Genozidio armeniarra. Mendeurrena. 1915-2015

Oroilorea 1.500.000 lagun inguru hil ziren genozidio armeniarraren mendeurrenaren sinboloa da. Mendeurren hori aurtengo apirilaren 24an oroituko da. Aro Modernoko lehen genozidio sistematikotzat jo da eta, Holokausto juduaren ondoren, gehien aztertu dena da. “Oroitzen dut eta eskatzen dut” lemapean, sinbolo horrek genozidioa aitortzea aldarrikatzen duen herri baten –herri armeniarra– iragana, oraina eta etorkizuna irudikatzen ditu. Izan ere, gaur egun herrialde askok genozidioa egon zela ukatzen dute. Turkiako Errepublikak genozidio armeniarra ukatzen du eta Israel edo Espainia bezalako hainbat estatuk ez dute ofizialki onartu. Frantzia eta Suitza bezalako herrialde batzuek genozidioa gertatu zela ukatzen dutenen aurka neurriak hartzen saiatu dira. Hala ere, lege eta gaitzespen horiek ezerezean geratu dira, konstituzioaren aurkakotzat aitortu dituztelako (Frantziaren kasuan) edo Giza Eskubideen Europako Auzitegiak, “adierazpen-askatasunaren aurkakotzat” jo ondoren, baztertu egin dituelako.

Genozidioaren historia gogoratzen badugu, 1915 eta 1918 urteen artean, Gazte Turkiarrek gidatutako Otomandar Inperioak kristau gutxiengo armeniarra kanporatzeko politika sistematiko bat burutu zuen. Hala ere sarraskiak askoz ere lehenago hasi ziren, XIX. mendearen amaiera aldera, eta genozidio krudelaren ondorengo urteetan jarraitu zuten. Horrela, 1923an komunitate armeniarra ia desagertu zen “Armenia turkiarra” bezala ezagutzen zen lekutik. Izan ere, izugarrikeriatik eta krudelkeriatik ihes eginez, bizirik atera zirenek erbestera joan eta bost kontinenteetako leku diferentetan sakabanatu behar izan zuten. Diaspora armeniarra da hori.

XIX. mendearen amaiera aldera, Errusiar Inperioaren (Ekialdeko Armenia) eta Otomandar Inperioraren (Mendebaldeko Armenia) artean banatuta zegoen Armenia. Otomandar Inperioan komunitate kristaua eta judua “bigarren mailako herritartzat” jotzen zituzten. Nazionalismo armeniarraren hazkuntza geldiarazteko helburuarekin, 1894tik 1896ra Abdul-Hamid II.a sultanak hainbat sarraski gauzatu zituen herritar armeniar kristauen aurka –gogorrena 1895ean–. Sarraski horietan milaka zibil hil zituen.

XX. mendearen hasieran, inperioan zeuden etnia diferenteak "turkiar egiteko" asmoa indartu egin zen, batez ere Gazte Turkiarren artean –gobernuan zegoen erreformista-talde bat–. Horrela, estatu turkiar berri bat eraikitzeko helburuarekin, eta nazioarteko komunitatea batez ere Lehen Mundu Gerrara begiratzen ari zela aprobetxatuz, gobernuak erasoak gogortu zituen.

Genozidioaren funtsezko data 1915eko apirilaren 24a izan zen, Ararat mendiko kono bolkanikoak nagusitzen diren eskualdean indarkeria piztu zenean. Egun horretatik aurrera gobernuak buruzagi erlijioso, politiko eta intelektual armeniar nagusiak atxilotu, erbesteratu eta, ondoren, hil egin zituen. Hartutako neurriek armeniar guztiengan izan zuten eragina. Gizonak armada otomandarrarekin borrokatzera edo behartutako lan batailoietan lan egitera behartu zituzten. Hiltzen aurrenak izan ziren. Gainerakoak –Armenia historikoko eta Anatoliako emakumeak, haurrak, gazteak eta adinekoak– etxeak uztera behartu zituzten eta basamortuan barrena “heriotzaren martxak” egitera zigortu zituzten. Gehienak egarriz, gosez, nekez, gaixotasunez eta karabanetan eta/edo Siriako basamortuko kontzentrazio-esparruetan jasaten zituzten gehiegikeria fisikoen ondorioz hil ziren.

1918ko urriaren 24an gobernuak, Gerra Nagusiaren testuinguruan hainbat bataila galdu ondoren eta herrialde aliatuen presiopean, armeniarren itzulera onartu behar izan zuen. Ondorengo urteetan epaiketak egin ziren eta sarraskietan parte hartu zutenen aurkako zigorrak eman zituzten, armeniarren aurkako jazarpenek jarraitu zuten arren. Aldaketa sozial eta politikoen ondorioz, neurri horiek guztiak ahaztuta geratu ziren; izan ere, 1923. urtean –Turkiako Errepublika izendatu zuten urtean bertan–, gerra-kriminal gisa zigortu zituzten turkiar guztiak errugabe deklaratu zituen lege batek, eta armeniarrei Turkiako lurraldeetara itzultzea debekatu zieten.

Komunitateak 3.000 urteetako oinordetza eta ondare gehiena galdu zuen, besteak beste, liburutegiak erre, elizak profanatu eta herriak suntsitu ondoren.

Bizirauteko baliabiderik gabe eta estatu nazional bat gabe, armeniarrak babesa ematen zieten herrialdetara joan ziren bizitzera. Planeta osoan zehar sakabanatu ziren arren, kopuru handiena Estatu Batuetan bildu zen.

Gaur egun Armenia Errusiar Inperioak kontrolatzen zuen zatian dago. 1991. urteaz geroztik errepublika independentea da. Bertan hiru milioi eta erdi lagun bizi dira, bost kontinenteetan banatutako diaspora 7 milioi lagun inguruk osatzen duten bitartean. Bost kontinente horiek oroilorearen bost petaloen bitartez irudikatzen dira.

Genozidioa gertatu zenetik ehun urte pasatu ondoren, herri armeniarrak euren arbasoek jasan zutena ez ahazteko, justizia egiteko eta eragindako kalteak aitortzeko eskatzen du.

Informazio gehiago: Armeniako Kontseilu Nazionala

www.genocidioarmenio.org

Urartu Azterketen eta Ikerketen Zentroa

 

Film: The Cut

2024 © copyright
  • San Sebastián Donostia 2016
  • Donostiako Udala. Ayuntamiento de San Sebastián
  • donostiakultura.com. San Sebastián: ciudad de la cultura
  • AIETE: Bakearen eta Giza Eskubideen Etxea