Zentsurarik gabe Interneten partekatzeko eskubidea

Txina, Kuba, Vietnam, Iran, Saudi Arabia, Siria, Tunez eta Egiptok urteak daramatzate Sarea erabiltzeko neurri murriztaileak aplikatzen, Mugarik Gabeko Kazetariak elkarteak 2009an argitaratutako txosten batek salatutakoaren arabera. Era berean, herrialde horietako gobernuak haserrarazi ditzakeen Interneten erabileraren kontrola eta zaintza sofistikatzen ari dira mendebaldeko enpresen lankidetzari esker, Oxford, Cambridge, Harvard eta Torontoko unibertsitateek integratutako OpenNet erakundeak 2007an salatu zuen moduan.

Mundu osoan gero eta pertsona gehiagok Sarearen bidez informazioa jaso eta datuak partekatzen dituenez, Interneten gaineko kontrola mundu mailako borroka da jada eta interes ekonomiko eta politiko izugarriak daude bere baitan. Gainera, ustez demokratikoak diren herrialdeetan ere, adierazpen eta iritzi eskubidea, informazioa eskuratzeko eskubidea, pribatutasuna izateko eskubidea eta biltzeko eskubidea bezalako oinarrizko giza eskubideak mehatxupean jartzen ditu kontrol horrek.

Prentsa askatasuna, teorian, bermatuta dago herrialde demokratikoetan, baina Interneten ez da oraindik inolako eskubiderik aitortu. Egoerak berak markatzen ditu araudirik eza salatzeko eta internautaren eskubideen aitorpena aldarrikatzeko berariaz anbiguoak eta zehaztugabeak diren estrategiak. Interneten historia laburrean, Wikileaks-ek besterik ez du lortu nazioartean inpaktua eragitea. Irabazi-asmorik gabeko erakunde gisa definitzen den honek, estatu-informazio sekretua –Estatu Batuei buruzkoa batez ere– anonimoki filtratzen du. Leak ("ihesa") eta wiki hitzetatik datorkio izena, hots, bide sekretuetatik ihes egiten duen informazio jarioa da, eta pertsona askoren laguntzaz argitaratzen da.

2010ean Pentagonoari buruzko txostenak filtratu zituen Wikileaks-ek, eta informazio horiek Estatu Batuek Poliziak eta Irakeko Armadak egindako gehiegikeriak, torturak, bortxaketak eta hilketak ikertzea saihesten zutela agerian utzi zuten. Informazioa ospe handiko hedabideei banatu zitzaion, hala nola, The Guardian, The New York Times, Le Monde, Der Spiegel, El País, al Jazeera... 251.187 informaziotik gora filtratu ziren operazio hartan. Haren web-orria mapa digitaletik ezabatzeko etengabeko erasoak zein erakundearen buruari zuzendutakoak arindu egin ziren prentsa askatasunaren babespean eta babes sareei esker –sareko aktibismoa zein asilo diplomatikorako bide desberdinak–.

Azpimarratzekoa da internauten azkartasuna Sareak ezarritako kontrolak saihesteko eta euren ahotsak mundu osoko milioika pertsonei helarazteko. Bestetik, demokraziek Interneten "segurtasuna" eta kosta ahala kostako zaintza aldarrikatzen duten ahotsei lekua emateko hautua egin dutela dirudi, zaintza orokor bat ezartzea ahalbidetuko luketen proiektuak eta lege-proiektuak biderkatzeak erakusten duen moduan. FISAA eta CISPA dira horren adibide Estatu Batuetan, British Communication Data Bill Erresuma Batuan, Wetgeving Bestrijding Cybercrime Herbehereetan, eta Interneten adierazpen askatasuna sakrifikatzen duten dozenaka testu ere, delitu informatikoen aurka borrokatzen ari direla esaten dutenak. Tradizioz giza eskubideen defendatzaile diren herrialdeek legeria mota horiek onartzeak, disidentzia isilarazteko legegintza-arma mordoa izateko argudioak eskaintzen dizkie herrialde zapaltzaileei. Interneten sortzaileek taxututako Interneten eredua (mugaz gaindiko trukerako eta askatasunerako gune bat) etengabe jartzen ari da zalantzan, Interneten zentsura areagotuz eta sareko zaintza gauzatuz.

2009an hedabideek Twitter eta Facebooken gisako sare sozialen erabilera masiboa Iraneko hauteskundeetan eragin zezaketen iritzi eta informazioak partekatzeko baliatzen hasi zirenetik, mundu osoan antzeko ekintzak gertatu dira, hots, Interneten eta mugikorren erabilera herri-mugimenduei lotzeari buruzkoak: udaberri arabiarra, M15 mugimendua eta Occupy Wall Street mugimendua dira horietako batzuk. Horiek guztiek zalantzarik gabe agerian utzi dute Internet borroka eremu bat dela eta, bertan, oraindik ere ahots kritikoak eta eraldaketa energiak sor daitezkeela, eta gizarte-mugimenduentzako ekintza gunea dela.

Internet, halaber, gune komun eta globala da, eta guztiontzako arauak ezarri gabe daude oraindik; gainera, jokoan interes gehiegi dagoenez, zaila da mundu osoko herrialdeek Internet arautzeko adostasuna erdiestea. 2012ko abenduan Nazioarteko Telekomunikazioei buruzko Mundu Konferentzian (WCIT) –NBEko agentzia batek antolatuta– egin zen azken saiakera; bertan, Interneten kontrola eskuratzeko borrokan dauden herrialde aliatuen bi bloke sortu ziren. Ateak itxita egindako proposamen, tailer eta eztabaidetan bi astez murgilduta egon ondoren, akordiorik gabeko ituna adostu zen: Nazioarteko Komunikazioen Araudi berria 89 herrialdek sinatu dute eta 51 herrialdek jendaurrean baztertu dute. Antza denez, "Sarearen neutraltasunaren" defentsa da arbuiatzeko arrazoia.

Interneten herritarren eskubide eta askatasunen aldeko erakundeek eskatutako "Sarearen neutraltasuna" printzipioak bermatzen du Sarean dabiltzan datu guztiak era berean eta inolako murrizketarik gabe tratatzea, datu horien jatorria, edukia edo helmuga edozein izanda ere. Printzipio horren arabera, telekomunikazioen hornitzaileek ezingo lukete enpresa, gobernu edo/eta administrazioen eskariz filtrazioak egin, blokeatu, birbideratu edo zerbitzu edo informazio batzuetara –beste batzuen kaltetan– iristea bultzatu.

Holanda izan da Europan "Sarearen neutraltasunari" buruzko lehen legea onartu duen lehen herrialde europarra –2013ko urtarrilean onartu zuen–, munduan bigarrena Txileren atzetik.

Film: Forbidden Voices

2024 © copyright
  • San Sebastián Donostia 2016
  • Donostia Eraikitzen
  • Donostiako Udala. Ayuntamiento de San Sebastián
  • donostiakultura.com. San Sebastián: ciudad de la cultura
  • AIETE: Bakearen eta Giza Eskubideen Etxea