Ez dago kanturik gabeko iraultzarik
(Salvador Allende)
60ko hamarkadan, “Txileko kantu berriak” gizarte-aldaketen inguruko hausnarketa, salaketa eta aldarrikapena egiteko tresna bilakatu zuen kantu herrikoia. Genero honek musika-tresna tradizionalekin interpretatutako musika herrikoia eta izaera politikoa duten hitzak uztartzen ditu, hizkuntza herrikoia erabiliz, langileen eta nekazarien duintasuna aitortzea aldarrikatzen du. Latinoamerikan eta Kariben barrena hedatu zen 60ko eta 70eko hamarkadetan, demokrazia, berdintasuna, justizia eta AEBen esku-hartzearen amaiera aldarrikatzen zuten musika-ahots berriak nabarmentzen ziren garaian. Mundu hobeago baten aldeko hitz eta desioen bidez eraikitako borrokarako mezu positiboa hedatzen zuten.
Konpromisoz betetako kantuek, gatazka sozialaren adierazpen biziek, performance artistikoaren lekua hartu zuten, botere-harremanak zalantzan jartzen dituzten identitate eta jardunbide sozialak aldarrikatzeko xedearekin. Horrenbestez, artearen eta politikaren arteko lotura sortu zen, eta garai hartan Txileko mugimendu artistikoaren oinarri nabarmenena bilakatu zen. Violeta Parra izan zen adierazpide honen aitzindarietako bat, eta langile mugimenduaren borrokari zein herri-nortasun nazionalaren eraikuntzari bere ikono-ondarea eman zien. Halaber, emakume herrikoien ordezkaritza berri bat eraiki zuen bere burua abiapuntutzat hartuta, eskenatokian emakumezkoen jarrera estereotipatuetatik askatzea lortu zuelako.