Eskala txikiko ekologia ekintzailea sarean

Gero eta gehiago dira, euren jardun-esparru txikitik, mundua ulertzeko era edo mendebaldeko mundu-ikuskera zalantzan jartzen duten ekimenak. Produkzio eta ekonomia arloen gainean erabat eraikitako mundu-ikuskera horrek, funtsezko alderdi izan beharko liratekeen pertsonen ongizatea, elikadura-burujabetza, biodibertsitatearen babesa edo ekologia alde batera uzten ditu.

Deigarria da bizi-baldintzak mantendu ahal izateko naturari lotzen gaituen elkarren mendekotasunaz jabetzen ez diren gizarte ia-ia bakarrak mendebaldekoak izatea. Hori dela-eta, horien mundu-ikuskera naturaren eta kulturaren haustura erradikalean oinarritzen da, eta pertsonak eta gainerako izadi bizia bereizten ditu. Hala eta guztiz ere, naturarekiko sekulako mendekotasuna dugu, eta baita beste pertsona batzuek ematen dizkiguten zainketa eta atentzioekikoa ere. Izan ere, bizirik dagoen guztia bezalaxe, oso hauskorrak gara, gure gorputzak zahartu, gaixotu eta hil egiten dira, eta, bitarte horretan, gainerakoek zaintzea behar dute, naturak berak gure atentzio eta zainketak behar dituen moduan.

Mundu-ikuskera honek proposatzen duen ekonomiaren kontzeptuak nolabaiteko ilusioa eragiten du, eta, horren arabera, ekonomia konbentzionala gorputzen eta lurraldeen gainetik "flotatzen" ari dela dirudi, horienganako mendekotasunik izan gabe. Halaber, ekonomia arloaren eta bizitzaren kontzeptuei lotutako gainerako guztiaren arteko bereizketa egiten du. Ekonomia konbentzionalaren esparruan, herrialde baten aurrerakuntza ekonomikoa merkatuan duen jarduera ekonomikoaren, produkzioaren eraginkortasunean izandako hobekuntzen, eta abarren arabera neurtzen da. Logika horri jarraikiz, adierazle ekonomiko konbentzionalek ez dituzte aberastasuntzat jotzen natura-ingurunearen jasangarritasunaren eta pertsonen ongizatearen ikuspuntutik ezinbestekoak diren prozesu, ondasun eta lanak. Horrela, zenbait hondatze eta horien ondorengo konponketak aberastasun faktore gisa kontatu daitezke: gerrei lotutako negozioak, gaixotasunak edo ingurumenaren suntsiketa, besteak beste, diru-truketzat jotzen dira.

Hala ere, giza bizitza eta jarduera ekonomikoa –haren atal gisa– ezinezkoak dira naturarik gabe, eta ingurunea eta ugalketa sozialaren arteko oreka bermatzeko atentzio eta zainketak behar dituzten lanik gabe. Egoera honen bizkar, mendebaldeko gizartearen egitura merkatuak ekonomiaren ardatz gisa hartuta eta ekonomia antolaketa sozialaren ardatz gisa hartuta taxutu da. Logika horren arabera, jabetzaren eta hazkunde ekonomikoaren kontzeptuak beste zenbait funtsezko gaien gainetik jartzen dira, hala nola, bizitza osasun- eta ongizate-baldintzetan mantentzea; pertsona guztien eskubidea da, eta baita sostengatzen gaituen natura-ingurunearena ere.

Gizarte bideragarri eta bidezko baten printzipioei buruzko eztabaida sozial zabala martxan jartzeko beharra nabarmentzen du diagnostiko horrek. Eremu ekonomikoaren tamaina murriztu edo ekonomikoki txikitzeko beharra azpimarratu dute zenbait ahots kritikok. Berehala eta premiaz jardutea ezinbestekotzat jotzen dute, energiaren gainbehera bezalako ageriko arrazoiengatik, baliabide fosil eta mineralen agortze erritmoa, hondakinen sorkuntza ikaragarria, klima-aldaketa eta ziklo naturalen aldaketa ikusita.

Egungo eredua aldatu eta giza eta natura bizitzaren jasangarritasuna ardatz nagusi gisa kokatuko duen beste eredu baten alde jardutea ez da esperientzia eta ekimen alternatiboak martxan jartzearekin bateraezina.

Gero eta pertsona gehiago jabetu dira sistema hau jasanezina eta bidegabea dela, eta eskala hurbilean ekintzara igarotzearen urratsa eman dute: batzuk baratze sozialak lantzen hasi dira, abandonatuta zeuden eta inork jaramonik egiten ez zien hirietako lursailak baliatuz. Beste batzuk, kontsumo kooperatiba agroekologikoetan antolatzen dira eta, bestalde, lan urritasuna edo langabezia kontuan hartuta, badira kooperatiba integralak abiatzen dituztenak ere, besteak beste.

Esperientzia horiek benetako laborategi sozialak dira, eta horietan parte hartzen dutenen behar zehatzak ere asetzen dituzte. Garrantzitsua da proiektu horiek zaindu eta mimatzea, txikiak izan arren eta alternatiba globala ez izan arren.

Proposamen bideragarriak egin dira pentsamendu kritikoaren esparru ugaritatik; baliteke elkarren arteko lotura egokia ez izatea, baina hori lortzeko aukera dute. Zeregin garrantzitsua dugu: norberaren ikuspegiak gainditu eta kontakizun komuna sortzea. Alta, zaila da hori lortzea, sistema neoliberal hegemonikoaren erasoaren eta gizartearen erantzunaren artean indar-korrelazio desorekatua dagoelako. Sarea sortzea da erronka, ekimen txikiak gaineratu eta elkarren artean harremanetan jartzea, eta lehen urratsa gauza txikiek erraldoiaren mehatxuaren aurrean duten konplexua gainditzea da.

Film: Agronautas

2024 © copyright
  • San Sebastián Donostia 2016
  • Donostia Eraikitzen
  • Donostiako Udala. Ayuntamiento de San Sebastián
  • donostiakultura.com. San Sebastián: ciudad de la cultura
  • AIETE: Bakearen eta Giza Eskubideen Etxea