Burujabetza ekonomikoa eta autokudeaketa neoliberalismoaren krisiaren aurrean

Argentina politika ekonomiko neoliberalaren esperimentua izan zen, eta sekulako porrota ekarri zuen. 90eko hamarkadaz geroztik, Argentinako klase politikoak agertoki ekonomikotik aldendu zuen Estatua hamar urte baino gehiagotan, 200dik gora enpresa publiko eta petrolioa bezalako bertako energia-baliabideak pribatizatuz. Gauzak horrela, ekonomia argentinarraren suspertzea merkatuaren "magiaren" esku utzi zen, eta horrek, hain zuzen ere, kontrako ondorioak eragin zituen. Egoera honen amaiera 2001eko eztanda sozialak ekarri zuen, corralito izenekoa jakinarazi zenean. Kapitalek ihes egitea saihesteko neurri honek aurreztaileek egunero eskura zezaketen diru kopurua mugatzen zuen. Neurri honek sekulako haserrea eragin zuen gizartean, eta protesta masiboak izan ziren, tartean heriotzak ere gertatu zirelarik. Egoeraren aurrean, dimisioa aurkeztu zuen presidenteak.

Zenbait astetan presidentziarako izendapenak eta kargu-uzteak gertatu ondoren, demokratikoki hautatutako Gobernua egonkortzea lortu zen, eta Gobernu horren helburu premiazkoena zorra berregituratzea zen. Argentinak ordainketa bakarrean ordaintzearen aldeko hautua egin zuen: Estatuak zorra guztiz kitatzeko egoki zeritzon zenbatekoa aurreratu zuen eta haren ustez zor ez zena ordaintzeari utzi zion. Era horretara, Nazioarteko Diru Funtsarekin ia mende erdia baino gehiago iraun zuen harreman gatazkatsua "onbideratu" zuen azkenean.

Krisi argentinarraren ostean oinarri sozialetik sortutako antolaketako esperientziek zein ekonomikoek duintasuna itzuli zieten herritarrei. Trukearen merkatua, berreskuratutako fabrikak, langileek kudeatutako kooperatibak, auzoetako batzarrak, demokrazia zuzenaren jardunak... gizarte- eta elkartze-ekonomia hasiberriaren adibideak dira. Familia askorentzat sostengua izateaz gain, oro har, neoliberalismoaren globalizazioari eusteko alternatiba dira. Kudeaketa kapitalistaren ereduak krisia eragin du zenbait herrialdetan, besteak beste, Grezia, Irlanda, Portugal edo Espainian.

Argentina ez da kasu isolatua Latinoamerikan, izan ere, beste gobernu batzuek ere, Ekuadorrekoak kasu, Nazioarteko Diru Funtsarekin zuten zorra ordaintzeari uko egin diote, eta zor ordainezina bere gain hartzen jarraitzeko beharrezkoak diren erreskatearen kreditu berriak lortzeko inposatutako austeritate ildotik –sine qua non baldintza– ateratzearen alde egin dute.

Desberdintasuna nabarmena da 80ko eta 90eko urteetan bizitutako egoeraren eta egungo egoeraren artean; lehenean, zorraren epizentroa hegoaldeko herrialdeetan kokatzen zen, eta egun, 2008az geroztik, berriz, Europan kokatzen da. Gaur egungo krisia bankuen krisiak eragindako zor pribatuaren –ondoren, zor publikoan bilakatutakoa– eztandatik iritsi da.

Egun, PIIGS izeneko herrialdeak (Portugal, Irlanda, Italia, Grezia eta Espainia) dira krisiari egoera txarrenean aurre egiten ari diren eta zor subiranoa hartzearen aldeko hautua egin duten Europako periferiako herrialdeak, eta Troika izenekoaren –Europako Banku Zentralak, Nazioarteko Diru Funtsak eta Europako Batzordeak osatutako aliantza– antzeko kontrola jasaten ari dira. Erakunde horiek austeritate politikak, gastu publikoaren murrizketa, lan merkatuaren prekarizazioa, soldaten izoztea eta, besteak beste, osasuna, hezkuntza eta erretiroak hartzen dituzten gizarte-zerbitzuak progresiboki ezabatzea bultzatzen ari dira. Azken batean, ahalegin handiz lortutako eskubide ekonomiko, sozial eta kulturalak murriztea bultzatzen ari dira.

