Asteartea, 2016(e)ko martxoa(r)en 22-(e)an
Jarraian, apirilaren 15etik 22ra egingo den XIV. Giza Eskubideen Zinemaldian proiektatuko diren film luze batzuei buruzko informazioa.
Trantsizio justizia
EL CASO FRITZ BAUER (Der Staat Gegen Fritz Bauer, 2015). Lars Kraume. Alemania
1957an Hesse-ko estatuko Fritz Bauer fiskal nagusiak Adolf Eichmann kriminal nazia –judu asko kontzentrazio-eremuetara deportatu izanaren arduraduna– Argentinan ezkutatuta bizi dela erakusten duten frogak jasotzen ditu. Danimarkako atzerrialditik itzuli zenetik, Bauerrek urteak daramatza Hirugarren Reich-en egindako krimenak Alemaniako auzitegietara eramaten saiatuz, baina arrakasta handirik gabe, agintariak euren iragana lehenbailehen ahazten saiatzen direlako. Eichmann atxilotzeko Alemaniako sistema judizialean ia konfiantzarik ez duenez, Bauer Mossad-ekin jartzen da harremanetan. Hori traizio-ekintza da. Bauerrek ez du Holokaustoaren ondoriozko mendekua bilatzen; bere ustez, ordea, iraganeko krimenak epaitzea garrantzitsua da herrialdearen etorkizunerako.
Babes bila
THE CROSSING (2015). George Kurian. Norvegia-India
The Crossing lanean gaur egun egin daitekeen bidaia arriskutsuenetako bat kontatzen da. Siriar talde batek beren herrialdeko gerratik eta jazarpenetik ihes egiten du itsaso bat, bi kontinente eta bost herrialde gurutzatuz, etxe baten bila eta itxaropena berreskuratzeko asmoz. Guztia udako gau batean hasten da, hondartza batean janari eta ur pixka batekin ontzi txiki batzuetara igotzen direnean. Ontzi txiki horietan itsas zabalean inoiz nabigatu gabe dauden pertsonen trafikatzaileek gidatutako arrantza-ontzi batera eramaten dituzte. Bertan egunak eta egunak igarotzen dituzte nabigatzen Europara heldu arte. Orduan jabetuko dira euren bidaiaren zati gogorrena oraindik heltzear dagoela.
Energia pobrezia
GENTE DEI BAGNI (2015). Stefania Bona, Francesca Scalisi. Italia
Adreilu gorriko eraikin bat altxatzen da fatxadan neonezko kartel handi bat duela: Bagni (Bainuak). Hauek dira Turin hiriko azken komun publikoak, gizakiaren intimitate-une nagusietako batean –higiene pertsonala– kontatutako istorioen eta pertsonen mikrokosmosa: Premia berberak dituzten gizarte maila diferenteko jendeen topalekua da. Gatazkagune bat da, non pobrezia, kasu batzuetan, indarkeriaren eta haserrearen bidez adierazten den. Baina, era berean, gizarteratzeko leku bat da, pobrezia dagoen lekuan partekatzeko borondatea eta altruismoa ere agertzen direlako.
Gerra endemikoak
A HAUNTING HISTORY (2015). Ilse van Velzen, Femke van Velzen. Herbehereak
Anuol Deng-ek 30 urte ditu. Erresuma Batuan ikasketak egin ondoren, duela gutxi independentzia lortu duen bere jaioterrira –Hegoaldeko Sudan– itzultzen den abokatu gazte bat da. Bere herrialdea aurrera ateratzeko lan egin nahi du. Baina etxera itzultzea berak uste baino askoz ere gogorragoa da. Yuba-n bizi eta lan egitea ez zaio erraza gertatuko. Beste gerra zibil bat hasten denean, aspaldi ihes egin behar izan zuen mehatxu berberetatik berriro ere ihes egin behar duela ikusten du. Historia errepikatu egiten da. Bere herriaren iragan bortitzarekin egiten du topo berriro. Egoera horri aurre egin beharko dio bertako herritarrei laguntzeko duen ametsa gauzatu ahal izateko.
