Justiziaren izenean hiltzea

Ez dago justiziatik hain urruti dagoen kontzepturik Estatuaren eskutik aurrez pentsatuta eta odol hotzean gizaki bat hiltzea baino, justizia horren beraren izenean gainera. Horretan datza heriotza-zigorra: Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsalean aldarrikatzen den bizitzeko eskubidea urratzen du. Zigorrik ankerrena, jasanezinena eta iraingarriena da; hau da, bizitzari egiten zaion mehatxua. Egunero exekutatzen dituzte presoak, gizon zein emakume, baita adin txikikoak ere. Delitua edozein izanda ere, errudun edo errugabe ote diren axola ez zaiola, bizitza galtzen dute berriz hezitzeari baino zigorrari balio handiagoa ematen dion justizia sistema baten makurkeriagatik.

Heriotza-zigorra da torturaren zeinu nabarmenena. Edozein modutan izanda ere –elektrokuzioa, urkatzea, gas-ganbera, burua moztea, harrikatzea, fusilatzea edo injekzio hilgarria– zigor bortitza da, oraingo justizia-sistema penalean lekurik ez duena. Baina, hala eta guztiz ere, hor dirau.

Bidegabekeriaz dirau, zigor diskriminatzailea, arbitrarioa, atzeraezina eta disuasio-indarrik gabea baita. Heriotza-zigorra diskriminatzailea da, sarritan erabili ohi baita neurririk gabe populazio behartsuaren, gutxiengoen eta arraza, etnia eta erlijio talde urrienetako pertsonen aurka. Gainera, era arbitrarioan ezarri eta exekutatzen da: herrialde batzuetan errepresio arma da, oposizio politikoa isilarazteko bide bortitz eta bizkorra. Gainera, zigor atzeraezina da, justizia-sisteman sarritan izaten diren giza hutsegiteak eta aurreiritziak kontuan hartuta gainera, errugabeak exekutatzeko arriskua eragozten uzten ez dutenak. Txostenek diotenez, Taiwango lehendakariak, Ma Ying-jeouk, 2011ko otsailaren 1ean, formalki eskatu behar izan zuen barkamena 1997an gizon bat exekutatu izanagatik, ondoren frogatu zenez errugabea baitzen. Halako hutsegiteek ez dute konponbiderik, inoiz ezin izango baita eragotzi errugabe bat exekutatzeko arriskua.

Bestalde, herrialde askotan, gobernuak argudiatzen du disuasio-indarra duela heriotza-zigorrak, justifikatzeko erabiltzen duen argudioa, alegia. Hala ere, delinkuentzia maila jaisteko garaian, beste zigor latz batzuekin alderatzean, ez dago heriotza-zigorra eraginkorragoa dela frogatzen duen daturik. Herrialde abolizionistetako delinkuentziari buruzko azken datuek ez dute frogatzen abolizioak eragin kaltegarririk duenik. Kanadan, adibidez, 100.000 biztanle bakoitzeko, hilketa mailak behera egin zuen gehienezko 3,09 mailatik 1975ean, hilketagatiko heriotza-zigorra indargabetu aurreko urtean alegia, 2,41 mailara 1980an, eta harrezkero oraindik gehiago egin du behera. 2003an, heriotza-zigorra indargabetu eta handik 27 urtera, 100.000 biztanle bakoitzeko, hilketa maila 1,73koa izan zen, 1975ean baino %44 baxuagoa, eta hiru hamarkadatan baxuena. 2005ean 2ra igo bazen ere, mailak baxuagoa izaten jarraitzen du heriotza-zigorra indarrean jarraitzen zuen aldiaren aldean.

Disuasio-eragin hau egiaztatzen duten froga argirik ez izateak disuasioaren hipotesian oinarritzea heriotza-zigorrari buruzko politika publiko bat garatzeko, alferrikakoa dela eta berekin arriskua dakarrela adierazten du. Heriotza-zigorrak gaizkilea jotzen du gogor, ez, ordea, delitua.

Epaiketa bidegabeak, bermerik gabeak

Heriotza-zigorrak justiziarekin duen loturari dagokionez, garrantzizkoa da nabarmentzea heriotza-zigor ugari epaiketa bidegabeen ondoren ezartzen direla. Heriotza-zigorrera kondenatutakoen eskubideak babesten direla bermatzeko dauden babes-neurrietatik 5.ean xedatutakoaren arabera: “Heriotza-zigorra ezarri ahal izango da soili-soilik auzitegi eskudun batek emandako epai irmoa betetze aldera, prozesu juridiko baten ondoren. Prozesu horrek ahalik eta berme gehienak eman behar ditu epaiketa zuzena dela ziurtatzeko, gutxienez Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunaren (EZPNI) 14. artikuluan adierazten diren bermeen mailara parekatuta, heriotza-zigorra ezarri ahal izango zaion delitu baten susmopeko edo akusatu ororen eskubidea barne, prozesuaren etapa guztietan abokatu-laguntza egokia jasotzekoa, alegia”. Nazioarteko Amnistiak egindako ikerlanetan frogatu ahal izan denez, zigor ugari epaiketa bidegabeen ondoren eta era diskriminatzaile batean ezartzen dira hainbat herrialdetan, Saudi Arabian, Txinan, Iraken eta Iranen, besteak beste; bai Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunean bai Torturaren eta beste Tratu edo Zigor Anker, Jasangaitz edo Iraingarrien aurkako ONUren Konbentzioan.

