Giza Eskubideen Zinemaldiko logotipoa
Giza Eskubideen Zinemaldia
  • Hemen zaude:
  • Hasiera
  • Berriak
  • “Hermano” film venezuelarrak emango dio hasiera apirilaren 8an Giza Eskubideen IX. Zinemaldiari

Berriak

“Hermano” film venezuelarrak emango dio hasiera apirilaren 8an Giza Eskubideen IX. Zinemaldiari

Fotograma de la película hermanoHermano (2010) film venezuelarrak, Marcel Rasquinek zuzenduak, emango dio hasiera apirilaren 8an Victoria Eugenia Antzokian Donostiako Giza Eskubideen IX. Zinemaldiari.

8 egunez, Victoria Eugenia Antzokia izango da Zinemaldiaren eszenatoki nagusia. Bertan, berrogei bat film proiektatuko dira, film luze eta laburrak, eta lehian arituko dira ematen diren 3 sari hauek zeinek lortuko: Publikoaren Saria Film Luze Onenari, Gazte Epaimahaiaren Saria Film Labur Onenari eta Nazioarteko Amnistia Saria Film Luze Onenari.

Urtero bezala, beste zenbait jarduerak osatuko dute Zinemaldiaren programazioa: bost erakusketa, dantza, antzerkia eta musika zine programazioaren osagarri eta hiriko eszenatoki desberdinetan.

Hermano filma, Huelvako Zinemaldi Iberoamerikarraren aurreko edizioan Film Luze Onenaren Urrezko Colon sariaren irabazle, izango da zinearen eta beste arte batzuen bitartez planeta osoan giza eskubideei egiten zaizkien urraketen inguruan ikusleak kontzientziatu eta sentsibilizatzea helburu duen Zinemaldi honi hasiera emango diona.


HAUR ETA GAZTEAK: “BABES GEHIAGO, INDARKERIA GUTXIAGO”
HERMANO (2010). Marcel Rasquin. Venezuela

Beisbola nagusi den herrialde batean, bi anaia borrokan ari dira munduko leku arriskutsuenetik… ostikoka ihes egiteko. Daniel aparteko aurrelaria da. Julio bere taldeko burua da, aitzindari izateko jaioa. Elkarrekin hazitako anaiak dira eta La Ceniza izeneko euren auzo txikian jolasten dute futbolean. Danielek maila profesionalean jokatu nahi du nola edo ahala, Juliok zikin irabazitako diruarekin familia mantentzen duen bitartean: hark ez du amets egiteko astirik. Talentuen bila dabilen batek hiriko talde ospetsu batean, Caracas F.C.-n, proba batzuk egitera gonbidatzen dituenean iritsiko zaie bizitzako aukera. Une horretan, ordea, tragedia batek astinduko ditu eta, ostikoka eta lurrezko kantxa baten gainean, garrantzitsuena zer den erabaki beharko dute: familia elkartuta edukitzea, mendekuak eman dezakeen atsegina edo euren bizitzako ametsa.

Venezuelan honela diote: “Oinekin hondatzen dugu eskuekin egiten duguna”. Iritsi da oinekin eraikitzeko garaia.


Sail Ofizialeko Film Luzeen Aurrerapena

Ondorengoak ditugu zinemaldian aurten emango diren beste film batzuk:

NAZIOARTEKO BAKE INDARREN GEHIEGIKERIAK
ARMADILLO (2010). Janus Metz. Danimarka

2009ko otsailean, daniar soldadu gazte batzuk, Janus Metz dokumentalistak eta talde txiki batek lagunduta, haien aurreneko misioa betetzera bidali dituzte: Armadillo kanpamentua, Helmand probintzian, Afganistanen, talibanen posizioetatik kilometro eskas batera. Bertako biztanleei laguntzeko daude han; egoera konplikatzen hasia denean, ordea, soldaduak zinikoago bihurtzen dira, lurralde harekin eta hango biztanleekin ia batere zerikusirik ez dutela jabetu ahala. Etsipena, paranoia, mesfidantza, alienazioa... dira han egingo duten sei hilabeteko egonaldiak eragindako sentimenduetako batzuk. Armadillo XXI. mendeko soldadu baten adimenera egindako bidaia berezia da baita zentzurik ez duen gerra baten kontakizuna ere, taliban talde batekin izandako tiroketa batean soldadu batzuen jarreraren ondorioz euren herrialdean izugarrizko polemika sorrarazi zuen gerrarena.

