Indarkeria-ezazko ekimenak Euskal Herrian

Ziztadak / Tábanos inork gutxi kontatzen ez duen historiaren berri ematen du. Alde batetik, Euskal Herriko indarkeria-ezaren aldeko talde ugarirentzat zedarri izandako hainbat eta hainbat gertaera aipatzen dira; beste alde batetik, berriz, gure memoria kolektiboan itsatsirik dauzkagun ekintza ez indarkeriazko, desobeditzaile, baketsu, irudimentsu andana berreskuratu du. Badira boikot modukoak, kolaborazio-eza edota desobedientzia zibila proposatzen dutenak; badira ere zenbait irtenbide eman eta hainbat bide abiarazten dituztenak; badira, halaber, beste zenbait ate ixtea dakartenak...

Hemen bildu diren kasu hauek guztiok eta jaso ahal izan ez diren beste askok argi adierazten dute Historia bat baino gehiago daudela; izan ere, istorio asko eta asko daude. Ekintza armatuen, alderdikeria eta nagikeriaren esparru hertsietatik kanpora ere bada haizerik. Eta, gainera, askoz ere osasuntsuagoa da haize hori.

Gure historia ez da murrizten boteretsuez eta uniformedunez esaten zaigunera. Dena ez da mugatzen alderdi eta erakunde zibil, militar eta erlijiosoen dinamikek ezartzen dutenera. Herri honetan nabarmentzen den gauza bakarra ez da ETA; eta, jakina, haren alde edo kontra lerrokatzea ere ez da egitea dagokigun gauza bakarra. Ez horixe. Honela dio Howard Zinnek: “dagoen gauza bakarra ez da gerra, gerraren aurkako erresistentzia ere hor baitago; ez dago bidegabekeria soilik, orobat baitago bidegabekeriari aurre egiten dion matxinada; egoismoa ez da, inondik ere, begietaratzen zaigun gauza bakarra, eskuzabaltasuna ere ikus baitezakegu; ez daude, soil-soilik, tiraniak isilarazitako pertsonak, hor baitaude hari erronka jo eta aurre egiten diotenak; bihozgabetasuna ere ez da nagusi, bai baitago ulerberatasuna ere”.

Euskal Herriko erresistentzia zibil eta sozial askotarikoari buruzko historia aberatseko hainbat eta hainbat jardunbide kanpoan utzi behar izan ditugu. Oso posible da, gainera, Ziztadak / Tábanos ikusi ondoren ados ez egotea aipatzen ditugun honelako edo halako ekintzak hemen sartzeko egokitasunarekin. Baina gure ustez, hobe da zenbait gairi buruzko eztabaida eragitea –hark amaierarik ez duela onartuz, betiere–: zer dira indarkeria-ezazko metodoak eta zer metodo baketsuak? Makinen aurka indarkeriaz ekin, bai ala ez? Noraino tenkatu soka, gure ekintzak erasokorrak izatera iritsi gabe? Zehatz-mehatz indarkeria-ezazkoak izan gabe, nola onartu haien osagarritzat gaizkiulertu ugari sor lezaketen zenbait ekimen? Ekintzen ikusgarritasun itzelekoak ez ote du haren doitasuna kolokan jartzen? Hobe da eztabaida hori bultzatzea, orain arte gertatutako guztia ahaztu eta gure belaunaldiari eta ondorengo guztiei beharrezko informazioa ezkutatzea baino; hura behar-beharrezkoa gertatuko baitzaigu, baldin norberaren irizpideari eutsi eta ekinbide sozial eta politikoaren forma ugariei buruz berriz pentsatu nahi badugu.

Gai asko daude oraindik zintzilik; egia da, bai. Baina indarkeriarik gabeko ekintzek badute dagoeneko ibilbide bat egina, eta hark martxan dirau oraindik ere. Behetik hasitako prozesu bat dugu, urratsez urrats egina. Hala ere, apaltasunez egindako bidea izanagatik, bizi izandakoa eta orain arte urraturiko bideak erakutsitako esperientzia oinarri duena: dagoeneko perspektiba historiko nahiz memoria kolektibo nahikoa badugu jakiteko indarkeriazko ekintzek ez dakartela samina baizik, eta besteen minaren aurrean bihozgogor bihurtzen gaituela, adiskideetsai dialektika ezartzen duela, arerio politikoari bere gizatasuna kentzen diola, errebeldia militartzen duela, ateak ixten dituela, gero berriz eraiki behar izaten diren zubiak botatzen dituela, disidente guztien jardunbidea baldintzatzen duela, estatuaren indarkeriari bidea ematen diola, gizartearen partehartzea oztopatzen duela, eta gehiengo handia gerarazten duela... Lehergailuek ez dute begirik; indarkeria-ezak, ordea, begiak zabal ditzake.

