Giza Eskubideen Zinemaldiko logotipoa
Giza Eskubideen Zinemaldia
  • Hemen zaude:
  • Hasiera
  • Gaiak
  • ZABOR HIPOTEKAK ETA KRISIA

ZABOR HIPOTEKAK ETA KRISIA

2007an Estatu Batuetako bankuek aitortu zutenez, 6 milioi kreditu zituzten berandutza egoeran subprime edo zabor hipotekak deritzan horiek ez ordaintzeagatik. Aurreko hamarkadan, Ipar Amerikako hazkunde ekonomikoa, Espainiakoa bezala, eraikuntza sektorean oinarritu zen. Hala, etxebizitza berriei irteera emateko, pertsona onuradunen erosteko ahalmena nabarmen gainditzen zuten hipotekak eman ziren, eta horrek, beranduago ziurtatu ahal izan zenez, ez ordaintzeko arrisku handia zekarren ondorioz.

Fenomeno horrek kiebrara eraman zituen Estatu Batuetako banku garrantzitsuenetako batzuk eta, nazioarteko elkar mendekotasunaren eraginez, berehala zabaldu zen Europatik eta Asiatik, krisialdi finantzario eta ekonomiko globaltzat hartzen dena berekin ekarriz.

Egoera horren aurrean, Europako eta Amerikako gobernuek diru publikoa erabili zuten bankuak salbatzeko eta sistema finantzarioa mantentzeko. Hala eta guztiz ere, euren etxeak kendu zizkieten milioika pertsona horientzat ez ziren subsidioak planteatu ezta krisialdiari aurre egiten laguntzeko beharrezko politika sozialak ezarri ere.

Estatuaren utzikeria horrek, jasaten ari diren ezegonkortasun izugarriaz gain, kolektibo sozial ugari behartu ditu solidaritate sareak sortzera eta, elkarrekin batera, pertsona gutxi batzuei pribilegioak eman eta gehiengoa baztertzen duen kapitalismo neoliberalaren kontra borroka egiteko elkartzera.

Hala, gizarte zibila antolatzen hasia da eta prozesuak eratzen praktika enpresarial neoliberalen emaitza diren giza eskubideen urraketa horiei justizia auzitegi arrunten aurrean aurka egiteko. Dena den, korporazio industrial eta finantzario handiek, euren talde juridiko sofistikatuekin eta botere politikoan eta ekonomikoan duten izugarrizko eraginarekin, eragotzi egin dute kasu horietako asko izapidetzeko onetsiak izatea edo, auzitara eramanez gero, euren aldeko sententziak lortu izan dituzte.

Auzitegi arrunten aurrean (nazionalak edo nazioartekoak izan) justizia erdiesteko ezintasunaren aurrean, mugimendu sozialak, iparraldekoak ez ezik hegoaldekoak ere, herri auzitegiak antolatzen ari dira lotespen legalik gabe baina legitimotasun moral handiarekin. Indarrean dagoen araudia aplikatzen deneko epaiketa simulazioak dira, eta horietan akusazio bat eta defentsa bat dago eta magistratuek osatutako epaimahai batek eman behar du berediktua.

Epaiketa horiek Russell Tribunala deritzan horretan edo Gerrako Krimenen gaineko Nazioarteko Tribunalean dute jatorria: Bertrand Russell filosofo eta aktibista britainiarrak ezarritako erakundea eta Jean-Paul Sartre dramaturgo frantses ezagunak bultzatua, Estatu Batuetako kanpo politika eta 1954an Vietnamen izan zuen interbentzio militarra ikertu eta ebaluatzeaz arduratu zena.

Ondoren “Russell tribunal” berriak ezarri izan dira, beste kasu batzuen artean, 1973ko Txileko kolpe militarrean, Irakeko gerran (2004) edo 2009ko Palestina-Israel arteko gatazkan gertatutakoa epaitzeko. Dena den, orain baliteke Herrien Auzitegi Iraunkorra izatea eragin handiena duena, batik bat Europako enpresa multinazionalak Latinoamerikan giza eskubideei egiten ari diren urraketak epaitzen dituena.

Epaitegi honek dagoeneko egin izan ditu saioak Vienan, Liman eta Madrilen, eta enpresa transnazionalen eragin txarra kasu bakanak ezta ustekabekoak ere ez direla erakustea da bere helburua, kapitalismo globalaren joko-arauek ezarritako garapen, produkzio eta kontsumo ereduen ondorio baizik. Era berean, korporazio handiek duten zigorgabetasuna eta permisibitatea salatzea da haien asmoa, baita euren lurraldeak ustiatzen ari diren gobernuek halakoak egiten uztea ere.

Kontua ez da ordain ekonomikoa jasotzea, duintasuna berreskuratzea eta jasandako injustizia moralki aitortzea baizik. Gainera, epaitegi hau sentsibilizazio eta kontzientziazio tresna bat da, eta gobernuek eta komunikabideek ezkutuan gordeta eduki nahi izan dituzten indarkeriazko egoerak eta giza eskubideen urraketak agerian utzi nahi ditu.

Hala ere, legitimotasuna eta indarra eskaintzeaz gain, tresna juridiko hobezina da, frogak bildu, testigantza eman dezaketen pertsonak bilatu eta kasu guztiak dokumentatzen baitira; edozein auzitegi arruntaren aurrean erabil daiteke, beraz.

Azken finean, Ohioko zabor hipotekek erasandako herritarren elkarte bat, Ekuadorreko fosilen erauzketen ondorioak sufritzen dituzten indigenen kolektibo bat, edo lan-munduko erreformengatik pobretutako Europako talde sindikal bat... izanda ere, garrantzitsua hauxe da, antolatutako gizarte zibila oztopoak gainditzen saiatzen aritzea, justizia arruntaz baliatu ahal izateko eta injustizia global honi aurre egiteko hiritarren alternatiba baketsuak bilatzeko.