Kultura sahararra
LEYUAD, UN VIAJE AL POZO DE LOS VERSOS (2015). Gonzalo Moure, Brahim Chagaf, Inés G. Aparicio. Saharako Arabiar Errepublika Demokratikoa
Madrilen bizi den Limam Boisha poeta sahararrak "Saharan lehor" geratu dela aitortzen du eta Mendebaldeko Saharara bidaiatzen du bere bertsoetarako inspirazioa berreskuratzeko. Bertan, Hamida Abdulláh-k Belga Mohamed Salem filosofoarekin eta Bonnana Busseid poeta eta jakintsuarekin batera Leyuad-era –Tiriseko bihotzean– egindako bidaia kontatzen dio. Leyuad, Liburuko gizonen antzinako lurra da, herri sahararraren nortasunaren sorburua. Bidea Badi Mohamed Salem-ek erakutsi zien, bizirik dauden poeta sahararren artean handienak. Bidaia gogor eta luzea, inspirazioa, poesiaren putzua, bilatzen zuen hura bezalako plan bati esker, basamortu krudelaren barrena egindakoa ez zen bidaia astuna izango, poetikoa eta emozioz betea baizik. Leyuaden Sidi Brahim poeta zain dute bere jaiman. Berak toki berezi baten mirariak erakutsiko dizkie, eta "izendatu ezin diren" basamortuko jenioen mitoetan eta sekretuetan sakonduko du.
Pobreziaren zirkulua
MALLORY (2015). Helena Třeštíková. Txekiar Errepublika
Marcela (2007), René (2008) eta Katka (2010) –hainbat urtez jarraitu dituen emakumeen erretratuak– dokumentalen trilogiaren ondoren, Helena Třeštíková zinemagile txekiarra, kasu honetan, Mallory-rengana eta azken hamahiru urteetako bere historiara hurbiltzen da. Denbora horretan, zailtasunez betetako bizitza gogor baten ondoren aurrera ateratzen saiatzen da. Bere bizitza erabat aldatuko duen unea bere semearen jaiotza da. Une horretan drogak laga eta kalea –urte askotan bere etxea izan dena– uztea erabakitzen du. Mallory bere iragana ahazten ahalegintzen da eta, aldi berean, gizartean baztertuta bizi den jendeari laguntzen saiatzen da.
Feminizidioa narkotrafikoaren korridorean
LA PRENDA (2015). Jean-Cosme Delaloye. Suitza
Karin Gramajo-ren bizitza erabat aldatu zen Kelly, haren lehengusina nerabea, bahitu, torturatu eta hil zuten egunean. Ikasi eta abokatu bihurtzea erabaki zuen Guatemalan indarkeriaren aurka borrokatzeko. 14 urte zituenean Astrid bahitu eta bortxatu egin zuten. Familiak erreskatea ordaindu ondoren, askatu egin zuten eta gurasoekin Los Angelesera joan zen bizitzera. Guatemalan krimenaren inpunitatearekin amaitzeko borrokatzen duten bi emakumeri buruzko dokumentala. Herrialde horretan egunero adingabeko bat bahitzen dute. Kasuen % 98a zigorrik gabe geratzen da.
TITITÁ (2015). Tamás Almási. Hungaria
Anti-k 18 urte ditu. Hungariako herri urrun batean bizi den eta gitarrarako zaletasun handia duen gazte ijitoa da. Egun batean Ferenc Snétberger-ek sortutako musikako gazte talentuentzako zentroan hainbat astez campus batean parte hartzeko aukeratua izan dela jakinarazten diote. Beste hirurogei gazterekin batera, ilusio handiz joaten da bertara. Hala ere, hara iritsi eta gero, beste gazteen atzetik dagoela konturatzen da: ez daki musika irakurtzen, ez du musika irakasteko senitartekorik eta ez dago modu erregularrean jotzera ohituta. Antirentzako bere biziko aukera da, baina, erronkari aurre egiteko eta bere bizitzaren ildoa aldatzeko gai izango al da?
Informazio gehiago: www.zinemaetagizaeskubideak.com