Giza Eskubideen Zinemaldiko logotipoa
Giza Eskubideen Zinemaldia
  • Hemen zaude:
  • Hasiera
  • Gaiak
  • MEMORIA HISTORIKOA ETA ADISKIDETZE NAZIONALA

MEMORIA HISTORIKOA ETA ADISKIDETZE NAZIONALA

“Esperientziak aditzera ematen digunez, amnesia da historia behin eta berriro errepikarazten duena amesgaizto baten antzera. Memoria onak lehenalditik ikasteko aukera ematen digu, lehenaldia berreskuratzeak duen zentzu bakarra oraingo bizitza eraldatzeko baliagarri izatea baita”. (Eduardo Galeano, 1996)

1973ko irailaren 11n, Salvador Allende lehendakari txiletarra, bide demokratikoetatik hautatua, kolpe militar batean kendu zuen bere postutik Augusto Pinochet jeneralak. Hori gertatu eta ondorengo egunetan eta urteetan, milaka pertsona atxilotu zituzten, batzuk torturatu egin zituzten eta beste batzuk “desagertu” egin ziren. Kopuru argirik ez dago baina, dena den, 1976ko otsailean Txileko Barne Arazoetako Ministerioak aitortu zuenez, 42.486 pertsona zituzten atxilotuta setio-egoeragatik.

Gerora egin izan diren ikerketetan, kalkuluen arabera 40.000tik gorako pertsona horietatik 2.000 inguru desagertu egin ziren ondoren. “Atxilotuak/desagertuak” deitzen zaie haiei, euren etxeetatik indarrez atereak, askotan torturatuak eta, azkenik, hegazkinetatik itsasora botatakoak, basamortuan abandonatuak edo, besterik gabe, hobi komunetan ehortziak. Zoritxarrez, gaur egun Txilen presentzia handia duen kontzeptua da oraindik ere, kontuan hartuta krimen horietatik gehienak ez direla auzipetu, gertaerak ez direla argitu eta gorpuak ez direla oraindik aurkitu.

Txileko “Vicaría de la Solidaridad” izeneko GKEk, erregimen militarrean gertatutako giza eskubideen urraketak ikertzen diharduenak, behartuta desagertutako pertsonen 668 kasu dokumentatzea lortu zuen, eta gainerakoak beldurragatik, landa-eremuetan gertatu izanagatik, famili taldeak desegin izanagatik eta abar ezin izan zirela erregistratu uste da.

Baina eragozpen legalak eta sozialak handiak izan arren, biktima askoren familiek borrokan jarraitzen dute gorpuak aurkitu eta gertatutakoa argitu nahian. Trauma gainditu eta bakean eta gorrotorik gabe bizi ahal izateko, lan pertsonala, askotan, ez baita nahikoa, eta ezinbesteko bihurtzen da halako egoerek eragindako sufrimendua gizarteak aitortzea eta berekin ekarri izan duten kaltea ordaintzea.

Bila ari diren emakumeek ez dute basamortuko harea astintzen momifikatutako gorpua edo hezur batzuk aurkitzeko besterik gabe; haientzat, egia argitzeak jasaten ari diren oinazea eremu pribatutik aterako luke eta errekonozimendu soziala lortuko lukete, dolua egiteko lagungarri izateaz gainera, datozen belaunaldiei gorrotoa eta gaitzondoa ez transmititzeko balio izango lukeena.

Talde mailan, biktimen sufrimendua aintzat hartzeak eta biktimarioen erantzukizuna agerian uzteak berebiziko garrantzia du giza ehuna berritzeko. Behar-beharrezkoa da Estatuaren indarkeriak sorrarazitako kalteak jasaten dituzten pertsonek justizia eta erantzukizunak eskatzeko aukera izatea, era horretan, euren dolua egin eta benetako adiskidetze nazionala erdiesteko bidean aurrerapausoak ematea lortzeko. Jakin badakigu zauriak ez direla estalita sendatzen, airea behar dutelako osatzeko; ba, berdintsu, frogatu ahal izan denez, ahanzturak ez du balio gizartea berritzeko. Hortaz, ezinbestekoa da historiaren hutsegiteak ezagutzea berriro gerta ez daitezen. Dena den, egia aitortzea gizartea osatzeko aurrerapauso garrantzitsua izan arren, gertaerak auzipetzeak eta kaltea ordaintzea izan beharko luke hurrena. Hala eta guztiz ere, askotan, egitura estatalek eragotzi egiten dute hori.

Demokraziarako trantsizioan, gobernu militarren edo indarkeriazko gertaeren ondoren, oso ohikoa izan da aginteek historiaren une horri ezikusia egin nahi izatea, isilpean utziz edo gertatutakoaren bertsio ofiziala emanez –halakoetan berdintsu banatzen dira erantzukizunak gatazkan inplikatutako agenteen artean–. Usteak uste, ordea, memoria historikoa berreskuratzeak ez du esan nahi lehenaldiari begira bizitzea, ez du esan nahi zauria berriro irekitzea, justu kontrakoa baizik: aurreko erregimenetan izandako gertaerak ezagutu eta argitzea da zauriak ixteko eta adiskidetze nazionala lortzeko modurik onena.

Txileko trantsizioaren kasu zehatzean, Augusto Pinochet jeneralak, auzipetu ez zezaten, 1990ean boterea utzi aurretik, errekonozimendu konstituzionala lortu zuen biziarteko senatari gisa eta, ondorioz, erabateko immunitate prozesala Txilen. Biktimen familiek, ordea, zigorgabetasunari aurka egiteko eta jasandako kaltea ordaintzea lortzeko borrokan, auzi judizialei ekin zieten eta Pinochet 1998an Londresen atxilotzea lortu zuten, genozidioz akusatuta.

Urtebete baino gehiago atxilotuta egon ondoren, Britainia Handiko Barne Arazoetako Ministerioak Pinochet epaitua izateko gaitasunik ez zuela ebatzi zuen eta Txilera itzultzeko baimena luzatu zuen haren osasun arazoak zirela eta. Txilera itzuli eta handik aste batzuetara, Txileko auzitegi batek immunitatea kendu zion eta horrek ekarri zuen berekin bere kontra 300 demanda baino gehiago aurkeztea eta jarraian etxe barruan atxilotzea.

Prozesu horiek oso geldo aurrera eraman zirenez eta zahartzaroan zegoenez, Pinochet epaitua izan aurretik hil zen 2006ko abenduan. Dena den, Txileko gizartearentzat orokorrean, tortura eta genozidioagatik Pinochet akusatu eta atxilotu izanak bakarrik aurrerapauso nabarmena adierazi zuen adiskidetze nazionalaren bidetik. Eta biktimei eta haien familiei adore eman zien gertatutakoa argitu nahian borrokan jarraitzeko. Izan ere, gaur egun irekita jarraitzen dute Txileko erregimen militarrean giza eskubideak urratu izanaren ustezko beste erantzule batzuen aurkako prozesuek.

Iturriak:

http://www.vicariadelasolidaridad.cl/index1.html
http://nostalgiadelaluz.patricioguzman.com
http://www.foroporlamemoria.info/documentos/fracturadas_violencia.htm
http://www.revistafuturos.info/futuros15/reconciliacion.htm
http://www.derechos.org/nizkor/chile/libros/represion/cifras.html
http://www.es.amnesty.org/campanas/justicia-internacional/el-caso-pinochet/