Asilo legea eta migrazio kontrola

Mugen militarizazioa ihesari emateko zeharbidea

Espainiako estatura iristen ahalegintzen diren errefuxiatu eta etorkineekin gaur egun, oro har, egoera nola dagoen gertuagotik ezagutzeko nazioarteko testuingurutik abiatu beharra dago, baina betiere kontuan hartuta Estatu askotan giza eskubideetatik gehienak formalki aintzat hartzen badira ere, gizadiak, neurri handi-handi batean, eskubide horiek erabili ezin dituela.

Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsalak, 1948koak, hau xedatzen du 14. artikuluan: “Jazarpenik jasanez gero, pertsona orok du edozein herrialdetan babesa bilatu eta izateko eskubidea”.

Errefuxiatuen Estatutuaren inguruko 1951ko Genevako Konbentzioaren arabera hauek dira pertsona errefuxiatuak: arraza, erlijioa, nazionalitatea, gizarte talde jakin bateko kidetasuna edo iritzi politikoak direla eta, jazarriak izatearen beldur diren pertsonak, euren sorburuko herrialdeetatik kanpo daudenak eta herrialde horretako babesa jaso ezin dutenak edo -beldur horrek eraginda- babes hori jaso nahi ez dutenak.

Asiloaren instituzioak eskaintzen duen babesa jaso ahal izateko aurreneko pausoa hauxe da, herrialde seguru batera iristea lortzea. Errefuxiatuak ez dira Europara iristen, ordea. Zergatik?

Europar Batasunaren testuinguruan, Espainiako estatua etenik gabe ari da migrazio politikak gogortzen eta horrek ondorio larriak dakartza giza eskubideak erabiltzerakoan, sinatutako nazioarteko hitzarmenak eta itunak ez direla betetzen adierazteaz gainera.

Munduan 43,7 milioi pertsona daude nazioarteko babesa merezi dutenak (1). Europak, segurtasun politikekin eta inmigrazio irregularraren aurkako borrokarekin itsututa, harago eraman du bere mugen kontrola dispositibo militar eta polizial handi baten bitartez, nazioarteko babesaren premian dauden pertsonak iristea eragozteko.

2010ean, 2.378 pertsonak bakarrik eskatu zuten asiloa Espainian, 21 urtetan izandako kopururik txikiena, alegia. Gehienei eman zitzaien ezezkoa.

Fortress Europeren arabera, 1988az geroztik, 14.714 pertsonak galdu dute bizitza Europako kostaldeetan. Gainera, 6.344 gorpu daude oraindik itsasoan. Dena den, askoz ere gehiago omen dira, aurrean ziren lekukoen testigantzek diotenez.

Politika horiek nekez hel daitekeen gotorleku bilakatu dute Europa, eta giza eskubideak urratzearen aurrean axolagabe, dirudienez. Frontex agentziak (2) mugetako guardiak hedatu izana, pasadizoan dauden herrialdeekin hartutako akordioak, hirugarren herrialdeetako atxiloketa zentroak dira "Europa Gotorlekuaren" errepresio zirkuituaren euskarria.

Gainera, asilo legeria berriak (3) Atzerritarren Internamendu Zentroen funtzioa sendotu du gure mugen barruan bertan muga izateko.

Zentro horiek Estatuaren establezimenduak dira, beste herrialde batzuetako pertsonak, Espainian geratu ahal izateko agiririk ez dutenak, edo pertsona egoiliar erregularrak, bertatik egotziak izateko espedientea irekitzen zaizkienak, zainpean edukitzeko.

Atzerritartasun Lege berriak (4) gehienez 60 egun arte baimentzen du atxilotutako pertsonak atxikita edukitzea. Denbora horretan, barruan itxita dituzten pertsonen jatorrizko herrialdea zein den ikertzen saiatzen dira. Baldin eta euren herrialdeak eta Espainiak aldebiko akordioa sinatuta badute, egotziak izango dira. Eta, 60 egunak igarota, ez bada euren nazionalitatea ezagutzen edo ez badago atzera onartuko duten herrialde batekin ere aldebiko akordiorik, aske utziko dituzte, egozteko aginduarekin.

DEVASen proiektuaren barruan, CEARek landutako “Espainiako Internamendu Zentroen Egoera” txosten teknikoaren emaitzetatik ondorio hauek atera ditugu:

  • Atxilotutako lau pertsonatik batek arrazoi bat edo gehiago izango lituzke asiloa eskatzeko. Kopuru hori hogei aldiz handiagoa da asiloa eskatzen duten pertsonen kopuruaren aldean. Beraz, oso datu kezkagarria da, asiloa eska dezaketenen babesik eza erakusten baitu.
  • Europako Arartekoak (5) haietako bakoitza bisitatu du eta adierazi duenez kezka eragiten dio segurtasun neurriei lehentasuna emateak alderdi hauen kaltetan: haien bizi baldintzak eta haien eskubideak erabiltzen jarraitu ahal ez izatea, Polizia Nazionalek haiek zuzenean zaintzea eta poliziaren beraren jarduteko modua kontrolatzeko mekanismorik eza.
  • Madrid eta Valentziako Internamendu Zentroetan tratu txarren eta torturen ebidentziak ziurtatu ahal izan ziren.

Harrezkero, ugariak dira suminduta deiadar egiten duten ahotsak Estatuan diren 9 Internamendu Zentroetan atxilotuta dauden pertsonen egoera dela eta.

Barne Ministerioak migrazio fluxuaren kontrolaren inguruan urtero lantzen dituen txostenetan deitu bezala, “Inmigrazio Ilegalaren aurkako Borrokarako” ezarritako neurri horiek guztiek ondorio ugari dituzte, eta oso larriak gainera. Horietako bat: pertsona errefuxiatuak ez dira iristen.

Hala ere, hiesari eman dioten pertsonak ez dira desagertzen; euren bizitza edo euren segurtasuna mehatxatuta dauden lekuetan geratzen dira harrapatuta. Tampereko konpromisoak beteko dituen asilo politika bat ezartzeko erantzukizuna du Espainiak, baita 1951ko Genevako Konbentzioaren muina berreskuratzekoa ere, Demokraziaren hastapenetan asilo politika finkatu zuena, alegia.

CEAR-Euskadi (Errefuxiatuei Laguntzeko Euskadiko Batzordea)

Film: Vol spécial

Oharrak

  1. Errefuxiatuentzako Nazio Batuen Goi Komisarioaren (ACNUR) 2010eko datuen arabera.
  2. EBko estatuetatik kanpoko mugetan lankidetza eraginkorra kudeatzeko Europako Agentzia.
  3. 12/2009 Legea, urriaren 30ekoa, asilo eskubidea eta babes subsidiarioa arautzen dituena.
  4. 2/2009 Lege Organikoa, abenduaren 11koa, 4/2000 Lege Organikoa, urtarrilaren 11koa erreformatzekoa, Espainiako atzerritarren eskubideei eta askatasunei eta gizarteratzeari buruzkoa (62. artikulua).
  5. Arartekoa. Irteera-erregistroa 10/07/07 – 10044814. Espediente zk.: 10010410. CEARen idatzi bati erantzunez.
  6. Internamendu Zentroak Espainiako estatuan: Madril, Bartzelona, Valentzia, Algeciras, Tarifa, Malaga, Kanaria Handia, Fuerteventura eta Tenerife.
2025 © copyright
  • San Sebastián Donostia 2016
  • Donostiako Udala. Ayuntamiento de San Sebastián
  • donostiakultura.com. San Sebastián: ciudad de la cultura
  • AIETE: Bakearen eta Giza Eskubideen Etxea