Esaterako, Txinan dauden hutsuneak hauek dira: abokatu-laguntza atzeratzea, errugabetasun-presuntzioa ez errespetatzea, botere judizialean izaten diren injerentzia politikoak eta tortura bidez lortutako frogak onartzea. Are gehiago, zenbait herrialdetan ohikoa da akusatuek abokatu defentsaririk ez izatea eta prozedura judizialik jarraitu ezin izatea interpretaririk ez dutelako. Iranen, Nazioarteko Amnistiak, bidegabeko epaiketen ondoren oposiziogile politikoei eta gutxiengo etnikoei heriotza-zigorrak ezarri zitzaizkiela egiaztatu zuen; zenbait kasutan, txostenek diotenez, heriotza-zigorra ezarrita zuten pertsonak torturatuak izan ziren giltzapealdian, eta uko egin zitzaien abokatu-laguntza. Saudi Arabian ohikoa da Afrika eta Asiako herrialdeetako langile etorkin pobreak kondenatzea, askotan ezkutukoak eta bidegabekoak diren epaiketetan. Eta ohikoa da akusatuek abokatu defentsaririk ez izatea eta prozedura judizialak arabieraz jarraitu ezin izatea.

Heriotza-zigorra indarkeriaren kulturaren seinale, horren irtenbide izan beharrean

Herrialde askotan heriotza-zigorrari buruzko iritzi-inkestetan aditzera ematen denez, besterik ezean onartzen dute biztanleek heriotza-zigorra; egia hauxe da, ordea, jende gehienak babestuta ikusi nahi duela bere burua delinkuentziaren eta indarkeriaren aurrean. Hala, onartze hori ulertzeko modukoa da, indarkeriazko delituek sorrarazten duten izua eta haserrea ikusita, baita exekuzioek delituak egiteko asmoa ken dezaketenaren okerreko ideia ere. Dena den, delitua eragozteko, heriotza-zigorrak ez ditu ordezkatzen beste neurri batzuk, ekintza polizial zuzen eta eraginkor bat, esaterako.

Heriotza-zigorra lagungarria izan ohi da giza arazo korapilatsuei emandako erantzun sinplistentzat, konstruktiboak izango diren irtenbideak bilatu ordez. Gobernuek ez dute ez erabili ez bultzatu behar indarkeriazko delituei zaien beldurra exekuzioekin jarraitzeko arrazoitzat hartuta. Izan dira aitzindariak heriotza-zigorra indargabetu dutenak, oztopo nabarmenak aurkitu izan badituzte ere, populazioaren gehiengoa zigor horren alde egon arren.

Heriotza-zigorra indargabetzera aldeko bidea

Nazioarteko Amnistiak uko egiten dio betiere eta salbuespenik gabe heriotza-zigorrari, egindako delitua, kondenatuaren ezaugarriak eta Estatuak erabilitako exekuzio metodoa edozein izanda ere. Erakunde hau 1961ean sortu zenean, bederatzi herrialdek bakarrik indargabetu zuten heriotza-zigorra delitu guztietarako eta ez zen ia giza eskubideei dagokien kontutzat hartzen. Berrogeita hamar urteren ondoren, 96 dira heriotza-zigorra ezarri izan zaizkienak. Orain, nabarmena da mundu osoan zigor hau indargabetzeko dagoen nahia, eta zehatza gainera: gaur egun, munduko herrialdeetatik bi heren baino gehiagok indargabetu dute heriotza-zigorra euren legerian edo praktikan, eta herrialde erretentzionisten erdiak baino gutxiagok bakarrik eraman ohi dituzte aurrera exekuzioak ohiko ekintzatzat.

Hortaz, nabaria da zigor hau indargabetzeko munduan dagoen joera. Horren aldeko borrokak, ordea, luze joko du. Lehenaldiak erakutsi digunez, ezin dira bermatu azken hiru hamarkadetan lortutakoak. Gero eta gutxiago dira exekuzioak aurrera eramaten dituzten herrialdeak, gero eta murrizgaitzagoak, ordea: Txinak, Iranek, Saudi Arabiak eta Estatu Batuek mundu osoko gainerako leku guztiek baino gehiago eramaten dituzte aurrera exekuzioak. 2011n, 17.000 pertsona baino gehiago zegoen heriotza-korridoreetan, mundu osoan.

Eta ia mundu osoak “nahikoa da” dioenean ere, badira aditu nahi ez duten herrialdeak...

Amnesty International

Film: Ríndete mañana

2024 © copyright
  • San Sebastián Donostia 2016
  • Donostiako Udala. Ayuntamiento de San Sebastián
  • donostiakultura.com. San Sebastián: ciudad de la cultura
  • AIETE: Bakearen eta Giza Eskubideen Etxea