Energia pobrezia

Gipuzkoako Foru Aldundiarentzako Eguia-Careaga Fundazioak egindako azterketa baten arabera, lurralde honetan 35.000 etxe (70.430 pertsona) baino gehiago energia-pobrezia jasaten ari direla kalkulatu da. Europan egoera honetan 125 milioi lagun daudela kalkulatu da.

Duela urte gutxi arte ia ezezaguna zen energia-pobreziaren kontzeptuak hainbat faktoreri egiten die erreferentzia: etxea, hilabete hotzetan, gutxienez 18 graduko konfort-tenperaturan mantentzeko ezintasuna; energia-fakturak (argia, ur beroa, hozkailua, sukaldea, etxetresna elektrikoak, etab.) ordaindu ezin izana edo etxeko diru-sarreren %10 baino gehiago haiek ordaintzeko erabiltzea.

Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Nazioarteko Itunaren arabera, estatuek energia eskuratzeko eskubidea bermatu behar dutela aitortzen den bitartean, enpresa hornitzaileentzako energia beste produktu bat gehiago da, eta merkatuaren legeen mendean jarri eta eskaeraren arabera prezioa garestitu daitekeela pentsatzen dute.

Krisiak gogor jo duen urte hauetan etxe txiroenetan diru-sarrerak murriztu egin dira, baina energia-tarifek etengabe gora egin dute. Pertsona askok energia-kontsumoa murriztu behar izan dute eta, zenbaitetan, argirik eta urik gabe geratu dira hauen hornidura moztu egin dietelako. Dokumental honetan ikus daitekeen moduan, hornidura moztu dietenez bainu publikotara edo kiroldegitara joan behar izan dute norberaren higienea bezalako intimo eta funtsezko eginkizuna burutzeko. Higienerik gabe pertsona horien zaurgarritasuna eta bazterketa areagotu egiten da.

2019 © copyright
  • Elkarrizketak Donostia / Conversaciones San Sebastián DSS2016.eu
  • Donostiako Udala. Ayuntamiento de San Sebastián
  • donostiakultura.com. San Sebastián: ciudad de la cultura
  • AIETE: Bakearen eta Giza Eskubideen Etxea