Zinea eta giza eskubideen iv. Topaketak.

TERRORISMOA

“Terrorismo” esamoldea frantsesezko terrorisme (“terrorepean”) hitzetik dator. Izan ere, Frantziar Iraultza garaian sortu zen: Robespierrek zuzendutako gobernu iraultzaile jakobinoan (1793-1794) edozein oposizio egiten zutenak prozesuek behar zuketen mendreeneko bermerik gabe kartzelaratu eta exekutatzen ziren; hortaz, terminoa Gobernuaren aurkako propaganda gisa zabaltzen hasi zen.

Bi mende geroago “terrorismo” hitzak, tamalez, bizi-bizi dirau, eta oro har terrore bidezko mendekotasuna definitzen du: “Politika helburu bat lortzeko izua sistematikoki erabiltzea" (Hauta Lanerako Hiztegiaren definizioz). Espainiar Hizkuntzaren Akademiako Hiztegiak hogeita hirugarren edizioan aurreratzen duen definizioa are zehatzagoa da: “Antolatutako banden ekintza kriminal etengabea, eta normalean indiskriminatua, helburu politikoekin gizartea alarmatzea xede duena". Bahiketa, tortura, mehatxua, ondasun materialen aurkako erasoak, hilketak eta abar ekintza terroristatzat hartzen dira.

Euskadi Ta Askatasuna (ETA) Espainiar Estatuan diktadura frankistaren garaian sortu zen. Bere helburuak, Euskadiren independentzia nagusiki, lortzeko terrorismoa erabiltzen duen erakunde bat da. 40 urte luzeetan, berariaz hautatu edo era indiskriminatuan, gizarte arlo oso desberdinetako 800 lagun baino gehiago hil ditu, armadako eta Estatuko segurtasun indarretako kideak nahiz zibilak: epaileak, politikoak, abokatuak, kazetariak, turistak, haurrak eta erakunde terroristako kide ohiak berak ere.

80ko urteetan Grupos Antiterroristas de Liberación (GAL) delakoa sortu zen, ustez ETAren eta bere inguruaren aurka jotzearren. 27 hilketa, bahiketa, tortura eta abar eragin zituen. Biktima askok ez zuten ETArekin inolako zerikusirik. Espainian “guda zikina” izenez ezagutzen den garaian jardun zuen.

Populazio zibilaren alderdi zehatz bati beldurra eragiteko Gobernu batek zilegitasun gabeko bitartekoak erabiltzea Estatu terrorismoa deritza. Gobernu askok gisa hartara jokatu dute bere helburu estrategikoak (sozialak, politikoak, militarrak etab.) lortzearren, “Estatu arrazoi” delakoaren izenean, jokatu eta zuritu ere. III Reich-eko Alemaniak 10 milioi lagun hil zituen, haietako 6 milioi juduak zirela, Holokaustoan. Kondor Operazioa izenaren pean, 1970eko hamarkadan AEBetako laguntzaz Amerikako Hego Konoko diktadura militarrek gauzatutako lan koordinatuak 50.000 hildako, 30.000 desagertu eta 400.000 preso eragin zituen. Txilen eta Argentinan bereziki ankerra izan zen.

Gaur egun, israeldarren eta palestinarren arteko gatazka da mingarrienetako eta korapilatsuenetako bat. Bertan mota desberdinetako terrorismoak nahasi izanak balizko irtenbide partekatu bat bilatzea zailagotu besterik ez du egiten.
Nazioarteko terrorismoa eskualde osoen edo, areago, mundu osoaren aginte-egiturak desorekatzeko asmoz erabiltzen da. Helburua lortzearren, ekintza terroristek toki eta egoera desberdin ugarietan kolpatzen dute.

2001eko irailaren 11n, terrorista islamistek lau bidaiari-hegazkin bahitu zituzten, eta haietako bi New Yorkeko World Trade Center-eko Dorre bikien kontra joarazi. Hirugarren hegazkin bat AEBetako Defentsa Departamenduko Pentagonoaren kontra abailarazi zuten; laugarrena Pennsylvaniako zelai batean erori zen.

Estatu Batuetako bihotz ekonomiko eta finantzarioaren aurkako atentatu haren ondoren, mendebaldar hiritarren beldurra eta segurtasun gabeziaren sentsazioa ikaragarri areagotu da. Harrez geroztik nazioarteko terrorismoa munduko ordenaren kezkabide handienetako bat da. “Terrorearen aurkako guda” delakoa giza eskubide eta askatasun ugariren murriztea erakarri du. Estatu Batuek Guantanamon (Kuban) duen base militarrak laburbiltzen du giza eskubideen urraketa berria. Karibeko uharte hartan ehunka lagunek jarraitzen dute, inolako kargurik leporatu gabe, epaiketa zuzenik inolako itxaropenik gabe eta torturak eta bestelako tratu txarrak pairatuz.

Giza Eskubideen Aldarrikapena
http://www.unhchr.ch/udhr/lang/bsq.htm

Euskadiko GGKEen Koordinakundea
http://www.ongdeuskadi.org/principal_e.asp