Gerra zibilaren eta gerraostearen oihartzunak
Askok uste dute gerra zibila –eskuineko indar politikoekin eta ekonomikoekin adostua egin zen Errepublika legitimoaren aurkako estatu-kolpe militarraren ondorioa– iraganeko kontua dela eta ahaztu dezakegun –edo beste batzuen arabera, ahaztu behar dugun– zerbait dela. Hala ere, gure ustez, oraindik, eragin handia dauka gure gizartean: konturatu ala ez, gutako asko hain gertakari traumatiko haiek baldintzatu gaituzte. Gerra haren errepresiozko ondorioak lau hamarkada baino gehiagoz luzatu ziren eta, oraindik, belaunaldiz belaunaldi transmititzen jarraitzen dituzte.
Gure gizartean ere pentsatzen da Gipuzkoar gehienak abertzaleak eta/edo errepublikarrak zirela, gehienek ideologia bera zutela eta altxamenduaren aurka zeudela. Hau da, gure inguruan ez zegoela frankismoa babesten zuen inor.
Baina errealitate historikoa beste bat da. Herri guztietan egon zen armak hartu zituen norbait: batzuek Errepublika defendatuz eta besteek kentzen saiatuz.
Eta gerra amaitu ondoren “Erregimen berria” heldu zen, gure lurraldean indarrez inposatu zen erregimena, lagunak eta familiak “irabazleen” eta “galtzaileen” artean banatu zituen erregimena.
Gerra zibilaren garaian 2.000 biztanle inguru zituen Villabona da Euskal Herriko beste leku batzuetan gertatzen ari zenaren adibide. Herri honetan eskuineko eta ezkerreko pertsonak zeuden. Herrian, berez, bataila-fronte bat egon ez zen arren, bertako batzuek kolpe militarraren aurka borrokatu zuten eta beste batzuk frontean borrokatzera joan ziren altxatutako tropekin. Eta gerraren ondoren, hil ez zirenek, ihes egin ez zutenek edo espetxean sartu ez zituztenek berriro ere elkarrekin bizi eta espazio bera partekatu behar izan zuten, irabazle edo galtzaile izan kontuan hartu gabe.
Azken urte hauetan elkarte, talde eta ikerlari askok dokumentatu dituzte gerra zibileko gertakariak. Baina ondoren zer gertatu zen jakin nahi genuen guk. Horregatik, elkarrekin bizi izan zirela jakinda, eta gaur egun Villabonan zauri horiek ustez itxita daudenez, galdera hau egin genion geure buruari: Kaleko jendeak zer egin zuen horri guztiari aurre egiteko? Nola lortu zuten bizikidetza berreraikitzea?
Villabonara joan eta adinekoei gerraostean zer bizi izan zuten galdetu genien, nolako sentsazioak izan zituzten, egoerari nola egin zioten aurre, galtzaile gisa zer sentitu zuten –“irabazle” gisa identifikatu zen edo “irabazleen” oinordeko gisa identifikatu zen inork filmerako hitz egin zezan lortu ez genuelako–. Gainera, herriko gazteei kontatzeko eskatu genien.
Eta euren esperientziez, beldurrez, zalantzez, ikusi zituzten keinuez eta entzun zituzten gauzez haiei hitz egiten entzuten hasi ginenean, orduko esperientzia horiek transmititzeko eta ez ahazteko betebeharra eta ardura genuela sentitu genuen. Izan ere, baliagarriak izan zitezkeen gaur egungo belaunaldientzat; hauek ere, beraiek bezala pentsatzen ez duten pertsonekin bizikidetza-arazoak gainditu behar izan dituztelako, behar dituztelako eta beharko dituztelako.
Eta horrela sortu zen Negar franko egingo zuen aitak. Lan honek orduko gertakarietara hurbilduko gaituen beste kapitulu bat izan nahi du: gerran gertatutakoa nahiko ondo ezagutzen dugu; orain, ondoren zer gertatu zen jakin nahi dugu.
Gure film ertaina lan kolektiboa da, norberaren oroitzapenak kontatu zizkiguten eta isiltasuna apurtu zuten –kasu batzuetan lehen aldiz– villabonarren, eta euren denbora eskaini ziguten, galderak egin zituzten eta kezkak adierazi zituzten gazteen laguntza ezin baliotsuagoarekin egina. Baita babesa eman zuten entitateen laguntzarekin ere: Gipuzkoako Foru Aldundia, batez ere, eta Villabonako Udala, Aritza Kultur Elkartea eta Mondragon Unibertsitatea. Gertakari haiek jasan zituztenek lehen pertsonan egindako kontaketen bidez, eta herriko gazteek pertsona horiei egindako elkarrizketen bidez, Villabonan gerraostea nola bizi izan zen, eta “irabazleen eta galtzaileen” arteko bizikidetza nola berreraiki zen kontatzen da lan honetan.
Gure lanak, lehendabizi, hain gertakari larriak jasan zituzten, eta horietako askok euren bizitzarekin, kartzelarekin edo erbesteratzearekin ordaindu zituzten, eta ametsak sustraietatik ebakita ikusi zituzten pertsona guztiak omentzeko balio dezan nahi dugu. Justizia, aitorpena eta gutxieneko ordainarekin lotutako betebeharra dela uste dugu.
Halaber, gaur egungo belaunaldiei gogoratzeko ere balio dezan nahi dugu, euren gurasoek eta aitona-amonek bizi izan zutena ezagutu dezaten, eta haiek eman diguten leziotik eta eredutik ikas dezaten, bizitzari modu positiboan aurre egiten jakinez, inposaketak, irainak eta bidegabekeriak jasan arren. Eta horregatik, hain zuzen ere, irabazle nagusiak eurak izan ziren.
Talde osoaren izenean, Bertha Gaztelumendi (zuzendaria)