Donostiako Okendo plazan egongo da ikusgai apirilaren 1tik 18a arte
Nazioarteko Amnistiak Okupatutako Lurralde Paslestinarretan giza eskubideen urraketei eta Gazako blokeoari buruzko argazki erakusketa bat ekoiztu du. Donostiako Okendo plazan egongo da ikusgai apirilaren 1tik 18a arte Giza Eskubideen IX. Zinemaldian.
Ekialde Hurbileko gatazka etengabeko giza eskubideen urraketa iturri bat da. Gazako zerrendako egoera bereziki larria da. Bertan, blokeoak aurrekaririk gabeko hondamendi humanitario bat eragin du eta han bizi diren milioi eta erdi lagunentzako zigor kolektibo bat da.
Bai Zisjordanian zein Ekialdeko Jerusalenen palestinarren etxeen eraispen eta behartutako lekualdatze politikak aplikatzen dira. Aldi berean, haien ereiteko zelaiak, ur instalazioak eta beste zenbait ondasun suntsitzen dira. Gainera, bi guneetan aurrera diraute israeldar kolonoen legez kanpoko finkatzeek, bai eta gehienik palestinar lurrak igarotzen dituen 700 kilometroko hesi-hormaren eraikuntzak ere.
Israelgo armadak zirkulazio-askatasunari ezarritako murrizketek efektu suntsitzaileak dituzte palestinar biztanlegoarengan. Pobrezia eta langabezia sortzen dute eta hezkuntza eta osasun zentroetan sarrera oztopatzen dute. Era berean dira kezkagarriak palestinar talde armatuek burutzen dituzten atentatuak.
Erakusketa hau Giza Eskubideen IX. Zinemaldiaren Beste Ekintzen programazioaren barruan dago, Donostiako Udalak, Bakearen eta Giza Eskubideen Etxearen bitartez, eta Donostia Kulturak antolatuta.
Hermano (2010) film venezuelarrak, Marcel Rasquinek zuzenduak, emango dio hasiera apirilaren 8an Victoria Eugenia Antzokian Donostiako Giza Eskubideen IX. Zinemaldiari.
8 egunez, Victoria Eugenia Antzokia izango da Zinemaldiaren eszenatoki nagusia. Bertan, berrogei bat film proiektatuko dira, film luze eta laburrak, eta lehian arituko dira ematen diren 3 sari hauek zeinek lortuko: Publikoaren Saria Film Luze Onenari, Gazte Epaimahaiaren Saria Film Labur Onenari eta Nazioarteko Amnistia Saria Film Luze Onenari.
Urtero bezala, beste zenbait jarduerak osatuko dute Zinemaldiaren programazioa: bost erakusketa, dantza, antzerkia eta musika zine programazioaren osagarri eta hiriko eszenatoki desberdinetan.
Hermano filma, Huelvako Zinemaldi Iberoamerikarraren aurreko edizioan Film Luze Onenaren Urrezko Colon sariaren irabazle, izango da zinearen eta beste arte batzuen bitartez planeta osoan giza eskubideei egiten zaizkien urraketen inguruan ikusleak kontzientziatu eta sentsibilizatzea helburu duen Zinemaldi honi hasiera emango diona. (Jarraitu irakurtzen)
Donostiak eta Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoak beste urrats bat egin dute adiskidetasunean eta giza eskubideen defentsaren aldeko konpromisoan oinarritutako elkarren arteko harremanetan; izan ere, berriz ere senidetu dira, oraingoan zinemaren bitartez.
Donostiako Alkate Odón Elorzak, SEADn (Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa) Kultura ministro Jadiya Hamdi andreak eta CEAS erakundearen (Sahararen aldeko Elkarteen Estatuko Koordinakundea) kidea Josu Ozcozek, Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiaren eta FiSAHARAren arteko senidetze-akordioa sinatu dute.
Akordio horren helburua bi zinemaldi horiek baterako ekimenak egitea da, beren arteko harremanak indartu, Mendebaldeko Saharako herriaren kausaren alde egin eta biztanleria giza eskubideen urraketei buruz kontzientziatzearren, batez ere erbestean dauden Mendebaldeko sahararrek jasaten dituzten urraketei dagokienez.
Hitzarmen horren bitartez, Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiak aholkuak eta laguntza emango dizkio FiSAHARARI, baita haren berri zabaldu ere, bai zinemaldi horren programazioari, bai komunikazio-plataformei dagokienez. Horrez gain, Mendebaldeko Sahararekin eta hango zinemaldiarekin lotura duten erakusketa, film eta berriak mundu osoan ezagutzea erraztuko du.
Hain zuzen ere, errefuxiatu-esparru batean –Tinduf-en (Aljeria) zehazki– egiten den munduko zinemaldi bakarraren berri zabaltzea sustatuko du, Human Rights Film Network (HRFN) sarearen bitartez. Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldia, Donostiako Udalaren Giza Eskubideen Arloak eta Donostia Kulturak antolatzen dutena, nazioarteko sare horren –giza eskubideei buruzko zinemaldi nagusiak biltzen ditu– zati den estatuko giza eskubideei buruzko zinemaldi bakarra da.
Donostiako Giza Eskubideen IX. Zinemaldiaren kartela (2011ko apirilak 8-15), aurreko urteetan bezala, Ytantos diseinu-estudioak egin du. Argazkia, Zinemaldiaren azken edizioetan bezalaxe, Jotta (Sisustudio) etxeak egin du.
Kartelaren irudian, Lur planeta zukua aterata ageri da, batetik, gure planetan egunero milioika gizaki esplotatzen dituztela adierazteko eta, bestetik, bertako baliabide naturalak ere ustiatu egiten direla eta batzuk agortzen hasiak direla gogorarazteko. Lurra eta bertako biztanle nahiz mendi eta itsasoak odolustu egiten dira egunero, eta, bira bakoitzaren ondoren, haien gainazala pixka bat gehiago lehortzen da.
Hurrengo urtean, Donostiako Giza Eskubideen bederatzigarren Zinemaldiak ateak eta pantailak zabalduko ditu mundu osoan gertatzen diren giza baliabideen askotariko urraketen aurrean beste alde batera begiratzen dutenen kontzientziari eragiteari eustearren. Horren bidez, zinemaldiak bat egiten du Donostiak, giza eskubideei dagokienez, duen asmoarekin: gure hirian egiten diren proiektu eta jardun guzti-guztiek helburu berbera izatea, giza eskubideak eta bake-kultura balia daitezen erraztu eta sustatzea, hain zuzen ere.