Lehen Mundu Gerra amaituta (1918), milaka haur zoriaren mende geratu ziren, umezurtz edo abandonatuta, erabateko hauskortasun egoeran. “Gerra handiaren" basakeriak giza eskubideekiko, eta bereziki, haurrei lotutako eskubideekiko, sentsibilizazioa ernatu zuen mundu osoan. Nazioen Elkarteak, bake eta nazioarteko harremanetarako oinarriak ezartzea xede zuen nazioarteko erakundeak, Genevako Adierazpena onetsi zuen 1924an. Adierazpen horretan, lehen aldiz, haurrei berariaz dagozkien eskubideak daudela aitortu eta adierazi zen, eta eskubide horiek arraza, sexu, herritartasun, sinesmen edo kidetasun politikoen gainetik zeudela. Halaber, helduek adierazpen hori bete dadin ardura eta erantzukizuna dutela azpimarratu zuen. Hala ere, asmo hutsen adierazpen gisa geratu zen, testu horrek ez baitzuen estatuentzako indar juridiko loteslerik. Beranduago, Bigarren Mundu Gerran zehar (1939-1945), milioika zibilen eskubideak basakeriaz urratu ziren berriz ere, eta bi bandoetako haurrak biktima errugabe bilakatu ziren.
Film: Lore