Zinea eta giza eskubideen iv. Topaketak.

HIZKUNTZA MINORIZATUAK

Munduko populazioaren %80a 83 hizkuntza handitan mintzatzen da. Munduan diren 6.000 hizkuntzen %96a gizakien %4ak erabiltzen du. Batez beste bi astean behin desagertzen da hizkuntza bat.

UNESCOren kalkuluen arabera, hizkuntzen erdiak galtzeko arriskuan dira. Horregatik, NBEk 2008 “Hizkuntzen Nazioarteko Urtea” izendatu du, haien dibertsitatea gorde eta sustatzeko, alegia, kultura aniztasuna defenditzeko asmoz.

Planetako hizkuntzen erdiak 8 herrialdetan biltzen dira: Papua Ginea Berrian (832), Indonesian (731), Nigerian (515), Indian (400), Mexikon (295), Kamerunen (286), Australian (268) eta Brasilen (234).
 
Baina, zer esan nahi du hizkuntza gutxituak? Hizkuntzalarien artean halakoak determinatzeko kontzentzurik ez badago ere, or ohar, halakotzat jotzen da Estatuen aldetik babes edo maila “ofizialik” ez duena.

Hainbat azterlanen arabera, Estatu batek hizkuntza bati nolabaiteko estatus ofiziala eman badio ere, baliteke praktikan babesgabe aurkitzea. Beste batzuetan, ofizialtzat jotako hizkuntza batek gutxitua jarrai dezake, bai estatusa berria delako, bai aldez aurretik baztertua egon eta hizkuntza normalizatu bati dagokion egoerara iristerik izan ez duelako.

Badira, gainera, bestelako hizkuntza gutxituak ere: ofizialtasuna mintzatzen den lurralde osora ez baina zati batera mugatua dutenak. Egoera hau Europako hainbat herrialdetan gertatzen da, hala nola alemana Danimarkan eta Italian, edo hungariera Austrian.

Euskara bat dator aipatutako zenbait ezaugarrirekin. Euskaldunak bi Estatutan (Espainian eta Frantzian) eta hiru administraziotan banatzen dira.

Gaur egungo legeen arabera, euskarak Euskal Autonomia Erkidegoan beste inon ez du erabateko estatus ofiziala. Nafarroan ofizialtasuna ez da lurralde osora zabaltzen, hiru zonatan banatua baitago; euskalduna iparraldean, mistoa erdialdean eta ez euskalduna hegoaldean. Azkenik, frantziar lurraldean ez da hizkuntza ofizialtzat hartzen.

2001ean Eusko Jaurlaritzak egindako Euskal Herriko III. Inkesta Soziolinguistikoak erakutsi bezala, egoera arras aldatzen da lurraldeen arabera. Euskaldun gehieneko eskualdeak Nafarroako iparraldea, Iparraldeko barnealdea, Gipuzkoa eta Bizkaiko ekialdea dira. Araba, Bizkaiko mendebaldea, Iparraldeko kostaldea eta Nafarroako hegoaldea euskaldun gutxieneko eskualdeak dira. Hiriburuetan, “gehiengoaren” hizkuntza jaun eta jabe agertzen da, Donostian gutxixeago bada ere. EAEn ia %30a da elebidun, %11a “hartzaile”(hizkuntza ahoz eta idatziz ulertu bai baina erabili ez) eta % 59a gaztelaniazko erdaldun huts.

EAEn Euskararen Normalkuntzarako Legeak 25 urte bete ditu eta hezkuntza eredu elebidunean milaka gazte hezi dira. Horren ondorioz, 2001ean 16 eta 24 urte arteko gazteek osatzen dute sektorerik euskaldunena: %48,5a elebidun da eta %20,2a, elebidun hartzaile.
Biztanle elebidunak gero eta gehiago diren arren, alde handia dago euskararen ezagutzaren eta erabileraren artean. Azpimarratu beharra dago gehien hazi den kolektibo elebiduna funtzional gaztelaniaduna dela: erdaraz maizago eta errazago mintzatzen da. Elebidun funtzional euskalduna, berriz, %8,7ak osatzen du 35 urtetik gorakoen artean, eta %7,5ak 16 eta 35 urte bitartekoen artean.

Hizkuntzak, komunikatzeko tresna ez ezik, taldeen nortasuna finkatzeko ezinbesteko faktore ere badira. Planetan mintzatzen diren hizkuntzen erdiak mende baten buruan desager litezke, eta bizi garen informazioaren aro honetan internet bezalako teknologiek areago dezakete desagertzeko prozesu hau.

Munduko hizkuntzen %90ak ez du agerpenik interneten, eta afrikar hizkuntzen %80ak ez du ezta transkripzio idatzirik ere: hona globalizazioaren beste ondorio bat, hizkuntza batzuen zabalpena erraztu eta gainerakoak “gutxiengo” bilakatzea. Hizkuntzen biziraupena bermatzearren, UNESCOk bizpahiru hizkuntzen ikasketa Lehen Hezkuntzan bertan sustatzeko gomendatzen die estatuei, eta sektore publiko zein pribatuari eskatzen die gehiago inberti dezaten programa informatikoak itzultzeko eta interneterako edukiak latinoaz besteko alfabetoetan agertzeko.

Giza Eskubideen Aldarrikapena
http://www.unhchr.ch/udhr/lang/bsq.htm

Euskadiko GGKEen Koordinakundea
http://www.ongdeuskadi.org/principal_e.asp