Satorrak: errepresio frankistatik ezkutatuta

Gerren drama ez da bakarrik mugatzen berekin dakartzan biktimetara, jarraitu egiten baitu ondorioz sortu eta denboran luzatzen diren egoeretan. 1939aren ondorengo urteetan, Espainiako Gerra Zibilari ofizialki azkena eman zitzaionean, errepresio frankistaren aurrean, Gobernu errepublikano legitimoaren borrokalari, jarraitzaile eta kargu publiko ugarik ezkutatu behar izan zuten. Ohikoak ziren miaketak, etxe arakatzeak eta poliziaren kontrolak kale eta errepideetan. Etenik gabe jazartzen zituzten eta aurkitzen bazituzten ziurrena zen hilda bukatzea.

Espainiako lurraldean arrisku handiko kontua zen ihes egiten saiatzea, eta Bigarren Mundu Gerra hasi zenean ia ezinezkoa halakorik egitea. Espainiako mugak itxi zituzten eta inguruko herrialdeetako egoera politikoa ez zen onuragarriagoa. Portugal Francoren aliatu Salazar diktadorearen pean zegoen, Maroko, erregimen frankistaren pean eta Frantziako lurraldea naziek zuten okupatuta. Ihes egiten saiatzen zirenak, benetako lurralde demokratikoren batera iristea lortzen ez bazuten, preso hartu eta indar frankisten eskuetan jartzen zituzten. Horixe izan zen Juan Hidalgoren kasua, Portugalera ihes egina eta erregimenaren indarren eskuetan jarria.

Heriotza saihesteko edo beste lekuren batera ihes egiteko ezintasunaren aurrean, ezkutatzea zen bizirik irauteko helmenean zuten aukera bakarra, eta itxialdian zirela, euren egoera noiz aldatuko esperantzaz elikatzen ziren. Pertsona horiei “satorrak” deitu izan zaie, Manuel Leguineche eta Jesús Torbado kazetariek Los topos liburua, 1977an argitaratua, idatzi zutenetik. Bertan, ilunpea, errepresioa eta beldur-ikara urteetan, eta zenbait kasutan hamarkadatan, sufritu izan zituzten 24 pertsonaren bizipenak kontatzen dituzte. Baina hasiera batean burutik pasatu ere ez zitzaiena gertatu zitzaien; euren etxeetan itxita bizi behar izan zuten, zulo penagarrietan edo bi paretaren artean, eta egoera hark hogeita hamar urte luze iraun zituen. Azkenean, 1969an, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitara ateratako agiri batek amnistia iragarri zuen arte, Gerra Zibilean egindako ustezko krimenak barkatzen zituena. Baina izan ziren ere bai, beldurragatik, Franco hil zen arte zulotik irten ez zirenak.

Kasu ezagunenetako batzuk hauexek izan ziren: Manuel Cortés Quero, Mijasko (Malaga) azkeneko alkate errepublikanoa, 30 años de oscuridad dokumentalaren protagonista, 1939 eta 1969 urte bitartean ezkutatuta egon zena, eta Eulogio de Vega, Ruedako (Valladolid) alkate sozialista, 1964ra arte ezkutuan egondakoa. Eta baliteke ezkutuan urte gehien emandakoa Protasio Montalvo izatea, Cercedillako (Madril) alkatea, 1977ra arte egon baitzen ezkutaldian, trantsizio prozesua jadanik hasia zenean.

Behartutako itxialdi haietan, emakumeek berealdiko zeregina bete zuten, oso gogor lan egin behar izaten baitzuten bakarrik familiak aurrera ateratzeko. Askok egun osoa igaro behar izaten zuten etxetik kanpo bizimodua nola edo hala ateratzeko, euren etxeetan gerta zitekeenaz ezer jakin gabe. Bueltan, etxe barruan, askatasun galeraren benetako drama bizi ohi zuten, isilperik handienean. Ezkutatutakoen berri zutenekin emakumeek eta familiak jasaten zuten tentsioak ez zuen akaberarik, noizbait aurkituko ez ote zituzten beldur beti. Hartu ohi zuten beste neurri bat ere zen "satorra" etxean zela ez seme-alabei ez bilobei ere ez kontatzea, nahikoa heldu izatera iristen ziren arte.

Gaur egun, modu batera edo bestera errepresioa ere bizi izan duten gertuko senideen testigantzek, haiek bizitako esperientzien eta gatibualdiko izuaren oroitzapenen bitartez, errepresalia jasan izan zuten pertsonek kontatzeko aukera izan ez zuten errealitatera hurbiltzen gaituzte. Gainera, haien bizitzan eta ingurukoengan itzal handia utzi zuen drama kolektibo izugarri horren ikuspegi bat eskaintzen digute, hain aspaldikoa ez den garai batekoa. Dokumental honen helburua hauxe da, gure gertuko historian izandako gertakari horiek ahanzturan ez geratzea.

Film: 30 años de oscuridad

2022 © copyright
  • San Sebastián Donostia 2016
  • Donostiako Udala. Ayuntamiento de San Sebastián
  • donostiakultura.com. San Sebastián: ciudad de la cultura
  • AIETE: Bakearen eta Giza Eskubideen Etxea