Asteazkena, 2016(e)ko apirila(r)en 13-(e)an
Aiete Kultur Etxean giza eskubideen urraketak erakusteko eta salatzeko mundu osoko emakumeek jositako ehunezko piezen (arpillerak) bilduma ikus daiteke.
Giza Eskubideen XIV. Zinemaldiarekin batera prestatutako jardueren artean, Aiete Kultur Etxean Bakea josiz. Gatazka, Arpillerak, Memoria erakusketa zabalik egongo da apirilaren 14tik ekainaren 12ra.
Erakusketan 32 arpillera –ehunezko pieza tridimentsionalak– ikus daitezke. Halako piezak Txilen egiten hasi ziren. Bertan, Pinocheten Estatu-kolpearen ondoren, senitartekoak galdu zituzten emakume-taldeek teknika honetan aurkitu zuten emozionalki eta ekonomikoki bizirik irauteko eta, aldi berean, giza eskubideen urraketa salatzeko modu bat. Horretarako, haria, orratzak eta oihal zatiak bezalako etxean zuten materiala erabili zuten, euren bizipenak iztupa-ehun baten gainean josteko. Arpillera horietako asko desagertutako pertsonen arropen oihalekin egiten ziren, haiek omentzeko eta euren memoria bizirik edukitzen saiatzeko.
Beranduago, salatzeko eta aldarrikatzeko modu hau mundu osoko beste herrialde batzuetara zabaldu zen. Sentimenduak eta sufrimenduak adierazteko, pertsona askoren esku zegoen modu grafikoa eta eskuragarria zen. Beraz, justizia eskatzen duten, eta puntaden bidez eskubideen urraketak, behartutako desagertzeak, espetxeratzeak edo gatazka-testuingurutan eguneroko bizitza kontatzen duten "jositako ahotsak" dira arpillerak.
Donostian erakusten diren piezen artean Txile, Ipar Irlanda, Espainia, Ingalaterra, Argentina, Kolonbia, Peru eta Zimbabwe bezalako herrialdetan egindako obrak ikus daitezke.
Egia eta Adiskidetze Batzordearen ondorengo Txileko Erreparazioko eta Adiskidetzeko Korporazio Nazionaleko kide den Roberta Bacic erakusketaren komisario txiletarra mundu osoan barrena ibili da artelan hauen bilduma berezia osatzeko. Bacicek bisitaldi gidatuak eskainiko ditu apirilaren 13an eta 14an Donostiara hurbiltzean. Gainera, euren esperientziak "josiko dituzten" migratzaileekin Arpillerak egiteko tailerra burutuko du.
Erakusketa koloretsu hau Donostiako Udaleko Giza Eskubideen Sailaren, Gernikako Bakearen Museoaren eta La Encartada Fabrika-Museoaren arteko lankidetzaren emaitza da. Gainera, Donostia 2016 Itsasoratze aktibista proiektuaren barruan burutzen ari den jardueren barne dago. Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa dauka.