Karikaturagileak: jo puntuan

Charlie Hebdo astekari satiriko frantsesaren aurka egindako atentatuaz geroztik karikaturagileen paperak garrantzi berezia hartu du. 2015eko urtarrilaren 7an egindako erasoan, armak zeramatzaten hiru gizon aldizkariaren egoitzan sartu ziren eta bertan zeuden pertsonak tirokatu zituzten. Erasoan 12 lagun hil eta 11 zauritu zituzten, horietako 4 larri.

Eraildako gehienak erredakzioko kideak ziren. Horien artean zeuden Charb izenez ezagunagoa zen Stéphane Charbonnier, aldizkariaren zuzendaria eta marrazkigilea, eta Georges Wolinski, Jean Cabut (Cabu), Philippe Honoré eta Bernard Verlhac (Tignous) binetagileak.

Al-Qaeda erakunde terroristak hartu zuen bere gain erasoa, erlijio musulmanaren sortzaile izan zen Mahoma profetaren karikaturak argitaratu izanaren “mendeku” edo erantzun gisa.

Jada 2011. urtean, arrazoi berbera aitzakia hartuta, astekariak talde erradikal islamisten mehatxuak jaso zituen eta lehergailu su-eragile baten erasoa jasan zuen. Kasu hartan ez zen biktimarik egon.

Profetari egindako erreferentzien ondoriozko erasoak eta mehatxuak ez dira Frantzian bakarrik gertatu. Lars Vilks suediarra –prezioa jarri diote haren buruari– edo Kurt Westergaard danimarkarra bezalako marrazkigileek ere mehatxuak jaso dituzte eta segurtasun-neurri handien pean bizi dira.

“Mahomaren karikaturak” bezala ezagutzen den kasuak eragindako polemika Jyllands Posten egunkari danimarkarrak 2005ean Westergaarden hainbat marrazki argitaratu zituenean hasi zen. Nazioarte-mailako polemika piztu zuten marrazki horietako batean Mahomak lehergailu bat zeraman bere turbantean.

Gertakari horiek, eta bereziki Charlie Hebdoren marrazkigileen aurkako erasoek, mundu osoan eztabaida piztu dute adierazpen-askatasunaren, askatasun erlijiosoaren, eta sinesmenen eta erlijioen errespetuaren arteko adostasunaren inguruan.

Alde batetik, muga jakin batzuk errespetatu behar direla defendatzen dutenak daude, eta bestetik, gai taburik ez dela egon behar eta edozein gai askatasun osoz aztertu behar dela diotenak daude. Hauek burlazko binetak edo bineta zakarrak argitaratzearen aldekoak dira, demokrazia baten heldutasun-egoeraren eta liberalismoaren adierazgarri direla uste dutelako.

Erlijioen irudikapenen inguruan eztabaidak sortu arren, erlijio-gurtzari erreferentziak edo sinesmenak ez dira marrazkigileek presioak jaso izanaren arrazoi bakarrak. Izan ere, marrazkia eta umorea eta/edo satira erabiliz, ustelkeria politikoa, botere-borrokak eta krisia bezalako gaurkotasuneko hainbat gai salatzen, ironizatzen eta barregarri uzten dituzten tresna indartsu bihurtzen dira karikaturak, komikiak eta binetak, oro har. Lengoaia unibertsala, zuzena, “harira” doana erabiltzen dute; askotan hitzik erabili gabe.

Informazioaren profesionalek bezala, marrazkigileek erantzukizun handia hartzen dute, euren lanak hedabideetan eta gizartean duen oihartzunagatik. Horregatik, zentsura eta autozentsura, mehatxuak eta jazarpena jasaten dute, eta, batzuetan, heriotza ere. Asmamena eta sormena funtsezko arma bihurtzen dira zentsurak ezartzen dituen hesiak gainditzeko; izan ere, diktadura-erregimenetan batez ere, errebindikazio-marrazki batek edo marrazki kritiko batek ondorio larriak ekar diezazkioke marrazkigileari edo marrazkia zabaldu duenari.

Gobernuen kontrol-estrategiak esplizituak (egileen aurka) edo burutsuagoak (erantzukizuna enpresa argitaratzaileei pasatuz) izan daitezke. Hortaz, zenbait kasutan profesionalek edo editorialek euren buruei ezartzen dizkieten autozentsurak gertatzen dira. Gaurkotasunaren grafista moduan, kode deontologikoa ere garrantzitsua da, kazetaritzako lanbideetan bezala.

Testuinguru horretan, Cartooning for Peace nazioarteko elkarteak karikaturagileei babesa eta lege-laguntza eskaintzen die, eta marrazkigileen lanaren aitorpena eta adierazpen askatasuna sustatzen ditu.

Elkartea Plantu-k –Le Monde egunkari frantsesaren marrazkigile ezaguna– eta Kofi Annan-ek –garai hartan Nazio Batuen idazkari orokorra– sortu zuten 2006ko urrian. Mundu osoko 21 marrazkigileren lanak bildu zituzten, mundu osora zabaldu den elkarte bat eta erakusketa bat eratuz. Bertan bildutako marrazkigileen sarea gero eta zabalagoa da eta, gaur egun, 40 nazionalitate inguru biltzen dira bertan.

Film: Caricaturistes, fantassins de la démocratie

2025 © copyright
  • San Sebastián Donostia 2016
  • Donostiako Udala. Ayuntamiento de San Sebastián
  • donostiakultura.com. San Sebastián: ciudad de la cultura
  • AIETE: Bakearen eta Giza Eskubideen Etxea