Giza Eskubideen XIII. Zinemaldian parte hartuko duten filmen aurrerapena

We Come As Friends

Ostirala, 2015(e)ko martxoa(r)en 27-(e)an

Jarraian, apirilaren 17tik 24ra egingo den XIII. Giza Eskubideen Zinemaldian proiektatuko diren film luze batzuei buruzko informazioa.

ETXERIK GABEKO IMMIGRAZIOA

L'ABRI (2014). Fernand Melgar. Suitza

Etxerik ez duten pertsonentzako Lausanne-ko larrialdi-aterpetxe batean negua da. Ezkutatuta dagoen bunker honen sarreran, gauero, erritu lazgarri bera gertatzen da, zenbaitetan borroka bortitzak eragiten dituena. Begiraleek "pobreak aukeratzeko" lan zaila dute: emakumeak eta haurrak lehendabizi, gizonak ondoren, lekurik baldin badago. Aterpetxea 100 lagunentzat bada ere, 50 besterik ez dira sartzen. Bertan, janari beroa eta ohea ematen diete. Besteek badakite gaua luzea izango dela.

EMAKUME SAHARARRAK: EUREN LEKUA BERRESKURATZEN

CORÍA Y EL MAR (2014). Diana Nava. Euskal Herria

Hau emakume borrokalari, saiatu, sentikor, nostalgiko, itxaropentsu, ausart eta parte-hartzaile batzuen istorioa da. Emakume hauek gai izan ziren ezerezean, paisaia babesgabeenean, bizitza eraikitzeko. Emakume sahararrak dira. Duela 38 urte, erbesteratu zituztenean, gizonak gerrara joan ziren eta emakumeek "hiri iragankorrak" altxatu zituzten: errefuxiatuen kanpamenduak. Euren familiak, bertako administrazioa eta etxeak antolatu zituzten, eta egunerokotasun berri bat asmatu zuten itxaronaldia eta nola amaituko den ez dakigun borroka baketsu bat ahalik eta modu atseginenean burutzeko.

ARMENIAR GENOZIDIOA. MENDEURRENA. 1915-2015

THE CUT (2014). Fatih Akin. Alemania-Frantzia-Polonia-Turkia-Kanada-Rusia-Italia

Mardin, Turkia, 1915. urtea. Poliziak hiriko gizon armeniar guztiak atxilotu ditu. Horien artean familiatik bereizten duten Nazaret Manoogian errementari gaztea dago. Genozidioaren izugarrikerietatik bizirik atera eta urte batzuetara, ezustean jakiten du bere bi alabak bizirik daudela. Haiek aurkitu nahi ditu eta haien bila hasten da. Bidean oso jende diferentea ezagutzen du, bihotz oneko pertsonak, oso atseginak, baina baita oso maltzurrak ere.

GIZA ESKUBIDEAK URRATZEN DITUZTEN OHITURAK

DIFRET (2014). Zeresenay Berhane Mehari. Etiopia-AEB

Addis Abeba-n, letradu baten laguntza behar duten emakume eta haur txiroei laguntza emateko sare bat sortu du Meaza Ashenafi abokatuak. Poliziaren eta Gobernuaren etengabeko jazarpenari aurre egin behar dio. Hala ere, Hirut 14 urteko neskatxa defendatzera ausartzen da. Eskolatik bueltan bahitu eta bortxatu zuten neska honek, ihes egin aurretik, bahitzaileetako bat hiltzea lortu zuen. Bere buruaren defentsan jardun arren, Hirutek heriotza-zigorra jaso dezake, Etiopia landatarrean telefa edo bahiketa bidezko ezkontzak oraindik onartuta daudelako.

AHALDUNTZEA ETA SEXUAREN MERKATARITZA

DREAMCATCHER (2015). Kim Longinotto. Erresuma Batua

Brenda Myers-Powell 25 urtez "Breezy" izenez ezaguna zen eta bere mundua kontrolatzen zuen; hori da, behintzat, berak uste zuena. Mundu horrek prostituta nerabe drogazale bihurtu zuen. Bezero baten erasoa jasan ondoren, ospitale batean esnatu zen eta bizimoduz aldatzea erabaki zuen. Gaur egun, emakume askorentzako itxaropen-iturri eta oinarri da. Emakume horiek, asko oso gazteak, indarkeria, gehiegikeria eta esplotazioaren espiraletik ihes egin nahi dute. Izan ere, bizimodu horren ondorioz, urtero, milaka emakumek prostituzioan ikusten dute bizirauteko aukera bakarra. Dokumentalak Brenda karismaduna bere egunerokotasunean jarraitzen du, emakume horien alde burutzen ari den borrokan eta lanean. Brenda emakume horien eredu bihurtu da.

