M15 mugimenduak pertsonen bizitzari eragiten dioten gai politiko eta sozialak jendaurrean partekatzeko modua apurtzea ekarri zuen. Hasierako kanpaldi eta batzarren ondorioz ekintza kolektiboa sortu zen, protesta egiteko ohiko formulez haratago. Plaza izan zen topagunea, elkarri entzun eta gehiengo handi baten arazoak ezagutzeko lekua, eta aurretiaz esperientzia politikorik ez zuten pertsona ugarik parte hartu zuen. M15 mugimenduaren indarra ez zetorren aktibismotik preseski; berria eta desberdina zen zerbaiten –sailkatzeko edo etiketatzeko zaila– interpelazioa sentitu zuen jendeak eman zion indarra. Berez, gizarte-mugimenduetako militante ziren pertsonetako askok lekuz kanpo sentitu zirela aitortu zuten.
Plazako topaketek ezezagunen arteko konplizitateak eragin zituzten, kolektibotasunak aldaketaren eragile gisa duen ahalmen agerikoaren aurrean. Autokudeatutako koordinazioarekin hasi ziren Sol plazan berehala, bertako sareak eta urrunago zeuden beste plaza batzuk lotuz, eta prozesu osoak mundu mailako dimentsioa hartu zuen.
M15 mugimenduaren antolaketa egiturak parte-hartze inklusiboa, horizontala, banatua eta elkarri lotutakoa zuen helburu. Gai zehatzei lotutako batzordeak sortu ziren. Eztabaidatzeko gaiak eta proposamenak batzarretan partekatzen eta adosten ziren, eta ondoren, Interneten bidez zabaltzen ziren, sare sozialetan bereziki. Interesa agertuz bertaratzen ziren pertsonek euren ezagutza eta trebetasunen ekarpena zein modutan egin zezaketen aztertzen zuten koordinazio guneetan. Batzarretako parte-hartze masiboetan hitz egiteko txandak banatzen ziren, eta M15 mugimenduaren berezko kodeak sortu zuren, esaterako, elkarri hitza kendu gabe komunikatzeko eskuak erabiltzea. Hori guztia elkarrizketa, iritzi aniztasunarekiko errespetua eta indarkeria eza oinarri hartuta.
Baina antolaketa egitura bat sortzearekin batera, M15 mugimenduak giro sozial berri bat utzi du eta baita gauzak aldatzeko ahalmenarekiko konfiantza kolektiboa berreskuratzea ere. Poz giroa zen nagusi Solen, gizarte indibidualizatu eta lehiakor batean elkarrekin lanean aritzearen egoera ezohiko horren aurrean. Mundu arabiarreko iraultzek eta, halaber, Islandian bankari eta agintarien aurka izandako garaipenak, mezu oso argia adierazten zuten: "Bai, posible da".
M15 mugimenduak zalantzan jarri du egunero informazio-saio tradizionalek betetzen duten errealitate ofiziala. Errealitate horren arabera, pertsonek egungo krisi orokorraren aurrean ezin dute ezer egin edo ia ezer egin, jada gainean dugun errealitate gogor gisa onartzea ez bada: hori da duguna. Hala ere, M15 mugimenduak errealitate ofizial horren zama gainetik kentzeko aukera eman du eta baita posible denari buruzko mapa berri bat marraztea ere. Jende askok bestelako errealitate bat sortzeko gai dela sentiaraztea lortu du. Ikusi, pentsatu, sentitu, adierazi eta egin daitekeenaren eremu bat ireki du. Alegia, alderdi politiko bateko kide izan gabe eta gizarte-mugimendu bateko militante izan gabe ere posible dela pentsatzea eta politika egitea. Interneten eta sarearen erabilera ohikoa da jada, eta elkarrekin gaurkotasunaren inguruko beste ikuspuntu bat eraikitzeko ere erabiltzen da. Demokraziaren eta kapitalismoaren arteko identifikazioa zalantzan jarri da. Kaleratzeen inguruko errealitate ikusezina, guztiok ikus dezakegu egun. M15 mugimenduari esker ireki dira mapa berri horiek. Makro egoerak berdin jarraitzen du, baina orain beste ikuspuntu batzuetatik ikus daiteke. Eta horrek poza eta giro emozional berria eragin du.
M15 mugimenduak, halaber, indarkeria eza eta indarkeriarik gabeko desobedientzia zibila zentzuz baliatu ditu, adostasun soziala erdiesteko, gizartearen gehiengoaren babesa lortzeko eta botereak metodo ez-legitimoak erabiltzen dituela argi uzteko aldaketa sozialen mugimenduek duten berezko taktika gisa hartuta. Hau da, aldaketa sozialak zenbait unetan boterearekin aurrez aurre jartzea ekartzen du beti, klase menderatzaileek ez baitute kontrola era baketsuan galtzerik onartzen, eta irmotasunez defendatzen dira, une desberdinetan ikusi ahal izan dugunez.
Solen asteetan zehar izandako kanpaldia ezohiko garaia izan zen, baina pertsona gehienentzat oso zaila da salbuespen bat bizi izatea. Une batean, hirietako puntu nagusietan kokatzen ziren kanpaldiak hirian barrena biderkatu eta banatzeko beharra ikusi zuten, hurbilago egotearen beharra, eta auzoetako elkarbizitzaren espazioetan sartu, erritmoak aldatu eta egokitzekoa ere, jasangarri bilakatu eta eguneroko bizitzarekin bateratze aldera.
M15 mugimenduak, ezbairik gabe, herritarren oinarritik gai zehatz batzuei lotutako mobilizazio ekintzak biderkatzeko eta koordinatzeko arintasuna trebatzen lagundu du: I-25, Kongresua inguratu ekintza, Gobernuaren dimisioa eta prozesu konstituziogile bat abiatzea eskatzeko; U-15, urriaren 15ean eredu ekonomiko berriaren aldeko munduko mobilizazio jardunaldia; zenbait herritar uholde: Uholde Zuria, osasun publikoaren alde; Uholde Berdea, hezkuntza publikoaren alde; Uholde Gorria, borrokan dauden langabeen herri-mugimendua; LA PAH, Hipotekak Kaltetutakoen Plataforma; Uholde Laranja, gizarte-zerbitzuen alde, etab.
Hainbat ekimenen bidez M15 mugimendua eguneroko bizitzan sartu da. M15 mugimenduaz geroztik, musika, zinema edo argitalpenari lotutako zenbait pertsonek euren lanaren planteamendu berri bat egin dute eta ekarpen propioa egin diote guztiona denari. Besteak beste, Robo, M15.cc edo Bookcamping proiektuak sortu dira. Baina egunerokoan lan ezezaguna duten pertsonak ere izan ziren plaza horietan: irakasleak, erizainak, gizarte-langileak, psikologoak, informatikariak, ikasleak, kazetariak. Galdetu beharko litzaieke M15 mugimenduarekin bat egin ondoren zein modutan aldatu den haien begirada, jarduna eta munduko egonaldia. Pertsonengan eragindako aldaketa horiek dira, zalantzarik gabe, hurrengo uholdearen oinarria.
Film: Libre te quiero