Gasaren borroka

Estatu Batuak gasaren “erauzketa-iraultzan” murgildu dira eta Europako herrialde batzuek erraldoi amerikarrak hasitako bideari jarraitu nahi diote. Polonia izan da horren sustatzaileetako bat.

Baina, zer da fracking edo haustura hidraulikoaren prozesua? Arbel-gasa –ezohiko gas bezala sailkatua– erauzteko erabiltzen den teknika bat da. Oso sakonean dauden arbel-geruzatan harrapatuta, teknika honen bitartez lur azpia zulatzen da, eta ondoren, zenbait etapatan, milaka tona ur, hondarrarekin eta gehigarri kimikoekin nahastuta, injektatzen da gasa askatzeko. Praktika honen erabileraren inguruko eztabaida mahai gainean dago, eta elkarte ekologista asko honen aurka agertu dira. Horien artean, Fracking ez! izeneko plataforma.

Izan ere, 2011. urtean, orduko lehendakariak Texasen iragarri zuen Arabako lurren azpian ezohiko gas-erreserbak zeudela. Horrela, Enara Handia proiektua eman zuten ezagutzera. Nagusiki Araban kokatua badago ere, Burgos, Kantabria, Bizkaia eta Nafarroako lurrak ere barne hartzen ditu. Duela bost urte, Industria Ministerioak SHESA (Sociedad de Hidrocarburos de Euskadi S. A.) enpresa publikoari lehen ikerketak egiten hasteko baimena eman zion. Beranduago, lan horiek ustiatzeko, SHESAk (%44) eta mota honetako gasa erauzten diharduten Estatu Batuetako enpresek osatutako partzuergoa eratu zuten.

Une honetan, Enara Handia proiektua prospekzio-zundaketak egiteko ingurumen-inpaktuaren azterketa bideratzeko fasean dago EAEn, eta bertan egon daitezkeen hobiak ustiatzeko helburua du.

Fracking ez! plataformak salatzen duenez “ezohiko” gas hau erauzteko lurpean injektatzen den ur kutsatua iragazi daiteke eta Arabako Subijanako akuiferoa kutsa dezake, ingurumenean eta osasunean kalte itzulezinak eraginez. Gainera adierazi dute, teknika honen ondorioz metanoa emititzen dela (berotegi-efektua handitu), lur-mugimenduak gertatzen direla, habitata suntsitzen dela, kutsadura akustikoa gertatzen dela eta lohi toxikoz betetako lurgaineko putzuak sortzen direla.

Euskal Herrian hau ez da aurreikusitako proiektu bakarra. Izan ere, 2013. urtearen hasieran Espainiako Industria Ministerioak Frontera Energy Corporation S. L. enpresari baimenak eman zizkion gas mota hau Bizkaiko Sopela eta Bermeo herrien artean eskuratzerik bazegoen ikertzeko. Proiektu horrek Geminis du izena. Gainera, baimenak jaso ditzaketen prospekzioen mapak EAEko (Gipuzkoan) eta Nafarroako beste leku batzuk ere barne hartzen ditu.

Euskal Autonomia Erkidegoaren kasua berezia da, bertan ikerketak Administrazioak berak (EVE eta SHESA bidez) sustatzen dituelako. Era berean, Eusko Legebiltzarrak frackinga debekatzeko Herri Ekimen Legegilea bideratu du 100.000 sinadura baino gehiago (30.000 nahikoak zirenean) bildu ondoren.

Kantabria, Katalunia eta Nafarroa bezalako beste autonomia-erkidego batzuetan frackingaren aurkako alderdi politikoen gehiengoaren iritzia bertako araudietan jasotzen saiatu dira. Hala ere, Auzitegi Konstituzionalak frackinga debekatzeko lege hauek baliogabetu egin ditu, meatze- eta energia-erregimenaren gaineko eskuduntzak Estatuarenak –eta ez autonomia erkidegoenak– direla argudiatuz. Eskuduntzen gatazka haratago doa eta irteerarik gabeko begizta batean sartu da: oinarrizko gaietan Estatuak eskuduntza osoa duen arren, ingurumenari eta lurraldearen antolamenduari buruzko zenbait eskuduntza autonomia erkidegoen eta udalen esku geratu ziren, eta azken hauen baimenik gabe erauzte-proiektuak bideraezinak gerta daitezke.

Askotan oposizio sozialari eta politikoari “konpentsazio” ekonomikoaren bitartez gailentzen zaie. Horren haritik, Espainiako Gobernuak Hidrokarburoen Legearen erreforma bideratu du, produkzioagatik jasotzen diren tasak handituz. Eta tasa horietatik etekina atera ahalko dute autonomia erkidegoek, udalerriek eta lurren jabeek.

Baina, zergatik gertatu da frackingaren booma? Frackingari lotutako lehia AEBn gasa eskuratzeko teknika hobetu ondoren hasi da, ustezko “energia-independentzia” lortzeko helburuarekin. Nolabaiteko “arrakasta” izan zuten lehen praktikak duela 10 urte baino gehiago hasi zituzten Texasen eta, berehala, herrialde horretako gainerako estatuetara zabaldu ziren. Herrialdea energia-produktore garrantzitsu bihurtu da. Horrek eta beste hainbat baldintzek erabiltzaileentzako prezioak nabarmen behera egitea ekarri dute. Erauzte-teknika hauen bitartez AEBn petrolio- eta gas-produkzioak jasan duen indarberritze honen ondorioz, mundu-mailako energia-mapa aldatzen ari da. Gainera, IHS bezalako aholkularitza-etxeek aurreikusi dute, hamarkada honen amaierarako, industria honen inguruan, hiru milioi lanpostu baino gehiago sortuko direla Estatu Batuetan.

Egoera horren aurrean, ez da harritzekoa teknika horiek defendatzen duten taldeak, erakundeak edo sektore akademikoak egotea. Hala ere, hainbat gizarte-taldek, ekologistek eta ikerketek ohartarazten dute frackingak izugarrizko zalantzak eragiten dituela zeharkako eta ingurumeneko arriskuei dagokienean. Gainera, baliabide fosil mugatuen ustiapenaren mende ez dagoen energia-ereduaren aldeko aldaketaren alde egiten dute.

Salatutako arriskuak ikusita, Europan frackingaren teknika debekatua dago Frantzia eta Bulgaria bezalako herrialdetan. Bestalde, AEBn, New Yorken frackinga debekatua dago osasun publikoko eta ingurumenari lotutako arrazoiengatik. Hiri horretako osasun sailak agindutako azterketa batek dio, datuak mugatuak diren arren eta praktikaren datu errealak zehazteko dauden arren, herritarren osasunean, eta uraren eta airearen kalitatean eraginak handiak izan daitezkeela. Denton –Texas– hirian ere frackinga debekatu egin da. Erauzketak etxeetara hurbildu diren neurrian, herritarren kexek eta praktika horrek ingurumenean eta uretan izan ditzakeen ondorioen zalantzek praktika hori debekatzea ekarri dute. AEBn polemika guztion ahotan dago eta Europara zabaltzen ari da. Dena dela, energia berriztagarrietan –ekonomiari eta ingurumenari dagokienean iraunkorragoak– oinarrituko den energia-eredu berri bat lortzea izango litzateke erronka, mozkin ekonomiko soilak edo botere-borrokak alboan utziz.

Film: Drill Baby Drill

2024 © copyright
  • San Sebastián Donostia 2016
  • Donostiako Udala. Ayuntamiento de San Sebastián
  • donostiakultura.com. San Sebastián: ciudad de la cultura
  • AIETE: Bakearen eta Giza Eskubideen Etxea