Lourdes Portillok jasoko du Giza Eskubideen Zinemaldiaren Saria

Lourdes Portillo

Astelehena, 2015(e)ko apirila(r)en 20-(e)an

Lourdes Portillo mexikar zinegileak jasoko du Donostiako Giza Eskubideen XIII. Zinemaldiak (apirilak 17-24) urtero ematen duen saria. Sari-ematea gaur izango da, apirilak 20, Victoria Eugenia Antzokian, 19:00etan. Sahatsa Jauregi artistak diseinatu du garaikurra.

Lourdes Portillo

Mexikon jaio eta Ameriketako Estatu Batuetan hazitako Lourdes Portillok nortasun eta kultura latinoak ikertzen eta aztertzen eman du zinemagile gisa egin duen ibilbidearen zati handi bat. Portillok harro aldarrikatu du beti bere chicana izaera. Oso gazte hasi zen dokumentalgintzan eta, San Frantziskon ikasketak amaitu ondoren, 1979an bere lehen filma zuzendu zuen: Después del terremoto. Bertan, nikaraguar etorkin gazte batek Kalifornian duen bizitza kontatzen du. 1986an Oscar sarietarako izendapena eta nazioarteko 25 sari eskuratu zituen, Susana Muñozekin batera, Argentinan hiru urtez filmatu zuen Las Madres de la Plaza de Mayo lanarekin. Ordutik, besteak beste, lanok zuzendu ditu: La ofrenda: The Days of the Dead (1988), komunitate chicano eta mexikarretan Hildakoen Egunaren inguruan egiten diren ospakizunei buruzkoa; EI diablo nunca duerme (1994), non jaioterrira itzultzen den osabaren heriotza ikertzeko; Corpus: A Home Movie for Selena (1999), Texasko kantari ezagunari buruzkoa; Señorita extraviada (2001), Mexikoko Ciudad Juarez hirian eraildako ehunka emakumeen ingurukoa; edo Al más allá (2008), maien lurraldeko kostaldean droga-trafikoari buruz egindako dokumental esperimentala. Sari eta aitorpen ugari jaso dituen pasioz eta konpromisoz betetako ibilbide luzea.

Sahatsa Jauregi

Sahatsa Jauregi Azkaratek (Salvador de Bahía, 1984) arte esparruan dihardu, 2007an, Arte Ederretako Fakultatean (EHU-UPV) lizentziatu zenetik. Areto ezberdinetan erakutsi izan du bere lana, Gasteizko Montehermoso eta Donostiako Koldo Mitxelenan besteak beste. 2013an, Gipuzkoako Artista Berrien Programan lehenengo saria jaso zuen Good.Ondasuna proiektuarekin. Paraleloki, bere Tesia ari da idazten, arte jardunean jasotako ezagutza eta teoria uztartzen dituen proiektuan. 2012an, Berkeleyko Pacific Film Archieven egon zen egoile gisa eta hurrengo urtean, Tabloid proiektu editoriala kaleratu zuen, San Francisco hirian egindako egonaldian garatzen hasi zen proiektua. Black Is Beltza, Fermin Muguruzaren erakusketa proiektuaren diseinu eta koordinazio lanak egin zituen 2014ean, AlhondigaBilbao bisitatu ahal izan zena, eta egun, Leire San Martinekin batera, Superbia: Ulrike Ottingerren zortzi film zine zikloa koordinatzen du, Ulrike Ottinger zinemagilearen ingurukoa.

2024 © copyright
  • San Sebastián Donostia 2016
  • Donostiako Udala. Ayuntamiento de San Sebastián
  • donostiakultura.com. San Sebastián: ciudad de la cultura
  • AIETE: Bakearen eta Giza Eskubideen Etxea