Droneak: aparatu onuragarriak eta/edo kaltegarriak?

Tripulatu gabeko gailu hegalariak badirudi gure egunerokotasuneko elementu bihur daitezkeela datozen urteetan. Droneen erabilera komertzialaren eta profesionalaren inguruko neurriak eta araudiak oraindik murriztaileak diren arren, aire-espazioan aldaketak sumatzen direla esan daiteke.

Bizitza zibilera heldu aurretik, aparatu hauek helburu militarretarako erabili izan dituzte. 2001eko irailaren 11ko New York-eko atentatuak gertatu zirenetik, Pentagonoak eta CIAk droneak erabili dituzte Yemen, Irak, Libia, Somalia, Afganistan edo Pakistan bezalako herrialdeetan egindako operazio antiterroristetan.

Drones. La muerte por control remoto izeneko liburuaren egile Roberto Montoya kazetariak dio, Bush-en agintaldian –2001etik 2009ko urtarrilera arte– hildakoak eragin zituen 50 eraso inguru egin zirela dronen bitartez, baina kopuru hori izugarri handitu zela Barack Obama lehendakaritzara iritsi zenean. Izan ere, boterera heldu eta hiru egunetara –2009ko urtarrilaren 23a– lehen erasoa agindu zuen Pakistanen, Al-Qaedako kide susmagarri bat eta inguruan zeuden hamabost zibil erailez. Kazetariak dio, orduz geroztik 5.000 biktima inguru eragin dituzten 400 eraso inguru zenbatu direla. Biktima horietako % 1,5 edo 2 baino ez ziren buruzagiak; gainerakoak milizianoak, indarrez erreklutatutako nekazariak askotan, eta 1.000 biktima zibil inguru.

Eraso gehienak Iparraldeko Waziristan-en (Pakistan) egin dira, Afganistanekin mugatzen duen eremu tribal batean. 2001. urtearen amaieraz geroztik bertan babesten dira talibanak eta Al-Qaedako kideak. Bertan dauden eremu batzuk matxinatuen operaziotarako base gisa erabiltzen dituzten arren, inguru horretan talde armatuen zein Pakistango armadaren eta AEBko droneen etengabeko mehatxua sentitzen duten 840.000 zibil inguru bizi dira, Amnesty International-en 2013ko txosten baten arabera. Txosten horretan, erasoen kopuruak gora egin duela ohartarazten da.

Tripulaziorik gabeko aparatu hauek “pilotatzen” dutenek milaka kilometrotara daudela egiten dute tiro eta hiltzen dute. Pertsona horietako asko bideojokotan adituak dira, euren Play Station-etako jokoak errealitate eginez. Eta joko bat izango balitz bezala, ekintza horiek burutzen dituztenak ez dira jabetzen benetan nolako kalteak ari diren eragiten, erasoak egiten dituzten lekutik urrun daudelako eta aparatu hauek erabiltzen dituzten programek "joko" baten itxura dutelako.

Arlo militarrean garatu ondoren, droneak gure artean geratzeko etorri direla dirudi. Teknologia berri hau jarduera eta esparru askotan erabil daiteke: ikerketan eta garapenean, suteak itzaltzeko, nekazaritzan, behaketan eta zaintzan, publizitatean eta hedabideetan, zineman, baita larrialdietan, bilaketetan eta salbamenduetan ere. Droneen funtzio zabalduenen artean zaintza-lanak egiteko erabiltzea dago. Europako hainbat polizia-sailek jada badituzte tresna hauek. Adibidez, 2013an Ipar Irlandan egindako G8-ren bilera gainetik zaintzeko eta babesteko erabili zituzten.

Tresna hauen teknologia oso azkar garatu da eta, aldi berean, kostuak izugarri murriztu dira. Ondorioz herritarrentzako eskuragarri bihurtu dira. Hala ere, droneen erabilera arduratsua ziurtatzeko pribatutasun-legeak ez dira behar bezain argiak.

Egoera horren aurrean, Espainiako estatuan, tresna horien erabilerak lege-mailan zuen hutsunea ikusita, 2014ko uztailean Ministroen Kontseiluak droneekin lan egiteko aldi baterako esparru arautzaile bat onartu zuen. Besteak beste, araudi honetan tresna horiek non erabili ahal izango diren –aireontziaren pisuaren arabera– adierazten da. Behin betiko araudia onartzen den arte, gauzatu daitezkeen eragiketak kontrolatu gabeko aire-espaziora eta jenderik ez dagoen zonatara mugatuko dira.

Bien bitartean, Correos edo Amazon bezalako enpresek jada iragarri dute urte batzuk barru paketeak droneen bitartez banatzeko duten asmoa. Bestalde, Estatu Batuetako gobernuak araudi berriak jakinarazi ditu, droneak enpresa-arloan erabiltzeko eta helburu militarrekin esportatzeko. Eztabaida publikoko fasearen ondoren –ustez 2017 baino lehen amaituko ez dena lege bihurtzeko–, 7.000 enpresa baino gehiagok, hiru urtetan, AEBn droneak hegan egiteko baimena lortuko dute. Euskadin jada 30 enpresa, elkarte edo hezkuntza-erakunde inguruk dihardute tramankulu honen garapenean edo aplikazioekin lanean.

Hala ere, droneak bizitza zibilean erabiltzearen berrikuntzak, iristen zaila den espaziotara irisgarritasuna edo azkartasuna bezalako onura jakin batzuk eskaintzeaz eta aurrerapenak ekartzeaz gain, segurtasunaren inguruan eta droneak erabiltzen dituztenen erantzukizunaren eta helburuen inguruan zalantza eta beldur asko ere eragiten ditu.

Azken batean, tresna hauek erabiltzeak arriskuan jartzen du pertsonen intimitatea eta pribatutasuna? Zoom lenteak eta iluntasunean xehetasun osoz ikusteko sentsoreak dituzten “begi berri” hauen zaintzapean sentiarazteak nola eragingo luke gure jokabidean?

Horrela, alde batetik, teknologia berriek eskaintzen dituzten onuren eta aurrerapenen, eta, bestetik, teknologia berri horien erabilera etikoaren eta arduratsuaren arteko eztabaida zabaltzen da.

Film: Drone

2024 © copyright
  • San Sebastián Donostia 2016
  • Donostiako Udala. Ayuntamiento de San Sebastián
  • donostiakultura.com. San Sebastián: ciudad de la cultura
  • AIETE: Bakearen eta Giza Eskubideen Etxea