Bizitza sexual asea izateko eskubidea eta ezintasuna
Australia. Zuzendaritza: Catherine Scott. Ekoizpena: Pat Fiske, Catherine Scott / Paradigm Pictures. Argazkia: Catherine Scott, Bonnie Elliot. Musika: Antony Partos, David McCormack. Muntaketa: Andrea Lang. Iraupena: 70 min
HIZKUNTZA: ingelesa / AZPITITULUAK: gaztelania
Scarlet Road filmak Rachel Wotton sexu langile australiarraren bizitza jasotzen du. Sexu langileen eskubideen eta sexu adierazpen askatasunaren defendatzaile sutsua, elbarriekin lan egiten espezializatu da Rachel. Rachelek uste osoa du giza kontaktuak eta intimitate sexualak alderdi terapeutiko oso onuragarriak izan daitezkeela gizakiontzat eta filosofia horri jarraituz urteak daramatza bere bezeroen bizitzetan on egiten. Johni, esaterako, esklerosi anizkoitza diagnostikatu zioten duela 26 urte. Rachel ezagutu aurretik ia mugitu ezinik zegoen; orain, berriz, badu nolabaiteko autonomia bere gurpil-aulkian. Markek garun-paralisia du. Gurpil-aulki bati lotuta eta tableta elektroniko bidez bakarrik hitz egiteko gai, Racheli esker ikasi du bere gorputza maitatzen. Beti izan zuen amets emakume batekin gau bat igarotzea eta hurrengo goizean harekin esnatzea.