Emakume eta belaunaldi saharar berriak

Mendebaldeko Saharako gatazkak 1975ean du sorburua, Espainiak bere aspaldiko koloniarekiko zituen nazioarteko betebeharrak bertan behera uztea erabaki zuenean, Marokoren eta Mauritaniaren eskuetan uzteko. Saharar herriaren autodeterminazio eskubidea nazioarteko hainbat eta hainbat ebazpenen bitartez aintzatetsi da azkenean. Hala eta guztiz ere, Marokoko gobernuak eragotzi egiten du eskubide hori aplikatzea, nazioarteko legeria urratuz eta eskualdean egonkortasun eta segurtasunik eza eraginez. Izan ere, arazo hau ahaztuta gera ez dadin ahalegintzen direnek askotan kritikatu izan dute, zenbait erakundek, besteren artean ONUk eta EBk, erakutsitako permisibitatea eta Espainiako gobernuek erantzukizun politikorik hartu ez izana.

180.000 bat saharar bizi dira Tindoufeko hammadan: Aljeriako basamortuan dagoen egonleku probisionala da, duela 35 urte baino gehiago errefuxiatuak bizi diren lekua, autodeterminazio erreferendum batean parte hartzeko duten eskubidea erabili ahal izateko esperoan. Beste saharar batzuek Mendebaldeko Saharan bizitzen jarraitzen dute. Bertan, Marokok egunero urratzen dizkie oinarrizko eskubideak, torturak eta tratu txarrak jasan behar izateraino.

Aljeriako estatuaren harrerari esker, saharar herriak ezarrita dagoen zonaldeko lurra eta ur-baliabideak erabil ditzake. Hala eta guztiz ere, basamortuko klimak, bertako lur idorrak eta bizi diren kanpamentuak urrun egoteak nabarmen mugatzen dute jarduera produktiboak edo diru-sarrerak emango dizkietenak garatzeko aukera, artzaintzan aritzekoa adibidez. Hala, errefuxiatuak nazioarteko lankidetzaren menpean daude bizirauteko. Gainera, haien osasuna okerrera doa nabarmen, nahiz eta azkenaldi honetan nolabaiteko hobekuntza nabari den, anemia adierazleak ikusita, adibidez.

Eta egoera kaltebera hori areagotu egin da gatazkak luze dirauelako, kanpamentuetan probisionaltasunak amaierarik ez izatea berekin ekarri duela kontuan hartuta. Hala eta guztiz ere, denbora honetan, kanpotik bidaltzen dituzten premia biziko gaiak ondo kudeatu eta banatzeak duen garrantziaz jabetuta, euren oinarrizko premiak betetzeko dituzten baliabide bakarrak alegia, populazioa nazioarteko erakundeekin elkarlanean aritu da ekarpenei ahalik eta etekin handiena ateratzeko. Horrek lagundu die euren antolamendu gaitasunak sendotzen gutxieneko bizi baldintzak osatzeko.

Erakunde hauengandik jasotzen dute batez ere laguntza: Errefuxiatuentzako Nazio Batuen Goi Komisarioa (ACNUR), Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordea (CICR), Elikagaien Munduko Programa (PMA) eta GKEak, batez ere sahararrei laguntzeko elkarteetakoak, mundu osoan zehar, Europan batik bat eta, jakina, Espainian ugariak direnak.

Antolatuta dauden moduari dagokionez, kanpamentuak wilayas izeneko bost egonlekutan banatzen dira, elkarren arteko kilometro batzuetako tartearekin eta, egonleku horiek ere dairas eta auzoetan daude banatuta. Populazioak batera parte hartzen du lankidetzako ekintza guztietan, ezarrita dituen tokiko agintaritza-egituren eta agintaritza hori antolatzen den bilbe instituzionalaren bitartez (batzordeak eta ministerioak, besteak beste), euren bideragarritasuna indartzeko garapen soziokultural egokia izan dezaten.

Kanpamenduetan, emakumeek berebiziko zeregina betetzen dute familiek bizirauteko eta populazioaren osasun egoera hobetzeko. Hala, emakumeak dira produkzio eta administrazioko lan gehienez arduratzen direnak. Hala ere, su-etena sinatu zenetik eta gizon ugari desmobilizatu zenetik, gaur egun gizonezkoak dira nagusi erantzukizuneko karguetan eta prozesu politikoetan. Emakumeak jabetzen dira bizitza sozial, politiko eta ekonomikora berdintasun egoeran parte hartu behar dutela, euren gaitasunak garatuz eta gizon eta emakume arteko harremanak bizitzako eremu guztietan aldaraziz, familian, hezkuntzan, politikan, lanean eta abar. Hala, 2007az geroztik, Emakume Sahararren Batasun Nazionala ahalduntze prozesu batean dago bete-betean sartuta, aldaketa horiek bultzatzen ahaleginduz.

Urteotan, erbestean jaio izan diren belaunaldi berriak kulturen arteko gurutzatzean –eurena eta mendebaldekoa– hazten ari dira eta erabateko probisionaltasunean ari dira euren etorkizuna eraikitzen, solidaritatearen ekonomiaren menpean. Izan ere, horrek ematen diete aukera udaldietan kanpamentuetatik atera eta harrerako familia espainiarrekin egonaldiak egiteko. Hala, zeharo desberdinak diren errealitateen artean garatzen doa euren bizitza, sentimenduen, emozioen, bizitza gurutzatu, banandu eta harrapatuen borroka batean. Horixe da, hain zuzen ere, film honek erakusten diguna.

Sahararen aldeko Elkarteen Estatuko Koordinakundea (CEAS SAHARA)

Film: Wilaya

2024 © copyright
  • San Sebastián Donostia 2016
  • Donostiako Udala. Ayuntamiento de San Sebastián
  • donostiakultura.com. San Sebastián: ciudad de la cultura
  • AIETE: Bakearen eta Giza Eskubideen Etxea