Hartutako kredituen ondorioz, Troikak aginte eta botere ez-legitimoa du "erreskatatu" diren herrialdeetako gobernuen gainean, botere hori inolako erabaki demokratikoko prozesutik sortu ez bada ere. Gainera, ez ditu herritarrak ez eta horien interesak ordezkatzen ere, eta hortik datorkio aipatutako izaera ez-legitimoa. Baliteke legezko erabakia izatea, gobernuek beraiek hartutako erabakia izan delako, baina ez da legitimoa, higiezinen burbuilak eta bankuen krisiak eragindako zorrak bere gain hartzera behartzen dituelako herritarrak, negozio horiek interes pribatuei dagozkiela kontuan hartuta.

Garrantzitsua da berriz ere atzera begiratzea egoera horien protagonistek bizitutako esperientzietatik ikasi ahal izateko. Urte luzeetan pobretutako herrialdeen zorra bertan behera uztearen aldeko borrokan jardun diren nazioarteko batzorde eta sareetako ekintzaileen arabera, funtsezkoa da herritarrek, gizarte-mugimendutik, behetik, zorraren gaineko kontu-ikuskaritzak egitea. Horrela, oinarrien mobilizazioa eta antolakuntza astinduko lirateke, eta, halaber, zorra ulertzen eta jendeak orokorrean zorra ulertzeko duen modua aldarazten lagunduko luke; izan ere, kontrola darabilten bankuek, nazioarteko erakundeek eta hedabideek ideia faltsu bat eraiki dute, hots, defizit publikoa gehiegizko Ongizate Estatuaren ondorioz gastu sozialean egindako xahuketaren ondorioa dela.

Herritarrek kontu-ikuskaritza egiteak ez du soilik analisi bat egitea adierazten; zor ez-legitimoaren ordainketa bertan behera gelditzea eskatuko duen mobilizazioa eragiteko ere balio du. Ekuadorreko herri-mugimenduek urte luzez kontu-ikuskaritzak burutu zituzten oinarrietatik, eta, ondoren, Gobernuak –Correaren Gobernuak– ikuskatzea eta zor ez-legitimoa ordaintzeari uztea erabakitzea lortu zuten.

Bestetik, sistemak baztertzen edo kaleratzen dituenean oinarritik sortzen diren ekonomia sozial alternatiboaren bestelako esperientziak sustatu eta biderkatzea oso garrantzitsua dela ulertu behar da. Era berean, esperientzia horien berezko ezaugarriak ere ulertu behar dira, hala nola, parte-hartzea, gardentasuna, bertakoarekiko lotura, lankidetza, genero ikuspegia, ingurumenaren oreka edo kapitalaren eta jarduera soberakinen tratamendua.

Parte-hartzea funtsezkoa da ekonomia sozialeko esperientziak indartu, bertako errealitateak ulertu eta horiekin hizketan jarduteko. Gizarte-oinarri konprometitua, motibatua eta bizia, eta esperientzia horien garapenaren protagonista sentitzen dena baldin badago, sareko lana beste esperientzia batzuekin sustatzeko aukera sortzen da, eta baita ekintza kolektiboa eta maila desberdinetan jakintza eta baliabideen trukea sustatzekoa ere. Parte-hartzerik gabe, ekonomia alternatiboak ahalmen eraldatzailea galtzen du, ekonomia sozialeko esperientzien "alderdi soziala" ahuldu egiten da, eta dimentsio politikoa eta legitimotasunaren zati handi bat ere desagertu egiten dira.

"Gauza horiek guztiak azaltzen dituen egitura unibertsala dago eta haren kontra borrokatzeari eta aintzat hartzeari ekin dio Latinoamerikak: etorkizuna ez dela halabeharra, beste garai batean greziarrek horrela uste bazuten ere. Egia esan, etorkizunari men egin beharrean, posible da berau irudikatu eta asmatzea". (Eduardo Galeano)

Film: The Argentina Experiment

2024 © copyright
  • San Sebastián Donostia 2016
  • Donostia Eraikitzen
  • Donostiako Udala. Ayuntamiento de San Sebastián
  • donostiakultura.com. San Sebastián: ciudad de la cultura
  • AIETE: Bakearen eta Giza Eskubideen Etxea