GASAREN INGURUKO BORROKA

DRILL BABY DRILL (2013). Lech Kowalski. Frantzia

Egun batean, Ukrainiako mugatik hurbil dagoen Polonia ekialdeko herri txiki bateko biztanleek jakiten dute Chevron-ek –munduko laugarren energia-konpainia garrantzitsuena– bertan putzu bat eraiki nahi duela arbel-gasa erauzteko. Hasieran ez diote kasu handirik egiten, baina pixka bat ikertu ondoren jakiten dute putzua euren abeletxeetatik hurbil edukitzea arriskutsua izan daitekeela eta mobilitatzen hasten dira. Politikariengana eta gobernu-erakundeetara jotzen dute, baina ez dute erantzunik jasotzen. Chevronen makinak bertara iritsi direla ikusten dutenean, baserritarren matxinada hasten da. Jatorri poloniarreko Lech Kowalski dokumentalista estatubatuarra bertan dago eta han gertatutakoa dokumental honetan kontatzen du.

GERRA ZIBILAREN ONDOREN BIZIKIDETZA BERRERAIKITZEA

NEGAR FRANKO EGINGO ZUEN AITAK (2014). Bertha Gaztelumendi. Euskal Herria

Dokumentalak Gipuzkoako herri txiki bateko (Amasa-Villabona) gerraostea jasotzen du eta bertan "irabazle" eta "galtzaile" gertatu zirenek euren arteko harremanak nola berreraiki zituzten. Narrazioa gertakizun haiek bizi izan zituztenek lehen pertsonan egindako kontakizunen bitartez eta herriko gazteek haiei egindako elkarrizketekin egituratu da. Filmaren xedea oroimena transmititzea eta gertatutakoekin ikastea da.

HEZKUNTZA ETA ELKARLANEKO IKASKUNTZA

LES HÉRITIERS (2014). Marie-Castille Mention-Schaar. Frantzia

Anne Gueguen bere ikasleen arazoez arduratzen den institutuko historia-irakaslea da. Aurten, urtero bezala, Annek gela zaila dauka. Haien materialismoak eta gogo-ezak zapuztuta, ikastetxeen arteko nazio-mailako lehiaketa batean parte hartzeko erronka botatzen die. Bertan, nazien kontzentrazio-esparru batean haur edo nerabe izateak esan nahi zuenari buruzko lan bat egin behar dute. Annek bere energia eta sormen guztia erabiliko du ikasleen arreta erakartzeko eta haiek motibatzeko. Muga-eguna iristen ari den neurrian, gazteak besteengana irekitzen eta euren buruan sinesten hasten dira. Proiektu honek ikasle horien bizitzak aldatuko ditu.

NEOKOLONIALISMOA LANKIDETZAZ MOZORROTUA

WE COME AS FRIENDS (2014). Hubert Sauper. Frantzia-Austria

Odisea modernoa, ia zientzia-fikzioko bidaia Afrikaren bihotzera. Sudan, kontinenteko herrialde handiena, bitan banatzen den unean, antzinako patologia "zibilizatzaile" bat azaleratzen da berriro ere, kolonialismoaren eta inperioen talkaren patologia. Aldi berean, lurren eta baliabide naturalen kontura gerra berriak eta odoltsuak (eta sakratuak) hasten dira. Darwin's Nightmare (2004) dokumental beldurgarriaren zuzendariak bidaia hau berak eraikitako hegazkin batetik gidatzen du. Ikuslea ustekabeko toki batzuetara eramaten du eta bertan aurkitutako askotariko pertsonaien pentsamenduak eta ametsak kontatzen dizkio. Petrolioaren arloko langile txinatarrak, NBEaren bakegileak, Sudango gerrako nagusiak, Texaseko ebanjelistak... ironiaz nahasten dira dokumental harrigarri eta liluragarri honetan.

Informazio gehiago: www.zinemaetagizaeskubideak.com

2024 © copyright
  • San Sebastián Donostia 2016
  • Donostiako Udala. Ayuntamiento de San Sebastián
  • donostiakultura.com. San Sebastián: ciudad de la cultura
  • AIETE: Bakearen eta Giza Eskubideen Etxea