Euskal Herriko Gerra Zibileko zinearen inguruko azterlanek aurrerapauso nabarmena eman zuten Tierra sin paz. Guerra Civil, cine y propaganda en el País Vasco (Biblioteca Nueva, Madrid, 2006) argitara atera zenean. Santiago de Pablok, Euskal Herriko Unibertsitateko katedratikoak, ordena jarri ahal izan zuen ordura arte ordenagabe zeuden alderdi askotan baita ordura arte ilun zeuden beste asko argitu ere. Horien artean, nabarmentzekoak dira Jose Antonio Agirre lehendakari zeneko Eusko Jaurlaritzak aurrera eraman zituen lanak. Zalantzarik ez dago Gerra Zibilak berezitasunak izan zituela euskal lurraldean eta Euzko Alderdi Jeltzaileak (EAJ/PNV) bete zuen garrantzizko zereginarekin dutela neurri handi batean zerikusia. Euskadin ez zen iraultza sozialik gertatu, ez elizaren jazarpenik, ez justizia iraultzailerik, eta hori, neurri handi batean, PNV kontserbatzailea eta katolikoa zelako. Gainera, gizaldeko jokabidea abian jartzen saiatu zen hain zabalduta zegon ankerkeriaren erdian. Nazionalisten nagusitasunak itzal handia izan zuen 1936ko urrian eratutako kontzentrazio Gobernu honen jarduera guzti-guztietan, baita zineko propagandari lotutakoetan ere. Bartzelonatik eta Paristik helburu horretarako talde bat eratzearen aldeko ahaleginak handiak izan ziren: talde laburra zen, bere lanean erabat murgildutakoa eta talentu handiko kideez osatua, nazioarteko testuingurua kontuan hartuta pelikula egokiak egiteko gaitasunarekin. Guztiek ordaindu zuten erbestearekin euren konpromisoa.
Eta egia da gerra ia galduta zegoenean iritsi zirela filmak. Entierro del benemérito sacerdote vasco José María de Korta y Uribarren, muerto en el frente de Asturias (1937) eta Semana Santa en Bilbao (1937) bi dokumental labur dira, euskaldunak katoliko sutsuak zirela eta Errepublikaren aldera jarrita egin zuten borrokaren eta euren sinesmen erlijiosoaren artean ez zegoela kontraesanik erakustea asmotzat dutenak.
Guernika (1937) Paristik iritsi zen. Han, Nemesio Sobrevila zuzendariak, Eusko Jaurlaritzaren zineko propagandaren arduradun nagusiak, iturri desberdinetatik iristen zitzaizkion irudiak muntatu zituen jasotako ikuspegi ugariengatik oso erakargarria zen proiektu batean. Hauxe zen asmoa, Guernika filmaren bitartez, euskal hiria eraso zuen bonbardaketa naziaren berri izan zedila Europak, gerraren laztura pantailetan ikus zezatela.
Sobrevilak euskal haurrak hartu zituen arretagune Elai-Alai (1938) izeneko film laburrean. Film horretatik sekuentzia desordenatuak kontserbatzen ziren, Santiago de Pabloren ikerlanek 23 bat minutu irauten dituen filmaren negatibo bat oso-osorik Parisko Cinémathèque Française-n aurkitzeko aukera eman zuten arte.
Beste film batzuk ez ziren bukatuta geratu edo proiektu soilak izan ziren, baina bukatuta geratu ziren guztiak saio bakar batean ikusteko aukera izateak jakin-min handia pizten du, zine zaletasunetik harago: gure historiarentzat berebiziko balioa duten dokumentuak dira, eta aurrera eraman zituztenei benetan aintzatestekoa.
Joxean Fernández
Zuzendaria
Euskadiko Filmategia