Emakumeek Alardeetan berdintasunez parte hartzeko eskubidea

Ararteko erakundearen iritzia emakumeek Irungo eta Hondarribiko alardeetan parte hartzeaz (2013ko martxoa)


1. Aurrekariak

Erakunde honetan 15 urte baino gehiago daramatzagu emakumeek herrietako jaietan parte hartzearekin zerikusia duten kexak jasotzen; ospakizun horiek denak Euskadiko hainbat herritan sendo errotutako tradizioen erakusgarri dira. Dudarik gabe, emakumeek Irungo eta Hondarribiko alardeetan berdintasunean parte hartzeari buruzkoak izan dira salaketarik aipagarrienak, 1996. urtean hasi baitziren. Erakunde honek parte-hartze horren aldeko adierazpen ugari egin dituen arren, zoritxarrez, alardeetan bizirik dirau emakumeen bazterketak, erakunde pribatuen babespean. Erakundeok, eginkizun publikoen antzekoak betez, alde batera utzi nahi dute demokraziak berdintasunaren gainean agindutakoa, ustez tradizioaren osotasuna defendatzeko.

Gai honek iritzia ematera bultzatu gaitu askotan. Horrela, gomendio, adierazpen eta ebazpenen bitartez, agerian jarri dugu alardeetan gizon-emakumeek berdintasunean parte hartzeak gure ustez duen garrantzi juridiko eta soziala. Beste erakunde batzuek ere adierazi dute, hala nola Eusko Legebiltzarrak eta Emakundek, alardeetan emakumeen kontrako diskriminazio oro desagerraraztearen alde daudela. Bukatzeko, epaitegiek ere (Euskal Herriko Auzitegi Nagusiak eta Auzitegi Gorenak) eman dute gai horretaz duten iritzia; hain zuzen, herriko jaietan gizonezkoekin batera berdintasunean parte hartzeko eskubidea aitortu diete emakumeei, jai horiek udalek antolatzen dituztenean.

Hala eta guztiz ere, udal horiek saihestu egin dituzte auzitegien adierazpenak, alardeen tradiziozko antolaketa publikoa besteren esku utziz; une horretatik aurrera, norbanakoek antolatu dituzte alardeak, berdintasunaren printzipioa ezartzea ekiditeko helburu bakarrarekin, eta, horren ondorioz, gaur egun ezagutzen dugun jai bikoitz eta bereizia sortu da: herritar guztien berdintasunezko jaia, non emakumeek eta gizonek berdintasunean parte hartzen duten, eta jai baztertzaile eta diskriminatzailea, non emakumeek kantinera bezala soilik parte har dezaketen, konpainietako kide diren gizonezkoek aukeratuta (1).

2. Emakumeek alardeetan erabat eta berdintasunean parte hartzea aldezteko arrazoiak

Ararteko erakundean guztiz ziur gaude ezinbestekoa dela Euskadiko jai guztiak, baita Irungo eta Hondarribiko alardeak ere, emakumeentzako eta gizonentzako berdintasunezko gizartearen isla izan daitezen lortzea, demokrazian egon daitekeen gizarte-eredu bakar bezala. Hona hemen iritzi horri eusteko, gure aburuz, kontuan hartu behar diren arrazoi nagusiak:

2.1. Tradizioa eta emakumeen eta gizonen berdintasuna: emakumeak historian ikusezin bihurtzea. Jaia identitate kolektiboaren eta gizarte-antolaketaren adierazgarri gisa.

Jaietan emakumeek berdintasunean parte-hartzearen kontra daudenek, oro har, tradizioa errespetatu behar dela argudiatzen dute lehendik ezarritako gizonezkoen nagusitasun-egoerari eusteko, eta rol estereotipatuak ematen dizkiete emakumeei nahiz gizonei, bai jaiaren adierazpenean bertan, bai antolaketa-irizpideetan.

