Giza Eskubideen XI. Zinemaldian parte hartuko duten filmen aurrerapena

Libre te quiero

Astelehena, 2013(e)ko martxoa(r)en 25-(e)an

Jarraian, apirilaren 19tik 26ra egingo den XI. Giza Eskubideen Zinemaldian proiektatuko diren film luze batzuei buruzko informazioa.

ESKALA TXIKIKO EKOLOGIA EKINTZAILEA SAREAN

AGRONAUTAS (2013). Euskadi. Juan Dopico, Pez Estudio

Agronautas diziplina anitzeko proiektu bat da, eta pertsonen eta natura-ingurunearen arteko harremanak birformulatzen dituzten ekimenak, prozesuak, diseinuak eta bizimoduak ikertzen ditu. Ikerketa honen hastapenetan, 2011 eta 2012 urte artean, esparru eta talde desberdinetako 56 pertsona elkarrizketatu ziren, Asturias, Euskadi, Madrilgo Erkidegoa, Gaztela eta Leon eta Kataluniako 40 ekimenetako ordezkariak guztiak. Dokumental hau elkarrizketa horien zati bat besterik ez da.

EMAKUMEEK ALARDEETAN BERDINTASUNEZ PARTE HARTZEKO ESKUBIDEA

ALARDEAREN SEME-ALABAK (2013). Euskadi. Jone Karres, Eneko Olasagasti

Emakumeek Irun eta Hondarribiako Alardeetan duten parte-hartzeari buruzko dokumentala; parte-hartze horrek eragindako sentimenduak eta eztabaida aztertzen ditu. Bi herrietako festak egun bat besterik ez du irauten. Egun oso bat da istorio hau kontatzeko baliatzen den egitura. Lehen zatian, Alardea hasieratik zer den jasotzen du, bere historia, eszenaratzea, egitura, ezaugarriak. Bigarren zatiak gatazkaren hasiera eta lehen urteetan, 90eko hamarkadan, izan zuen garapena kontatzen du. Hirugarren zatia, aldiz, gaur egunean kokatzen da, 2011 eta 2012 urteetan, eta festaren orainaz eta etorkizunaz hausnartzen du. Euren bizipenak, sentsazioak eta pentsamoldeak azaltzen dituzten bi herrietako pertsonai desberdinen bidez egin da kontakizuna.

GATAZKEN INGURUKO ELKARPUNTUAK ETA KONTRAESANAK

LE COCHON DE GAZA (2011). Frantzia-Alemania-Belgika. Sylvain Estibal

Ekaitzaren ostean, Jafarrek, Gazako arrantzale palestinarrak, zerri bat topatuko du bere sarean, itsasontziren batetik erorita segur aski. Animalia zikina berehala gainetik kentzea erabakiko du, eta saltzen saiatuko da bere egoera ekonomiko kaskarra hobetu asmoz. Horretarako, Jafar gaixoa abentura harrigarri eta ez oso gomendagarrian murgilduko da. Tragikomedia honetan, Gazako herri txikia eguneroko miseriaren, soldadu israeldarren indarkeriaren eta yihadisten aginduen artean harrapatuta dago; egunez egun bizirauten saiatzen den eta (ia) edozer egiteko prest dagoen arrantzale pobreak irudikatzen du egoera hori.

DROGAREN AURKAKO BORROKAREN NEGOZIOA

THE HOUSE I LIVE IN (2012). Estatu Batuak. Eugene Jarecki

"Drogen aurkako gerra" deitutakoak bilioi bat dolarretik gorako gastua eragin die Estatu Batuei azken 40 urteotan. Mundu osoko kartzeleratuen (munduko populazioaren % 5 besterik ez) % 25 herrialde honetan daude. Populazio beltza biztanleen guztizkoaren % 13 da eta droga kontsumitzaileen % 14, baina drogekin lotutako auziengatik atxilotutakoen % 37 eta horiei lotutako krimenengatik espetxeratutakoen % 56 beltzak dira. Gerra hau etxean bertan gertatzen ari da, azken hamarkadetan 45 milioi pertsona eraman ditu espetxera, heriotz ugari eragin ditu, familiak suntsitu ditu eta neurtu ezinezko kalteak eragin dizkie etorkizuneko belaunaldi estatubatuarrei.