Indarkeria-eza ez baita pasibotasunaren sinonimoa. Aitzitik, indarkeria-ezak ezinbestean izan behar du aktiboa, pasibotasunetik gehien urruntzen den aukera baita hura. Indarkeria-ezak bere-berez erakusten ditu erdietsi nahi dituen helburuak, bidea bera helburu bihurtzen duelarik. Zoritxarrez, ordea, tarte ikaragarria egon ohi da lortu nahi izaten dugunaren eta hura lortzeko urratu ohi dugun bidearen artean; honela dio John Paul Lederachek tarte horri buruz ari delarik: “Ez dakigu nola lotu bilatzen ari garena eta hura bilatzeko darabilgun modua. (...) Tarte hori gainditzeko behar-beharrezko zaigu gure helburu eta idealak haiek lortzeko moduarekin estu lotzea. (...) Helburuak eta bitartekoak uztartu behar ditugu”. Eta behin eta berriz horretan saiatu, bai horixe!

Halaxe ulertzen dugu guk indarkeria-eza (hitz bakarrean bildurik balego bezala): gure iritziz, bizitzan egoteko modu bat da, arazoei aurre egiteko eta haiek aldarazteko proposamen positibo bat; ez, ordea, indarkeriarik gabeko egoera batera iristeko soilik, gatazken oinarrian dauden injustiziak gainditzeko baizik; halaber, injustizia horiek sortzen duten pasibotasunari eta apatiari aurre egiteko. Horrexegatik diosku Hannah Arendtek desobedientzia zibila politikoki garrantzitsua izango dela, baldin kontzientzia kopuru nabarmen batek bat egin eta haiek guztiak baturik iritzi publiko bihurtzen badira; izan ere, iritzi baten indarra ez datza kontzientzian, haren aldeko pertsona kopuruan baizik.

Argudio horri helduz, hara zer idatzi zuen Mariano Ferrerrek: “Desobedientzia zibila gizartera hedatzeko, iritzi publikoaren koska gainditu behar dugu; horrek esan nahi du gure arrazoia besterekin konpartitu behar dugula, eta gehiengoari dei egiteko moduan azaldu behar dugula hura; gure helburuak kontu handiz hautatu behar ditugula –berehalakoan sustraitutako helburuak, noski; hobe baitira erdibideko helburu erdiesgarriak finalista lortezinak baino–; aurrez aurrekoa eremu sinbolikoan jarri behar dugula, baina jakitun izanik keinuaz haratago joatea ere behar-beharrezkoa dela; testuinguruari erreparatu behar diogula eta, orobat, jokoan dauden indarrei; zer antolamendu klase behar dugun kontuan hartu behar dugula; eta, jakina, irmo eutsi behar diogula lanari”.

Era berean, indarkeria-ezaren eraginkortasuna ez da azken ondorioetan soilik neurtu behar, kontuan hartu behar dira prozesu horretan emandako hainbat gauza, hala nola, ekintza bakoitzak utzitako irakaspena eta ondarea, gatazkaren humanizazioan emandako pausuak eta herritar kritikoak, parte hartzaileak eta aktiboak sortzeko bideak.

Dena dela, gure ustez beharrezkoa da “indarkeriarik gabeko ekintzetatik” (holaxe, bereiz idatzirik) “indarkeria-ezazko ekintzetarainoko” (dena batean idatzirik oraingoan, eta indarkeria-ezaren printzipio klasikoen parametroen barruan) urratsa ematea helburu dugularik; izan ere, eraginkorrago irizten diogu azken horri, gure herriko disidentziak eta matxinadak gizatiarragoak eta koherenteagoak izan daitezen.

Bidea Helburu
www.bideahelburu.org

Film: Ziztadak / Tábanos

2019 © copyright
  • San Sebastián Donostia 2016
  • Donostiako Udala. Ayuntamiento de San Sebastián
  • donostiakultura.com. San Sebastián: ciudad de la cultura
  • AIETE: Bakearen eta Giza Eskubideen Etxea