Munduko osoko 20 eta 24 urte bitarteko 60 milioitik gora emakume 18 urte bete aurretik ezkondu ziren 2010ean; kasu gehienetan, gurasoek bultzatuta, eta normalean haiek baino askoz ere gizon zaharragoekin eta iritzia emateko inolako eskubiderik izan gabe.
Haurren ezkontza behartuak neskatoen osasunerako arriskutsuak izateaz gain, neskato horien oinarrizko eskubideak urratzen dituzte eta baita haien sexu eta ugaltze eskubideak ere, euren gorputzaren eta bizitzaren gainean erabakiak hartzeko inolako autonomiarik edo oso autonomia urria dutelako. Herrialde pobre askotan, emakume nerabeen heriotza arrazoi nagusia haurdunaldiarekin eta erditzearekin lotutako arazoak izan ohi dira. 14 urteko neskatoek zein gazteagoek erditzeko orduan hiltzeko dituzten aukerak 20 eta 24 urte bitarteko emakumeenak baino bost aldiz handiagoak dira.
Baina jardun horiek Europan ere gertatzen dira, gai horri buruz argi eta garbi ez hitz egin arren. Jardun horien aurka borrokatzeko lege-esparruak zehaztutako legeak eta araudia oso desberdinak dira Europako herrialdeetan. Ezkontza derrigortua krimentzat jotzen du Alemaniak eta bide penaletik zigortzen da. Beste herrialde batzuetan, Suedian edo Estatu espainiarrean esaterako, egungo Zigor Kodeak ez du delitu gisa tipifikatzen.