Euskal Herria eta erabakitzeko eskubidea

Herrien historia kontatzen digutenean, politikarien, mandatarien, agintarien… izen handiak bakarrik agertzen dira liburuetan, dokumentaletan, filmetan…; herri baten historia ez dute izen handiek egiten, ordea, herriak berak baizik. Dokumental honetan ageri diren izen famatuetatik harago, pertsonak, herritarrak dira protagonistak. Politikarien gainetik daudela erakusten digute, eta aldaketa historiko baten bultzatzaile dira.

Historia hau Euskal Herriko herri txiki batean hasten da, bertan egiten duten gaztagatik munduan ezagun. Azken hamarkadetan indarkeriak banandu duen gizarte batean eta konfrontazio politikoen testuinguruan, herri horretako biztanleek ezinezko misio bati ekingo diote: munduan zer izan haiek erabaki ahal izatea. Elkar bizitzea eta elkar errespetatzea dute amets, bake giroan, elkar adituz.

Nazioen Mundua izeneko mugimendu soziala, lubaki politiko desberdinetan bizi diren bi pertsonaren adiskidetasunetik sortua, gai izan da blokeo politikoa gainditzeko eta aktibatzeko. Interes politikoetatik harago, haien ustez herria bera da bake prozesuaren eragile nagusi.

Eskoziara egindako bidaia turistiko batek ireki zien ustekabez bide berria, baketsua eta demokratikoa herrien nortasunaren inguruko arazoak ulertu ahal izateko. Ordutik, Goierriko (Highlands) herritarren eredu da Eskozia, eta harrezkero dirau Eskoziaren eta Euskal Herriko Goierriren arteko harremana gaur egun.

Herri-kirolak dira bi nazioen arteko zubia. Hala, horrek eramango ditu euskaldunak Eskoziara eta ekarriko ditu eskoziarrak Euskal Herrira, bi nazioen artean historian izan den aurreneko elkarraldia, alegia.

Bide politikoak alde batera utzita, herri-kiroletan oinarritutako trukeari ekingo diote. Helburua hauxe da, bi nazioen etorkizuna erabakitzeko eskubidea aldarrikatzea, era baketsu eta ikusgarri batean hedatzera emanez.

Horrexegatik, Idiazabalgoek dokumental bat egitea erabakiko dute euren asmoa zabaldu nahian. Proiektu horrek mugimendu sozialaren filosofia islatzen du, aurrekontu xume bat besterik ez duela kontuan hartuta, baina, aldi berean, jende askoren partaidetzari eta lankidetzari esker lortu du aurrera ateratzea. Dokumentalaren grabazioan erabat murgilduta, sasiz jositako aldapa handi batean gora erabakitzeko eskubidea lortzera aldera, euskaldunen harri-jasotzearen eta eskoziarren enbor-jaurtitzearen artean, "ustekabeko" gertaera historikoak sortuko dira bi herrialdeetan: Euskal Herrian, ETAk, mendebaldeko Europako azken erakunde armatuak, behin betirako eta atzeraezina izango den su etena komunikatu du. Bitartean, Eskozian, SNP alderdi independentistak gehiengo osoa lortu du 2011ko hauteskundeetan eta hala zabalduko dira bere burujabetza erabaki ahal izateko erreferendum baterako ateak.

Orduantxe egingo du bat Idiazabalgo herriaren kontakizunak bi nazioen historia handiekin. Herri-kirolari horiek Europa zaharraren bi gertaera historikoren lekuko zuzenak izango dira.

Dokumental honek ikuspegi berritzaile batetik aurkezten digu euskal gatazka: gertaera handien hurbileko ikuspegia eskaintzen digu, letra txikiz kontatzen digu historia, hurbiletik, intimismotik eta umoretik abiatuta… Giza faktorea azpimarratzen du, eta historiaren eta kazetaritzako kroniken estereotipoetatik aldentzen da. Historiaren making ofa erakusten digu. Denek ikusten dutena baino, inork ere ikusten ez duena kontatzen digu: giza faktorea, alegia. Herritarrengan dago arreta guztia jarrita, itzal handiko izenen liluran erori gabe. Lehenaldi iluna eta gatazkatsua atzean utzita, etorkizunari baikor begira ari zaion kontakizuna da Gazta zati bat.

Etorkizunean pentsatzen duen kontakizuna. Euskal gatazkaren inguruan zineari egindako ekarri estilistikoa. Historia kontatzeko modua eta edukia sintonia aratzean: gauzak egiteko eta kontatzeko modu berri bat erakusten digun dokumentala dugu hau.

Jon Maia
Gazta zati baten zuzendaria

Film: Gazta zati bat / A Piece of Cheese

2023 © copyright
  • San Sebastián Donostia 2016
  • Donostiako Udala. Ayuntamiento de San Sebastián
  • donostiakultura.com. San Sebastián: ciudad de la cultura
  • AIETE: Bakearen eta Giza Eskubideen Etxea