ko martxoaren 24an Komandanteen Junta Militarrak Isabel Peron agintetik egotzi eta boterea eskuratu zuen, Jorge Rafael Videla Teniente Jenerala presidente izendatu zuela. Halaxe hasi zen, bada, Gobernu berriaren hitzetan, “Berrantolakuntza Nazionalerako Prozesua”.

Gerrillarien ekintzen aurkako erantzunaz dezente harago, Junta Militarrak herritarren partaidetza mota oro suntsitzera zuzendu eta planifikatutako proiektu bat eraman zuen aurrera. Indar sozial, politiko eta sindikal guztien aurka bereizi gabeko errepresio sistematikoa gauzatu zuen. Estatuak erabateko terroreaz azpiratu zuen populazioa, eta “ordena” ezartzeko aitzakiaz ezein ahots disidente isilarazi. Gobernu berriak, besteak beste, aktibitate politiko eta sindikala bertan behera utzi zuen ofizialki, Legebiltzarra disolbatu eta komunikabideak zentsuratu. Halarik ere, ankerkeria eta errepresio guztien gainetik, Argentinako eta mundu osoko oroimen historikoan txertaturik geratutako izugarrikeria kolektibo batena izan da: desagerrarazitako pertsonena.

“Behartutako desagerpena” izan zen Argentinan Gerra Zikineko metodorik anker eta makurrena. Erregimen militarrak “subertsibotzat” jotako pertsona oro bahitu eta zenbaki huts bihurtzen zituen. Atxilotu eta isilpeko 340 zentro baino gehiagoetako batera eramanak ziren; han etengabeko galdeketak, tortura sistematikoak pairatzen zituzten eta, askotan, fusilatuak eta La Plata ibaira egotziak izaten ziren.

1983an, demokrazia berrezarri orduko, CONADEP Pertsonen Desagerpenari buruzko Batzorde Nazionala sortu zen. “Sekula ez berriro” izeneko behin betiko txostenak plan nardagarri hura burutu zuten gobernarien argudioak ukatu ez ezik, baieztatzen du jazarpena ez zela mugatu ekintza bortitzak praktikatzen zituzten organizazioetako kideen aurka aritzera. Halako ekintzetan zerikusirik batere izan ez zuten biktimak milaka dira. 9.000 desagerturen konstantzia badagoen arren, Giza Eskubideen erakundeak 30.000 baino gehiago izan zirela diote, CONADEP-ek berak frogatutzat baitauka ezin konta ahala kasutan ez zela desagerpena salatu. 1994an sinatutako Pertsonen Desagerpen Behartuei buruzko Konbentzio Interramerikarrak gizatasunik gabeko delitu preskribitu ezintzat du desagerpena.

Helduen bahiketari umeen lapurreta gehitu zitzaion. Militarren ustetan desagerrarazitakoen umeek jatorrizko nortasuna galdu behar zutenez, “guraso berri" bilakatutako militarren familien esku uzten zituzten.

Milaka lagunen destinoa oraindik orain enigma bat bada ere, arduradunak guztiz zigorgabetzen zituzten Puntu eta Kito eta Beharrezko Menekotasun Legeak bertan behera uztean kasuak berriro zabaltzen eta krimenak ikertzen hasia da argentinar Justizia. Errepresioak sistematikoki urratu zituen bizitzeko, osotasun pertsonalerako, gizatasunik gabeko baldintzetan atxilotua ez izateko eskubideak.

Maiatzako Plazako Amen buruko zapi zuria Giza Eskubideen aldeko borrokaren sinbolotzat hartzen da mundu osoan.

Giza Eskubideen Aldarrikapena
http://www.unhchr.ch/udhr/lang/bsq.htm

Euskadiko GGKEen Koordinakundea
http://www.ongdeuskadi.org/principal_e.asp

Terrorismo de Estado en Argentina:

http://www.me.gov.ar/efeme/24demarzo/dictadura.html#cabeza

http://www.desaparecidos.org/arg/conadep/