EKINTZA KOLEKTIBOA ETA ESPAZIO POLITIKO BERRIAK

LIBRE TE QUIERO (2012). Espainia. Basilio Martín Patino

Salamancako zinemagile beteranoak –Nueve cartas a Berta (1966), Queridísimos verdugos (1973), La seducción del caos (1991), Octavia (2002)–, oraingoan, estilo berri bat hautatu du, inpresionista eta dokumental hutsa lortzeko ahaleginetatik hurbil dagoena, eta, horrela, irudiek beraiek azalpenak eman ditzaten utzi du, iruzkinik, kameran elkarrizketarik edo azalpenak emateko inolako off-eko testurik gabe. Filma Puerta del Solen dauden manifestariak elkartzeko unean abiatzen da. Manifestariak batukaden eta kantu herrikoien erritmora iristen direla erakusten du, mugimenduaren ezaugarri bilakatuko diren leloak oihukatzen dituztela. Jarraian, Sol kanpalekua eraikitzeko unea ikus daiteke, nolabaiteko hiri paraleloa, autoantolatua eta biltzar bidez funtzionatzen duena; bertan, egin beharreko lanak demokratikoki banatzen dira, bakoitzak bere ezagutza eta lana eskaintzen du eta ahal duen moduan parte hartzen du.

GERRA ETA HAURREN ESKUBIDEAK

LORE (2012). Australia-Alemania. Cate Shortland

Alemania, 1945. Amaitu da gerra. Ume talde batek suntsitutako herrialdea zeharkatzeko asmoa du, iparrera 900 kilometrora bizi den amonarekin elkartzeko asmoz. Haurren arteko zaharrenak, Lorek, bere lau anaien ardura hartuko du soldadu tropa aliatuek bere guraso naziak harrapatu ondoren. Guztiek elkarrekin bidaia bat abiatuko dute, errealitatearen eta euren gurasoen ekintzen ondorioen berri emango diena. Baina bidean Thomas, errefuxiatu judu gaztea, misteriotsua eta karismatikoa ezagutuko du eta bere mundua sentimendu kontraesankorrez betetzen dela ohartuko da Lore.

OZTOPOAK GAINDITUZ KOMUNIKATZEA

EL MÉTODO ARRIETA (2013). Euskadi. Jorge Gil Munárriz

Lourdes eta Mentxu Arrietak begiradaren bidez ulertzen diote elkarri. Eta, kasu honetan, adierazpen hori ezin hobea da: gorputzeko mugimenduak kontrolatzeko arazo batek elbarri utzi ondoren, begien mugimenduaren bidez airean letrak idatziz elkar komunikatzen dira. 30 urte daramate era horretan komunikatzen: begiei esker, isiltasunean, aurrekaririk ez duen moduan. Baina bada gehiago ere. Ziurtasun osoa dute "Arrieta metodoa" –izen hori jarri zioten– munduko beste jende askorentzat ere baliagarria izan daitekeela eta komunikatzeko aukera handiak lortuko lituzkeela. Horregatik, bost kontinenteetan zehar barreiatu nahi dute... Askoren bizitzak aldatzeko.

LESBIANA, GAY, BISEXUAL ETA TRANSEXUALEN (LGBT) KOLEKTIBOEN ESKUBIDEAK

PARADA / THE PARADE (2012). Serbia-Kroacia-Eslovenia-Mazedonia. Srđjan Dragojević

Radmilo eta Mirko gay bikote gaztea dira eta munduko ehunka txokotan erabat zoriontsu izango lirateke... ez, ordea, Serbian. Diskrezioz bizitzen saiatzen dira, herrialdeko gehiengoaren gehiegikeriak jasanez. Mirkok aurten "harrotasunaren desfile" bat antolatu nahi du; oso zaila dirudi, 2001ean egindako azken saiakera odoletan blai amaitu baitzen. Eta egoerak ez du hobera egin orain, desfilea egitekotan, talde neonazi eta nazionalistek beste sarraski bat gertatuko dela mehatxu egin baitute. Egoerak bueltarik ez duela dirudi, baina kasualitatez Lemonekin, bertako ganster batekin, eta haren andregai Pearlekin egingo dute topo.

HOLOKAUSTOAREN BIKTIMEN OROIMENA SERBIAN

WHEN DAY BREAKS (2012). Serbia-Kroazia-Frantzia. Goran Paskaljević

Misha Brankov musika irakasle erretiratua da. Goiz batez, Belgradeko Museo Juduarekin harremanetan jartzea eskatzen dion gutuna jasoko du. Azoka-eremu zaharreko estolderiaren hondeaketetan burdinazko kutxa bat topatu zutela esango diote bertan, hain zuzen, Bigarren Mundu Gerran zehar Serbiako judu eta ijitoen kontzentrazio-eremua eraiki zen leku berean. Kutxaren edukiek irakaslearen bizitza aldaraziko dute.

Informazio gehiago: www.cineyderechoshumanos.com

2022 © copyright
  • San Sebastián Donostia 2016
  • Donostia Eraikitzen
  • Donostiako Udala. Ayuntamiento de San Sebastián
  • donostiakultura.com. San Sebastián: ciudad de la cultura
  • AIETE: Bakearen eta Giza Eskubideen Etxea