MINUSBALIOTASUNA ETA ARTEA
BENDA BILILI! (2010). Renaud Barret, Florent de La Tullaye. Frantzia

Rickyk hau du amets: bere taldea, Staff Benda Bilili, Kinshasako (Kongo) onena izatea. Roger kalekumeak ghettoko izar horiekin elkartu nahi du. Eurentzat propio diseinatutako trizikloez mugitzen dira, taldeko kide guztiek minusbaliotasun fisikoren bat baitute poliomielitisak eraginda. Elkarrekin gainditu behar izango dituzte kaleetako desnibelak eta elkarren ondoan egon eta indarra eta itxaropena musikan aurkitu beharko dituzte aurrera jarraitu ahal izateko. Benda bilili! (“itxuretatik harago”) bost urtez izango dute atzean, aurreneko diskoa grabatzea lortzen dutenetik Europan zehar egingo duten kontzertuen bira arrakastatsuraino. Errealitate bihurtzen den amets baten istorioa da hau.

BALKANETAKO BIZIKIDETZA ETENDA
CIRKUS COLUMBIA (2010). Danis Tanovic. Frantzia-Bosnia/Herzegovina-Erresuma Batua-Alemania-Eslovenia-Belgika

Bosnia-Herzegovina, 1991. Komunistek boterea galdu dute eta Divko Buntic hazi izan zen herrira itzuli da bere familiaren etxea erreklamatzera. 20 urtez Alemanian atzerriratuta egon ondoren, bere luxuzko Mercedes autoan agertu da Divko, neska-lagun Azra gaztearekin, Bonny zorioneko katu beltzarekin eta poltsikoak marko alemanez beteta dituela. Divko bere emazte Lucijarengandik bananduta dago, eta hark etxea utzarazteko erabiliko ditu duen dirua eta harremanak, baina ahalegin guztiak ere egingo ditu bere seme Martinekin berriro elkartzeko. Herriko jende gehienak itxuraz ez ditu istilu politikoen zurrumurruak aintzat hartzen: Kroaziak independentzia lortu du, jugoslaviar guztiak jarreraren bat hartu beharrean daude eta serbiarrak hasiak dira Dubrovnik bonbardatzen. Gerra baten sorrera, Danis Tanovicek, No Man’s Land (2001), L’enfer (2005) eta Triage (2009) filmen zuzendariak kontatuta.

ZABOR HIPOTEKAK ETA KRISIA
CLEVELAND VS. WALL STREET (2010). Jean-Stéphane Bron. Frantzia-Suitza

2008ko urtarrilaren 11n, Cleveland hiriak, Josh Cohen abokatuak ordezkatuta, 21 banketxe demandatu ditu, hiria suntsituta utzi duen bahikuntza inmobiliarioaren erantzule direla leporatuz. Egun horretatik aurrera, Wall Street-eko erakunde finantzario handiak kasua auzitegietara iristea eragozten saiatzen ari dira. Pelikula hau beharbada inoiz egingo ez den epaiketa baten historia da, eta bertan dena da benetakoa, parte-hartzaileak eta haien testigantzak barne: epailea, abokatuak, lekukoak, baita auzitegiko kideak ere... Lekukoen deklarazioekin, pausoz pauso joango da argitzen subprime kredituek (“zabor hipotekak” ere deitzen zaienak) funtzionatzen duten modua, azken urteotan munduko ekonomia hankaz gora jarri duten kreditu hipotekarioek, alegia. Kapitalismoari eta egungo krisialdi ekonomikoari buruzko alegia unibertsala.

REPRESIÓN AL PUEBLO GITANO
LIBERTÉ (2009). Tony Gatlif. Frantzia

Théodore albaitaria eta Bigarren Mundu Gerran okupatutako Frantziako herri txiki bateko alkatea da eta Claude hartu du bere etxean, gurasoak desagertu zaizkion bederatzi urteko mutikoa, mahats bilketara etorritako ijito talde batekin batera iritsia. Egoera ez da batere ona haientzat, Vichyko gobernuak herrialdetik pertsonak aske mugitzeko ezarritako debekuaren ondoren, Gestapo atzean dutela kontuan hartuta gainera. Théodorek bere familiaren lursail bat uzten die bertan geratzeko, lekuko jende asko kontra egon arren. Ijitoen izaera nomada da, ordea. Ijitoen kronista “ofizial” Tony Gatlifen azkeneko filma da hau, zinemaldi nagusienetan hogei bat urtez hainbat pelikula proiektatzen diharduen zuzendariarena, besteren artean aipatzekoak izanik Latcho Drom (1993), Gadjo dilo (1997), Exils (2004) edo Transylvania (2006).