Jaiek, argi eta garbi, unean uneko gizataldearen jarrera erakusten dute eta erakutsi dute denboran barrena, eta gizarte-antolaketaren eta egituraketaren gakoak islatzen dituzte askotan, garai bakoitzeko talde-identitatearenak. Horretan ez dago inolako zalantzarik. Horregatik, jaiak pisu sinboliko handiko adierazpenak dira, historiaren bilakaeran emakumeak ikusezin bihurtu izana islatu dute eta, aldi berean, portaera-molde berriak elikatzeko gai dira, emakumeentzat zirkulu beldurgarria sortuz, ezkutatuta edo rol estereotipatutan zokoratuta egotera behartzen baititu.

Onartezina da jaiak adierazpen sexistaren azken gotorleku gisa gera daitezen, botere publikoek onartuta. Aitzitik, eraikitzen ari garen berdintasunezko errealitatera moldatu behar dira tradizioak –jai oroigarria sortarazi zuen oinarri historikoa edozein zela ere-, demokraziaren eta pertsona guztiei oinarrizko eskubideak aitortzen dizkien gizartearen euskarri bezala.

2.2. Pertsonen eskubideak eta gehiengoak. Gizartea sentikor bihurtzea, benetako berdintasun eraginkorra lortzeko funtsezko eginkizun publiko gisa

Emakumeek jaietan parte hartzearen "gatazka" deritzanaren aurrean, eskuarki proposatu izan da gizartearen gehiengoari iritzia eskatu beharko litzaiokeela, elkarren kontrako bi jarrera horiek ikusita, konponbide zuzena zeinek behar duen izan argitzeko.

Jokaera horren maltzurkeria nabarmendu nahi dugu. Erakunde honentzat begi-bistakoa da, eta halaxe azaldu dugu anitz adierazpenetan, jaietan emakumeen berdintasunezko partaidetza baztertzeak urratu egiten duela Konstituzioan eta nazioarteko eta Europako hainbat arautan (besteak beste, Giza Eskubideen Europako Itunean) aitortutako berdintasun printzipioa, eta, beraz, ezin dela gehiengoen jokoaren mende jarri portaera horren egokitasunari edo desegokitasunari buruzko iritzia.

Edozein demokrazia-sistematan, oinarrizko eskubideak gehiengoen jokotik kanpo geratzen dira, izan ere, "eskubideen gainean ez da botorik ematen" esapidearen baitan sartuta dago printzipio hori, eta emakumeek jaietan berdintasunean parte hartzearen kontrako erabakiren bati legitimotasuna emateko saiakera oro eragozten du, nahiz eta erabaki hura gehiengo garrantzitsuetan oinarrituta egon.

2.3. Antolaketa pribatua, jaien arlo honetan azpian dagoen erantzukizun publikoa estaltzeko

Alardeen gatazkaren azpian dagoen funtsezko beste gai bat ekitaldi horien antolaketa publiko edo pribatuaren gaineko eztabaida da. Oro har, herriko jaiak antolatzean, udalerrian bizi diren herritarren taldeek esku hartzen dute, gutxi-asko, baina finantzaketaren eta baliabide material (eta, areago, pertsonal) batzuk antolatzearen erantzukizuna, azken batean, dagokion udalak izaten du gehienetan.

Haatik, antolatzen diren jaietan emakumeek eta gizonek berdintasunean parte hartzeko ikuspegi horrek gehienbat botere publikoak konprometitzen ditu, zehazki, eragindako herrietako udalak. Aipatutako udalek, bidezko aldarrikapen hori sustatu eta bideragarri egin beharrean, parte hartzea saihestu dute eta, horrela, bat egin dute jaiok titulartasun pribatuko erakundeek antolatzeko eskaerarekin. Beraz, lehengo antolaketaren egoera aldatu dute, jaien antolaketa talde pribatuen esku utziz erabat. Jaien titulartasuna eskuz aldatzeko amarru horren bitartez, ekitaldiok berdintasunaren printzipioaren nagusitasunetik banandu nahi izan dituzte, jaiak emakumeen berdintasunezko partaidetza baztertuz ospatzen jarraitzeko.

