Informazioa: eskubidea edo merkantzia?

Teknologia berriek berekin ekarritako iraultza digitalak eragin du hedabideak ugaltzea, informazioa gero eta berehalakoagoa izatea, baina, batik bat, informazioa merkantziatzat hartzea, informazioa saldu eta banatzeak onura handiak ekar baititzake.

Gaur egun, komunikabideek botere-gune berriak dituzte hartuta; haietako zuzendariak negozio gizon eta emakumeak dira eta informazio zerbitzuak ari dira burtsan kotizatzen. Konprometituak, kazetaritzan bokazioz eta euren izenez ari direnak, gero eta gutxiago dira, erakusten diren informazioak komenigarriak edo errentagarriak izatearen araberakoak baitira nagusi. Audientziaren arabera neurtzen da informazioaren balioa. Hala, informazioak, ustez, ez du baliorik publikoari interesik piztuko ez badio. Inpaktua eragingo duen informazioa bilatzen da eta ez, ordea, benetan garrantzia duena, eta nabaria da info-entretenimendurako joera.

Panorama honen aurrean, kazetaritzako profesionalek garrantzizko zeregina betetzen dute. Euren alarma ahotsek pisua eta indarra dute komunikabideek kritika sena berreskuratzearen eta albistegiei zehatzak izateko premiaren berri emateko. Horren haritik, informazioaren bikaintasuna izatea aldarrikatzen dute helburu nagusitzat, gizarteari zerbitzua emateko eta ez, ordea, negozio hutsa, informazioa, argudiatzen dutenez, hauskorregia eta garrantzitsuegia baita merkatuaren legeen arabera bakarrik tratatua izateko.

Paradoxikoki, informazioaren hedabideak gero eta ugariagoak izan arren, gaur egun, bi begi zabal-zabal, nazioarteko bi albiste-agentzia dira markatzen dutenak zeintzuk diren garrantzizko gatazkak eta zer nolako informazioa eman behar den gatazka horien gainean. Kazetari asko ohartarazten ari dira gainera fenomeno hau “ikuspegi bakar” batera hurbiltzen ari dela nazioartean hedatzen den gero eta informazio kantitate handiagoa, hedabide desberdinetako erreportariek lehen ematen zituzten ikuspegi anitzak galtzen utziz.

Komunikazioko teknikek ere, batik bat telefonia mugikorrekoek eta posta elektronikokoek, erabateko aldaketa ekarri dute berriemaileentzat lan egiteko moduetan eta erredakzioekin izaten diren harremanetan. Lehen, erreportariak aldi jakin batzuetan bakarrik komunikatu zitezkeen zentralarekin eta, bitartean, askatasun marjina bat zuten euren lana garatzeko, denbora zuten informazioa bilatzeko, deskubritzeko, aukeratzeko, lantzeko eta kontrastatzeko. Gaur egun, erredakzio buruek nahikoa informazio-iturri badute gerrako gertaerak nola garatzen ari diren zentraletik jarraitzeko, eta gertakari horiek baieztatzera soilik mugatzen da lekuan den erreportariaren lana. Hala, telebistek gerretan izaten duten presentzia informazio konprometitua eta egiazkoa bilatzeko baino gehiago, korrespontsalek gatazka horietan duten presentziarekin euren publizitatea egiteko izaten da. Albistegietan izaten diren etengabeko zuzeneko konexioen gero eta exijentzia handiagoak ez die denbora-tarterik uzten korrespontsalei egunean beste gauza bat egiteko, haiek adierazitakoaren arabera.

Vietnamgo gerrak markatu zuen erreportari lanbidearen lehena eta geroa. Gerrako korrespontsaletan aditu den Philip Knightley historialariak eta Los ojos de la guerra liburuaren egilekideak, Vietnamen “Estatu Batuetako armadak onartu egin zituen erreportariak eta erabateko lankidetza eskaini zien. Zentsuratik aske, askatasunez mugi zitezkeen, ikusten zuten bezalaxe ematen zuten egiaren berri; baina armada estatubatuarraren ustetan horrexegatik galdu zen gerra". Historia modernoan, hura izan zen aurreneko gatazka belikoa bataila-eremuan emaitza erabaki ez zenekoa, idatzizko hedabideetan eta telebistakoetan baizik. Gertaera haren ondoren, Pentagonoak hedabideek zer konta dezaketen kontrolatu eta markatzea erabaki zuen.

Gerrako erreportari lanbidea galtzen ari da eta horrek arriskua dakar gizadi osoarentzat. Bai kazetariek bai erreportariek euren lanbidea ahultzen ikusita, kezka hori partekatzeko konpromisoa hartu dute "armadekin, gobernuekin eta aholkulariekin 150 urte baino gehiago iraun duen borroka luzea eta gero –Philip Knightleyk dioenez–. Ezinbestekoa da “hitza ez dutenei hitza ematea” ahalbidetzen duen lanbide hau salbatzea, ikusezin gera litezkeen gerrak argitara ateratzea, gizarteak gerra horiei ezikusia egiteko arriskua saihestea. Munduko gaitzei eta arazoei irtenbideren bat emateko garaian mugak dituztela jabetuta ere, erreportariek irmo eusten diote oraindik gerrak agerian uzteko konpromisoari eta gerraren existentziaren pentsamendu kritikoa pizteari, gauzak alda daitezen kontzientzia aktiboa sorrarazteko nahiak bultzatuta.

Bada Ernest Hemingwayren emazte Martha Gelhornen esaldi bat, ekarpen hauek guziek duten garrantzia arrazoitzen duena: “Urmael batera harriak botatzen ditut nik. Ez dakit zer ondorio izango ote duten harriek urmaelean, baina behintzat harriak botatzen ditut nik".

Iturriak: Los ojos de la guerra, Ryszard Kapuscinskiren eta Philip Knightleyren artikuluak, dokumentalaren beraren testigantzenak.

Film: Los ojos de la guerra

2022 © copyright
  • San Sebastián Donostia 2016
  • Donostiako Udala. Ayuntamiento de San Sebastián
  • donostiakultura.com. San Sebastián: ciudad de la cultura
  • AIETE: Bakearen eta Giza Eskubideen Etxea