Filmazpit: “Emakumea film laburrean” bilduma

What to Bring to America

Astelehena, 2013(e)ko azaroa(r)en 11-(e)an

Filmazpit programak, Clermont-Ferrandeko Nazioarteko Film Laburren Zinemaldia eta Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiarekin elkarlanean, emakumeari egun eragiten dioten problema anitzez diharduen film labur bilduma bat aurkeztu du.

Ali, Fatine, Helen, Irene eta Rae; Belgika, Brasil, AEB, Frantzia eta Erresuma Batutik etorritako bost lan hauen protagonistak dira. Gaien artean, problematika konplexuak: tratu txarrak, marjinalitatea, presio soziokulturala, desberdintasuna, garapen sexualaren eragozpenak, behartutako prostituzioa... Indarkeria mota ezberdinak, azken finean, emakumearen aurrerapenari trabak jartzen dizkiotenak XXI. mendean ere.

Hainbat eta hainbat Zinemaldietan proiektatutako eta saritutako bost film labur Filmazpitek jaso eta lehen aipatu auzi horietan guztietan sakondu nahi duen ororen eskuetan jarri nahi dituenak.

Hauxek dira aukeratutako lanak:

1. The Curse. 2012, Fyzal Boulifa, Erresuma Batua

Fatine bere mutil-lagunarekin elkartu da herritik urrun. Ez daki ume bat begira ari dela. Fatinek etxera itzuli nahi du lehen bait lehen, gazteak, berriz, egoeraz probetxu atera...

2. Irene. 2011, Patricia Galucci / Victor Nascimento, Brasil

Irene landa eremuan bizi da bakarrik. Bere ilobak espero ez duen bisitaldi bat egiten dio beste neska batekin. Emakumearen bakardadea eta eguneroko bizitza aztoratu egiten da bikotea agertzen den momentutik. Ustez ahazturik zituen sentimenduak berriz ere loratzen dira.

3. Mobile Homes. 2013, Vladimir de Fontenay, AEB-Frantzia

Prostituzio sare batean harrapaturik dagoen gaztea da Ali. Egunak joan eta egunak etorri bizirauten saiatzen da hiri batetik bestera eramaten duten bitartean. Haren semea Alex ihes egiteko modua aurkitu nahi du bizitza hori atzean utzi asmoz.

4. Rae. 2012, Emmanuelle Nicot, Belgika

Aterpearen helbidea sekretua izan behar da bera eta gainerako emakumeen segurtasunagatik. Telefonoak dar-dar egiten du poltsikoan. Rae ikaraturik da. Itzaltzeko eskatzen diote. Zalantzarik gabe, hori egin behar du.

5. What to Bring to America. 2010, Christophe Nassif, AEB

Helen, Los Angelesen bizi den emakume etiopiar immigrantea, presio handia jasaten ari da bere familia eta tradizioagatik, alabaren ablazioaren momentua iristear dagoenean. Erabaki bat edo bestea hartu behar du.

Filmazpit, Eusko Jaurlaritzak finantzatu eta Donostiako Zinemaldia, Euskadiko Filmategia eta Tabakalera, Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroarekin batera Donostia Kulturak 2011 urtetik kudeatzen duen euskarazko azpitituludun zinema zabaltzeko programa da.

Programaren informazio osoa, filmen katalogoa eta kontaktua Filmazpit webgunean.

2022 © copyright
  • San Sebastián Donostia 2016
  • Donostia Eraikitzen
  • Donostiako Udala. Ayuntamiento de San Sebastián
  • donostiakultura.com. San Sebastián: ciudad de la cultura
  • AIETE: Bakearen eta Giza Eskubideen Etxea