MEMORIA HISTORIKOA ETA ADISKIDETZE NAZIONALA
NOSTALGIA DE LA LUZ (2010). Patricio Guzmán. Frantzia-Alemania-Txile

Zeruaren eta lurraren arteko distantziari, argiaren eta gizakien arteko distantziari eta euren artean sortzen diren misteriozko joan-etorriei buruzko filma. Hiru mila metroko altueran, munduko bazter guztietatik etorritako astronomoak Atacamako basamortuan bildu dira Txileko iparraldean izarrak behatzeko. Bertako zerua garden-gardena da eta horrek unibertsoaren mugaldea ere ikusteko aukera ematen die. Behean, lurzoruaren lehortasunak bere horretan, osorik, mantentzen ditu giza gorpuak: momiak, esploratzaileak, meatzariak, indigenak eta diktadurako preso politikoen hezurdurak. Astronomoak Lurraz haraindiko biziaren bila dabiltzan bitartean, emakume talde bat bertako harriak mugitzen ari da: senideen bila dabiltza. Patricio Guzmán dokumentalista txiletar gailenaren lan berria, besteren artean film nabarmen hauen egilearena: La batalla de Chile (1977-1980) trilogia, Chile, la memoria obstinada (1997) eta Salvador Allende (2004).

ZANPATEKOA HERRI BORONDATEARI ETA EGIA ARGITZEKO ESKUBIDEA
POST MORTEM (2010). Pablo Larraín. Txile-Mexiko-Alemania

Mario Cornejok gorputegian lan egiten du. Eskribaua da bertan, auzitegiko medikuek egindako autopsien txostenak idazten diharduena. 1973ko Estatu kolpearen inguruko egunetan amodiozko istorio bat izango du bere bizilagun Nancyrekin: Bim Bam Bum kabareteko dantzaria, irailaren 11n desagertua. Armadak emakumearen etxea bortizki miatu ondoren, haren anaia eta aita, komunista ezaguna eta Salvador Allenderen jarraitzailea, bahitu egin dituztela jakingo du. Pablo Larraín txiletarraren hirugarren film luzea, besteak beste honako hauek zuzendu izan dituena: Fuga (2005) eta Tony Manero (2008), Veneziako Zinemaldiaren joan den edizioan aurkeztua.

KOMUNIKABIDEAK ETA INTERES POLITIKOAK
VIDEOCRACY (2009). Erik Gandini. Suedia-Danimarka-Erresuma Batua-Finlandia

Italian, azken 30 urteetan, gizon bakar batek kontrolatu du imajina. Silvio Berlusconi lehendakari eta handikiak Italian lehendik inoiz ikusi ez bezala eragin izan du bertako telebista komertzialaren edukian. Telebistako kanalak, arropa arinez jantzitako neska gaztetxoekin, haren zaletasun eta nortasunaren isla dira askorentzat. Dokumental honetan, Erik Gandini italiarrak azken hiru hamarkadetan Alpeez bestaldekoek jasan behar izan dituzten telebistako esperimentu baten ondorioak azaltzen dizkigu, nazioko komunikabideen esfera boteretsuenetara heltzea lortuz. Italiako “tele-errepublikaren” errealitate ikaragarritik sortutako ezohiko istorioa dugu hau.

DESCOLONIZACIÓN O NEOCOLONIZACIÓN
WHITE MATERIAL (2010). Claire Denis. Frantzia

Afrikako herrialde batean, iraultza baten erdian, soldadu asaldariek eta gobernuko tropek inguratuta, hiru belaunaldiz familia zuri baten jabetzakoa den kafe sail bat dago. Marie da arduraduna, eta ez du bertatik alde egiteko asmorik. Berarentzat amore ematea esan nahi du horrek, ahultasun eta uzkurtasun seinale. Hortaz, bere erabakiari irmo eutsi nahi dio. Baina senar ohiak beste plan batzuk ditu guztientzat eta kafe soroarentzat. Indarkeria nonahi sumatzen da inguruan, edozein momentutan eztanda egiteko prest. Claire Denis zinegile frantsesaren azkeneko filma, Europako zinemaldi nagusietan ohikoa, besteren artean Beau travail (1999), Trouble Every Day (2001) edo L'intrus (2004) filmak aurkeztuz.