Facebook, atsegin dut?

Askok galdetzen dute nolatan Facebook sare soziala bezalako hain zerbitzu osatuak eta eguneratuak ez dien kosturik eragiten bere erabiltzaileei. Erregistratzean pertsona bakoitzak bere izena eta abizenak, eta bere senitartekoenak eta lagun hurbilenenak idazten ditu; bere egoera sentimentala zein den, zer gustatzen zaion eta abar ere adierazten du. Jakin gabe, kasu gehienetan alta ematean, erabiltzaileek Facebooki bertan argitaratutako informazio eta irudi guztien jabetza esklusiboa eta betierekoa ematen diote. Eta, gainera, intimitaterako eta pribatutasunerako eskubideari uko egiten diote.

Facebook laborategi soziologiko bat da, eta portzentaje-laginen gainean lan egin beharrean, izena eman duten 1.500 milioi pertsonen datuak prozesatzen ditu. Guztiaren atzean, patroi logikoetan oinarrituz, pertsonen jokabidea aurreikusten saiatzen diren giza talde bat eta matematikako algoritmo oso konplexuak daude.

Big data honetarako sarbideak, baina, batez ere hura prozesatzeko eta harekin tratuan aritzeko gaitasunak, Facebooki estatu subirano askok baino botere handiagoa ematen diote eta oraingoz agortezina den diru-sarrera iturria –3.690 milioi dolar 2015ean– da. Beraz, jarduteko modu hau zenbateraino den legezkoa edo legitimoa galdetu beharko litzateke.

Pertsonek informazioa eurek nahi dutelako lagatzen dutela egia den arren, oro har, xalotasun edo inozentzia handiz egiten dute. Gehienek ez dakite eurak ez direla sare sozialaren bezeroak, Facebookek bere benetako bezeroei –enpresak– hornitzen dien produktua baizik.

Facebookek pentsamendu-joerak sortzeko eta sustatzeko gaitasuna dauka, eta enpresek eta herrialdeek hartutako erabaki politikoetan eta estrategikoetan eragin dezake. Egiaz, hala egiten duenaren susmoa dago. Baina, oraingoz, bere diru-sarrera iturri nagusia publizitatea da. Norberaren gustuen, zaletasunen eta ohituren arabera aukeratutako herritarren profilei eta segmentuei zuzendutako publizitatea. Horrela, enpresek publizitatean egindako inbertsioa beren helburu den taldeari soilik zuzenduta dago eta askoz ere errentagarriagoa gertatzen zaie.

Beste konpainia teknologiko handi batzuek bezala, Facebooken nazioarteko egoitza Irlandan dago, bertako zerga-maila txikia eta erregulazio nahiko biguna aprobetxatuz. Dena den, araudi global eraginkorra eta behartzeko ahalmena duena garatzen da edo, Facebookek, edozein herrialdetan finkatuta ere, bertako erregulaziotik ihes egingo du, bere erritmoak eta jarduteko moduak edozein estatu-nazioren lurralde-mailako mugetatik eta baldintzetatik haratago doazelako. Beraz, nazioz gaindiko potentzia batez hitz egiten ari gara, eta bere lurraldea mundu osora zabaltzen den sare zibernetiko bat da.

Adibide gisa aipatu behar da datuak babesteko zuzentarau europarra 1995. urtekoa dela –garai hartan Internet ia ez zen erabiltzen– eta, herrialdeak zuzentarau hori eguneratzeko ados jartzen ez diren bitartean, Europar Batasunako Justizia Auzitegia da sarearen pribatutasuna defendatzeko –era mugatuan bada ere– urratsak ematen ari den Europako erakunde bakarra.

Azken finean, pertsona bakoitzaren erantzukizuna da zer informazio partekatzen duen eta beretzako bakarrik zer gordetzen duen erabakitzea. Gehiegizko nartzisismo-garaia –errealitatea sare sozialetan aditzera ematen ez badugu gatzgabea gertatzen zaigulako– ez ote garen bizitzen ari ere galdetu beharko genioke geure buruari.

2019 © copyright
  • Elkarrizketak Donostia / Conversaciones San Sebastián DSS2016.eu
  • Donostiako Udala. Ayuntamiento de San Sebastián
  • donostiakultura.com. San Sebastián: ciudad de la cultura
  • AIETE: Bakearen eta Giza Eskubideen Etxea