Lana galtzeak, krisi ekonomikoak, gerrak, errepresio politikoak edo aurrera egiteko aukerarik ez izateak bultzatuta, urtero munduan milioika lagun euren herriak edo etxeak utzi eta bizitza duinago baten bila joaten dira; baina kasu askotan, biziraute soileko proiektu batean bihurtzen da: bizi, lo egiteko leku bat edukitzeko.
Caritasen arabera, Espainian “etxerik gabeko” 40.000 lagun inguru daude. Erakundeek egindako azken ikerketek Euskal Autonomia Erkidegoan 1.836 lagun egoera horretan daudela adierazi dute. Asko atzerritarrak dira. Kasu dezentetan bizi duten egoera irregularrak pobreziatik eta txirotasunetik ateratzeko aukerak oraindik gehiago murrizten die, euren eskubideak gauzatu ezin dituztelako. Era horretan, askotariko marjinazioari, diskriminazioari eta zaurgarritasunari egin behar diete aurre. Ondorioz, lana aurkitzeko aukera galtzeaz gain, arlo sanitarioan eta gizarte-mailan baztertuak gelditzen dira, besteak beste.
Hainbat gertakariren ondorioz, pertsona hauek kale gorrian eta sistematik kanpo geratzen dira. Eta sistema horrek berak baztertzen ditu pertsona hauek, hark ezarritako arauak betetzen ez dituztelako. Izan ere, laguntza baliabideak erregulatu nahian, horiek jasotzeko arau eta baldintzak zorrozten ditu, eta, berriro ere, pertsona horiei marjinaziotik ihes egiteko bidea aurkitzeko aukera ukatzen die.
Film: L'abri