1947an kolonia britainiarretik independentzia lortu zuenetik, Pakistan errepublika subiranoa da. Asiaren hegoaldean dago, gune estrategiko batean, Txinarekin, Indiarekin, Iranekin eta Afganistanekin mugatuz. Indiarekin gatazka historikoa zabalik dauka. Eta Afganistanetik hurbil egoteak Estatu Batuak buru den “terrorismoaren aurkako gerra” deitutakoaren jomugan jarri dute.
Etnia diferenteak elkarrekin bizi diren herrialde zabala eta anitza da. 180 milioi biztanleetako gehienak musulmanak dira. Gizartea, oro har, kontserbadorea da, bere ohiturei eta bizimodu tradizionalei atxikia, eta mendebaldeko kolonialismoaren eta akulturazioaren aurka agertzen da.
Hezkuntzari dagokionean, erregistro fidagarri bat izan arte, Pakistanen gaur egun 12.000 eta 40.000 madrasa edo eskola koraniko inguru daudela kalkulatzen da. Bertan, baliabide txikiko haurrek heziketa jasotzeko aukera dute.
Madrasak ez dira Estatuarenak, hainbat elkarte erlijiosorenak baizik eta, eskualde jakinetan, estatuko eskolak baino gehiago daude. Bizilekua, elikagaiak eta hezkuntza doan eskaintzen dutenez, familia askorentzako hezkuntza jasotzeko aukera bakarra da. Kasu batzuetan, eskola hauen finantzaketa Saudi Arabia edo Erresuma Batua bezalako atzerriko potentzietatik datoz. Herrialde hauek eskola horiek Pakistango gazteriarengan eragiteko bide bezala ikusten dituzte.
Koranez gain, madrasatan filosofia, literatura, matematika eta abar ikasten da, eta gehienek erradikalismoarekin edo fundamentalismo islamiarrarekin zer ikusirik ez duen funtzio hezitzailea betetzen dute. Hala ere, pelikulan ikus daitekeen moduan, jihadismoa sustatzen duten eskola koranikoen kasuak eman dira, jihadismoa Ala-ren eta Islam politikoaren izenean indarkeria eta terrorismoa erabiltzea bezala ulertuta. 2001eko irailaren 11ko atentatuen ondorioz, Pakistanek nazioartearen presio handia jasan du madrasak erregistratzeko eta haiek hobeto kontrolatzeko.
Agian Meskita Gorriaren eta bere madrasa-sarearen kasua da Mendebaldean gehien ezagutzen denetako bat. Gobernu pakistandarrak 1961. urtean eraiki zuen, herrialdeko hiriburu Islamabadeko meskita nagusi gisa. Bertara, elite ekonomikoak eta politikoak sarri hurbiltzen ziren.
Urte batzuk beranduago, 1979an, Gerra Hotzean murgilduta, Sobietar Batasunak Afganistan inbaditu zuenean, Saudi Arabiak eta Estatu Batuek Pakistanekin bat egin zuten, sobietarrek aldameneko Afganistanen egindako inbasioaren aurka. Une hartan Maulana Abdullah Meskita Gorriaren klerigo nagusia zen eta bertako ikasleak sobietarren aurkako jihad-ekin bat egitera harengatzen zituen.
Gaur egun, Meskita Gorriaren mende dagoen madrasa-sarean 10.000 ikasle inguruk ikasten dute, eta klerigo nagusia Maulana Abdul Aziz da, Maulana Abdullah-ren semea. Afganistanen sobietarren inbasioari eusteko Saudi Arabiak eta Estatu Batuek egin zuten inbertsioa, urteek aurrera egin ahala, kontra jarri zaie. Eta Maulana Abdullah-k sobietarren aurkako borroka sustatzen zuen bezala, ISIS eta erregimen talibana esplizituki babestu dituen Abdul Aziz haren semeak Estatu Batuen eta Mendebaldearen aurkako borroka sustatzen du.
Gizarte pakistandarra indarkeriaren eta erradikalismoaren aurka dago, eta gehienek Islama elkartasuna, bakea, justizia eta berdintasuna bezalako balioak defendatzen dituen erlijioa bezala ulertzen dute. Baina Pakistanen ere Osama Bin Laden ezkutatu zen eta Estatu Batuek bertan harrapatu zuten. Gainera, eta paradoxikoa iruditu arren, azken urteetan terrorismo islamiarra bortitzen sufritu duen herrialdetako bat ere bada.
Kokapen geografikoak eta ideologikoak –Afganistandik datorren eragin talibanaren eta mendebaldeko kolonialismoa arbuiatzearen artean– Pakistan egoera zail batean ipintzen dute. Eta, beste hainbat gatazkatan bezala, herritar arruntak –eta kasu honetan bereziki haurrak– ari dira bi aldeetatik manipulazioa jasaten.