Gai horri buruz, uste osoa dugu gizarte demokratiko batean, esanahi historiko eta sozial garrantzitsua duten jaiak ez direla esku pribatuetan utzi behar, baizik eta, batez ere, herritar guztien ondare izan behar dutela, are gehiago kontuan hartzen bada herri bateko biztanle guztiek jai propiotzat hartzen dituztela horrelako jaiak, herriaren identitate-elementutzat. Halako kasuetan, jaien antolaketa erakunde pribatuei edo norbanakoen taldeei eskualdatzen bazaie ere, titulartasun publikoak soilik berma dezake kultura-ondare komun hori gordeko dela, eta hark bakarrik ziurta dezake pertsonen arteko berdintasuna guztiz ezarriko dela.

2.4. Botere publikoen betebeharrak, jaietan emakumeen eta gizonen berdintasuna bultzatzeko

Administrazio publikoek euskal herrietako jaiak antolatzen eta abiarazten zenbateraino parte hartzen duten alde batera utzita, botere publiko guztiek, zalantza barik, kendu egin behar dituzte benetako berdintasun eraginkorra eragozten duten oztopoak. Horrela, formalki aldarrikatutako berdintasun materiala lortu nahi da, eta Estatu sozialak eraginkortasunez parte hartzeko duen betekizuna ezartzen da –Estatu liberalaren eredua gaindituz, horrek pertsonen berdintasun formala aldarrikatu besterik ez baitu egiten-, benetan berdintasunezkoa izango den gizartea erdiesteko.

Eraginkortasunez burutu beharreko betekizun horiek dezente argitu dira Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko Eusko Legebiltzarraren otsailaren 18ko 4/2005 Legearen ondorioz. Lege horrek berariaz debekatzen ditu kaleetan barrena igarotzen diren ekintza diskriminatzaileak eta, gainera, betebehar zehatzak ezartzen ditu euskal herri-administrazioek ekintza positiboak abiaraz ditzaten emakumeen eta gizonen berdintasuna eremu guztietan ahalbidetzeko –baita kultura eta jaien eremuan ere-. Zentzu horretan, tresna garrantzitsua da botere publikoek benetako berdintasun eraginkorra eragozten duten trabak kentzeko betebeharra abian jar dezaten.

3. Ondorioa

Herrietako botere publikoek, gainontzeko euskal administrazioek beraien eskumen-eremuetan egin behar duten bezalaxe, ezin diote bizkarra eman gizartearen ezinbesteko aurrerapenari, gizartea bizitzen ari den aldaketa eta berriztatze sakonari, Zuzenbideak bultzatu nahi duen horrexeri. Horregatik, jaiak emakumeentzat eta gizonentzat berdintasunezkoak ez diren Euskadiko tokietan, ez dute lagundu behar esplizituki nahiz inplizituki, anbiguotasunez edo partaidetza saihestuz, herritarraren kontzeptu moztu hori sendotzen. Kontzeptu horrek ezin du lekurik izan gure demokrazia-sisteman, nahiz eta, tamalez, gure gizartearentzat portaera gaitzesgarriak elikatzen dituen oinarri ideologikoa izan. Aldiz, oso garrantzitsua da erakunde publiko guztiek, nork bere eskumenen esparruan, eraginkortasunez eta erabakitasunez parte har dezaten, argiro eta zalantzarik gabe, emakumeentzat eta gizonentzat berdintasunezko alardeak sustatzen.

Iñigo Lamarca

Ararteko

 

Oharra

1. Irunen, bi alardek erakusten dute bereizketa tamalgarri hori: bata berdintasunezkoa da, emakumeek eta gizonek berdintasunean parte hartzekoa, eta bestea diskriminatzailea, emakumeen partaidetzarik ez duena, konpainiek aukeratzen dituzten kantinerak izan ezik. Hondarribian, konpainia batek, Jaizkibelek hain justu, adorez eta ausardiaz defendatzen du urtero emakumeek ospakizuneko desfile horretan parte hartzeko duten eskubidea, herriko kaleetan barrena emakumeei sarrera debekatzen dien alardea igarotzen den bitartean.

Film: Alardearen seme-alabak

2024 © copyright
  • San Sebastián Donostia 2016
  • Donostia Eraikitzen
  • Donostiako Udala. Ayuntamiento de San Sebastián
  • donostiakultura.com. San Sebastián: ciudad de la cultura
  • AIETE: Bakearen eta Giza Eskubideen Etxea