II. Mundu Gerraz geroztik, 2013. urtearen amaiera aldera lehen aldiz gainditu zen etxetik alde egin behar izan zuten pertsonen kopurua. Jazarpenaren, gatazken, indarkeriaren, eta giza eskubideen bortxaketa orokor eta sistematikoen ondorioz, 51,2 milioi pertsona euren etxeetatik kanpo bizi dira, Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Komisarioak bildutako datuen arabera. Milioi pertsona horiek herrialde bat osatuko balute, munduko 26. handiena izango litzateke.
Jaioterritik mugiarazitako edo errefuxiatu gisa bizi diren pertsona guztietatik, erdiak ez ditu 18 urte eta % 49 emakumeak dira.
Euren etxeetatik ihes egitera, sustraiak moztera eta gehien maite dituztenei agur esatera egunero behartzen dituztenen artean, siriarren eta palestinarren egoera bereziki kezkagarria da.
Palestinarren erbesteratzea zenbatekoa den neurtzea oso zaila da. UNRWA (1) erakundearen datuen arabera, 5 milioi errefuxiatu baino gehiago daude eta, gehienak, Gazako zerrendan, Zisjordanian, Sirian, Libanon eta Jordanian bizi dira. Errefuxiatu palestinarren berrogeita hemeretzi esparru ofizial daude (Zisjordanian, Gazan, Jordanian, Libanon eta Sirian).
Bestalde, herrialde baten barruan bizitokiz aldatu behar izan duten pertsona gehien dituzten herrialdeen buruan jarri da Siria, 6,5 milioi pertsona ingururekin, urte askotan zerrenda honen buru egon den Kolonbiaren gainetik.
Siriako gerra zibilaren ondorioz, komunitate palestinar errefuxiatuaren egoerak ere asko egin du okerrera. Horren adibide da Yarmouk-eko –Damasko– errefuxiatuen eremuan bizitako egoera. Sirian komunitate palestinarraren bizitza politikoaren eta komertzialaren gune nagusia zen eta, orain, ia erabat suntsituta dago. Bertan bizi ziren 150.000 lagunetatik 18.000 baino ez daude orain, bertan bizitzen jarraitzea lortu dutelako edo bertatik atera ezin izan dutelako. Bashar el Asad-en erregimenaren indar armatuen eta oposizioaren erasoek, giza blokeoak eta Yarmouken jasandako zigor kolektiboak ehunka palestinar erail dituzte, beste asko gosez hil dira eta beste batzuek eremutik ihes egin behar izan dute (1).
Errefuxiatuek babesa euren herrialdeetatik kanpo bilatzen dute; herrialde barruan mugitzera behartuta daudenak, berriz, beste estatu batera joan gabe herrialdean bertan arriskutik kanpo egoten saiatzen dira. Jatorrizko herrialdea utzi nahi ez duten edo ezin duten pertsonen lehen aukera herrialdeko beste leku batera joatea da babes bila, baina arriskuak hor jarraitzen duenean, pertsonek erbestera joan behar dute eta mugak gurutzatzen dituzte.
Mugak gurutzatzea oso arriskutsua da ihes egiten dutenentzat. Izan ere, bizitza berriro arriskuan jartzen dute, batez ere Europara edo Ameriketako Estatu Batuetara joaten saiatzen direnek.
Azken urteetan Europan eta Espainiako estatuan mugak kanpoaldean (2) jartzen ari dira, segurtasun-politikak eta, giza eskubideen errespetuaren gainetik, migrazio-fluxuak kontrolatzeko obsesioa lehenesten dituzten armadaren eta poliziaren bitartez. Migrazio-politika horiek etengabe eta gero eta gehiago gogortzeko joerak ihesa beste indarkeria-modu bat bihurtu du, errefuxiatuen eta etorkinen giza eskubideak asko kaltetuz. Gainera, izenpetutako nazioarteko hitzarmenak eta itunak ez betetzea dakar, hala nola, 1948ko Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala. Adierazpen horren 13. eta 14. artikuluen arabera, pertsona orok libre zirkulatzeko eskubidea dauka eta, jazarpen-kasuan, asiloa eskatzeko eta asilo horretaz edozein herrialdetan gozatzeko eskubidea dauka.
Gabriele Del Grande kazetari italiarraren kalkuluen arabera, 1988tik 2013ren amaierara arte 19.507 lagun hil dira Europan sartzeko ahaleginean.
Europara iristea zaila da. Hala eta guztiz ere, Alemania, Frantzia eta Italia bezalako herrialdeek Espainiak baino askoz ere errefuxiatu gehiago hartzen dituzte. Errefuxiatuek asiloaren nazioarteko babesa lortzeko eskubidea gauzatu ahalko dute, baldin eta herrialde seguru batera heltzea lortu badute eta herrialde honek errefuxiatu gisa onartzen baditu.
2012an 2.500 lagunek eskatu zuten asiloa Espainian (asilo-legeria indarrean dagoenetik ia kopuru txikiena izan zen); 2013an 4.500 lagunek eta 2014an, behin betiko estatistika amaitzear dagoen arren, 6.000 lagun inguruk. Hainbat urtez beherako joera eduki ondoren, eskaerek gora egin dute egoera berezi batzuk gertatu direlako, hala nola, Siriako gerra odoltsua, Maliren egoera eta Ukrainako gatazka armatua. Azken bi urte hauetan Espainian asiloa eskatu duten gehienak herrialde horietatik datoz. Besteak beste, Aljeria, Palestina, Nigeria, Pakistan, Irak eta Somaliatik ere etorri dira. Gehienei eskaera ukatu egingo zaie eta ahultasun- eta irregulartasun-egoeran geratuko dira.
Euskadira heltzen diren errefuxiatuen eta migratzaileen konpromisoarekin eta hemen bertan bizi diren pertsonen laguntzarekin, Errefuxiatuei Laguntzeko Espainiako Batzordeko Euskadiko ordezkaritzan, gainerako eskubide guztiak bortxatu ondoren geratzen den eskubide bakarra babesten jarraituko dugu: mugak gurutzatzeko eta bizitza berriro hasteko eskubidea.
OHARRAK
1. UNRWA (ingelesezko siglak) Ekialde Hurbilean Palestinako Errefuxiatuentzako Nazio Batuen Agentzia da, errefuxiatu-talde zehatz batekin konprometitua dago, eta Palestinako errefuxiatuen lau belaunaldiren ongizatea eta giza garapena sustatzen du.
2. Mugak kanpoaldean jartzearen fenomenoaren ezaugarri nagusia elkarren artean osagarriak diren politiken arkitektura da. Honen helburu da Europaren kanpoaldeko mugen kudeaketa Hegoalderantz eramatea, errefuxiatuak eta migratzaileak Europan ez sartzeko.
Informazio gehiago: www.cear.euskadi.org
CEA(R)
Errefuxiatuei Laguntzeko Espainiako Batzordea Euskadin
Film: Io sto con la sposa