Zinea eta giza eskubideen iv. Topaketak.

ALDAKETA KLIMATIKOA

Poloak lurmendu ahala itsasoaren maila igotzen ari da. Era berean, lurra mortu bihurtzeko bidean ari da. Adibide muturrekoenak badira ere, esan beharra dago beroketa globala gizateria osoari axola zaizkion arazo nagusienetako bat dela. Gainera, ekonomikoki garapen gutxieneko eta kutsadura ere gutxieneko herrialdeak dira aldaketa klimatikoaren ondorioak gehien pairatzen ari direnak.

Lurraren tenperatura 0,74 gradu igo da azken mendean, eta batez beste hamarkadako 0,2 igotzen jarraituko duela kalkulatzen da. Artikoan tenperaturak batezbesteko globalaren halako bi igo dira. Lurraren pixkanakako beroketak hausturak erakarri ditu izotzaren azaleran. NASAk zulo handia, kilometro eta erdi baino gehiagokoa, detektatua du Ipar Poloan.

Hiru mila zientifiko biltzen dituen eta bost urtean behin aldaketa klimatikoari buruzko txosten bat prestatzea helburu duen Aldaketa Klimatikoaren Gobernuarteko Panelak iragartzen du itsasoaren maila lau metrotaraino ere igo litekeela mendearen bukaeran. Hala balitz, Bangladesh edo Herbehereak bezalako herrialdeak eta Londres, NewYork eta Tokio bezalako hiriak urpean geratuko lirateke.

Beste muturrean basamortua da. Nazio Batuen Erakundearen arabera, mortu da, edo mortu bidean, lurraren azalaren %41a, alegia, mundu osoan 100 eta 200 milioi bitarte laguni eragiten dio. Hari buru egiteko politika globalak abiarazi ezean, datozen urteetan biztanleen herenak gal litzakete elikagaiak, ura eta bizitzeko beste zerbitzu ezinbesteko batzuk.

Ez dago fenomenoari itzurtzen zaion lurralderik. Gehienbat txirotuenak jotzen dituen arren, Europan eta bere burua garatutzat duten herrialde zenbaitetan ere mortu bidean dira toki batzuk. Afrikan, populazio olde handiak kontinenteko iparrerantz ari dira lekualdatzen, lehorteetatik eta bestelako problemetatik ihesi. NBEren ustez, lurren mortu bilakatzeak ekar dezake 50 milioi lagunen lekualdatzea, bizimodu hobearen bila.

NBEren ikerketen arabera, beroketa globala atzeraezina da, eta giza eraginaren ondorio. Izan ere, giza jarduera (erregaien kontsumoa, nekazaritza intentsiboa, lurraren erabileraren aldaketa, trafikoa eta abar) da berotegi efektuko gasen emisioa areagotzen duena. Beraz, lurra berotu egiten da. Komunitate zientifiko gehienak ez du ontzat hartzen “kosmoklimatologia” delako tesia, beroketa globala eguzki zikloen prozesu naturalaren ondorio dela dioena. Azken honen azterketen arabera, eguzki zikloak matematikoak dira eta glaziazio txiki baten atarian gaude. 24. eguzki zikloa 2012an hasiko litzateke eta glaziazioaren gailurra 2080 irian joko luke.

Estatuko Gobernuak eskatutako aldaketa klimatikoari buruzko adituen txosten batek iragartzen duenez, Kantauriko kostaldea “mediterraniar” egingo da eta itsasoak hondartzen zati bat “irentsiko” du. Iberiar Penintsulako hegoaldea basamortu izango da. Animalia eta landareen hainbat espezie desagertuko da. Kutsadura eta klima subtropikalei lotutako gaixotasun berriak pairatuko ditugu. Hitz batean, “afrikartuko gara”.

Aspaldi honetan bakanetan aipatzen den gaia ere ezin ahaztu: ozono geruzaren narriatzea. Berak babesten gaitu eguzkiari darizkion izpi ultramoreetatik. Gure osasunarentzat kaltegarri diren irradiazioak, besteren artean larruazaleko minbizia eragin dezaketenak, iragazten ditu.

1997an Kioto hirian herrialde industrializatuek berotegi efektuko gasak murrizteko neurri sorta betetzeko konpromisoa hartu zuten. Kiotoko Protokoloa sinatu zuten gobernuek 2008 eta 2012 bitartean gas kutsagarrien emisioak batez beste %5ean murriztea hitzartu zuten, 1990eko mailak erreferentziatzat hartuta. Ezinezkoa dirudi nazioarteko komunitateak beteko duenik Kioton hitzartua.

2007ko abenduan Balin Klimari buruzko Gailurra ospatu zen. Ez da konpromiso sendorik hartu, baina bai beroketaren aurkako adostasun berri batera iristeko oinarriak, 2013tik aurrera Kiotokoa ordeztuko duen ituna diseinatzeko bide direnak. Adostutakoaren arabera, herri txirotuenei lagunduko zaie oihangabetzea ekiditearren; ordainetan, “garapen bideko” herrialdeek, (Txina, Brasil, India eta Indonesia barne) berotegi efektuko gasen emisioa murriztuko dute, eta Estatu Batuak, hots, Kiotoko protokoloa sinatu ez zuen herrialderik kutsakorrena, emisioak murrizteko prest agertu da.

Hurbilago, Donostiako Udalak, Aldaketa Klimatikoa Borrokatzeko Planaren bitartez, helburutzat du CO2ren emisioa 213.321 tonatan murriztea 2008-2013 tartean, alegia, planak indarrean dirauen bosturtekoan. Horren arabera, 35.553 tona urteko. Garraio publikoa sustatzea, hirigunean oinezkoentzat ez beste inorentzat zonak sortzea edo birziklatzea, konpost egitea eta energia berriztagarriak bultzatzea dira berotegi efektuko gasen emisioa murrizteko neurri batzuk.

Kontua da energia ez kutsagarriak eta berriztagarriak garatzea. Trafikoa beltzunetako bat da. Europar Batasuneko berotegi efektuko gasen emisioaren bosten bat inguru garraioari dagokio, eta horietan %90ean, errepideko trafikoari. Europak aitzindari agertu nahi du aldaketa klimatikoaren aurkako borrokan. Hartara, Batasunak, Batzordeak eta Legebiltzarrak batasun esparru osoan bete beharreko mugak ezarri dituzte, adibidez, auto berrien batezbesteko emisioa 120 gramo karbono dioxido kilometroko ezartzea 2012tik aurrera.

Giza Eskubideen Aldarrikapena
http://www.unhchr.ch/udhr/lang/bsq.htm

Euskadiko GGKEen Koordinakundea
http://www.ongdeuskadi.org/principal_e.asp

Informe sobre cambio climático en España realizado a petición del Presidente de Gobierno
http://www.mma.es/secciones/cambio_climatico/pdf/ad_hoc_resumen.pdf

Protocolo de Kioto
http://archivo.greenpeace.org/Clima/Prokioto.htm

Cumbre del Clima (Bali 2007)
http://www.greenpeace.org/espana/news/la-cumbre-del-clima-de-bali-se

Klimaren bilakaera – Joana Mendiburu
http://www.zientzia.net/dossierra.asp?Id=81&Dossier_kod=12&Orr=0